Aimar Etxeberria Korta
ALTERNATIBEN HERRIA

Badaude bizitza duin eta jasangarri bat garatzeko alternatibak, eta erakustera doaz

«Bizitza burujabea eskubide osoz» lelopean, Alternatiben Herria ekimena egingo da gaur Bilbon egun osoan zehar. Bizitza modu duin eta jasangarri batean garatzeko dauden alternatiben erakusleiho bilakatuko da Bizkaiko hiriburua, bide hori jorratzen ari diren praktika kolektiboak lehen planora ekarriz.

Bada gure bizimodua beste modu batera garatzeko aukerarik, bada sistema patriarkal kapitalistaren logikarekin hautsi eta erabateko burujabetzaren bidean urratsik ematerik. Hori erakustea da, behintzat, gaur, egun osoz, Bilboko kaleak hartuko dituen Alternatiben Herria ekimenaren xedea. Erakusleiho erraldoi izan nahi du, bestelako bizi ereduen bidean urratsak ematen ari diren praktika kolektiboen erakusleiho, hain zuzen.

Ekimenak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prozesuan du bere oinarria. Honek 2013an hasi zuen bere ibilbidea, aurreko urteetan Sindikatu eta Gizarte Eragileen Guneak garatutako erantzun dinamikarekin amaitu eta proposamenen faseari hasiera emanez. Hasiera hartatik gaur egun arte egindako bidearen testigu zuzena da –bere gorabehera guztiekin– Olatz Dañobeitia Joxemi Zumalabe Fundazioko kidea. Testuinguru aldakor bezala gogoratzen du ordukoa, zeinak eztabaida eta gogoeta berrien piztea ekarri zuen, «greba tresnarena, adibidez». Hala, erantzun dinamika batetik proposamenen fase batera emandako saltoa baino zerbait gehiago balitz bezala ikusten du Eskubide Sozialen Karta garatzeko hartutako konpromisoa: eskubideen birformulazio baten hasieratzat hartzen ditu prozesuaren lehenengo urratsak, indar metaketa berri batez harago, urrats kualitatibo baten hasieratzat du ordukoa.

Eskubide Sozialen Kartaren egikaritze prozesuan urtebeteko bidea egingo zuela adostu zuten, eta prozesua parte hartzailea izango zen. Zentzu horretan, gustura agertzen da Dañobeitia hasiera hartan adostutakoak izan zuen emaitzarekin: «Ehun eta piko [126 zehatz esateko] asanblada egin ziren denbora tarte horretan, herriz herri naiz sektoreka». Horretarako, azaldu du, elkarlanerako arau batzuk ezarri behar izan zituzten, «guztiok izan genezan eragin ahalmen bera. Zoru komun hori –jarraitu du– ahalik eta zabalena izateko apustua egin genuen». 145 izan ziren Kartaren garapen prozesuan parte hartu zuten eragileak.

Bi lan lerro nagusi

Aurrez aipatu bezala, lan handia egin behar izan zuten Kartaren egikaritze prozesuan parte hartuko zuten eragile eta norbanakoentzat joko arau minimo batzuk ezartzen. Horretarako, talde sustatzaile bat eratzea adostu zuten, zeinak prozesuaren garapen parte hartzailea bermatuko zuen. Talde hura eratzeko orduan ere hainbat izan ziren kontuan hartu zituzten elementuak: dinamikara atxikitako eragile sozial eta sindikalen aniztasuna, ordezkari izango ziren pertsonen adinak, hauen generoak, lurraldetasuna...

Bereziki kontent da Dañobeitia talde sustatzaileak Kartaren erredakzioaren harira hartu zuen erabakiarekin: «Erabaki zen Kartaren erredakzioa ez zela abiatuko beste erredakzio batetik; eskema bat proposatu zen abiapuntu gisa. Ez zen orri zuri bat, baina bai oso antzekoa zen zerbait». Aipatu herrietan egin ziren asanbladak ere logika beraren baitan egin ziren. Talde sustatzailearekin batera metodologiaz arduratuko zen talde bat ere eratu zuten, herri edo eragileek garatu behar zituzten eztabaidak sustatzen laguntzeaz arduratu zedin. Ondorioz, herri edo eragile bakoitzak bere eran garatu zuen eztabaida, betiere hasierako eskema haren gainean. «Horrek ekarri zuen ekarpenak oso ezberdinak izatea, bai forma eta baita edukiari zegokionez ere. Lan handia egin behar izan genuen guztia ordenatu eta homogeneizatzeko», adierazi du Dañobeitiak.

Eztabaida parte hartzailea izan bazen, ildo beretik garatu ziren erredakzioa eta honen berrespena ere. Arlokako taldeek abiatu zuten erredakzioa, hauek eurena adostu eta talde sustatzailearen esku geratzen zen testua, honek ere bere adostasuna ager ziezaion. «Batek esan zuen bezala, ‘ikusten naiz baina ez naiz ikusten’. Hau da, nik, pertsonalki, parte hartu dut testu horren erredakzioan, baina testua ez da nirea», azaldu du. Eta berrespenarekin ere antzeko zerbait egin asmo zuten, baina onartzen du Dañobeitiak badutela hurrengo baterako zer hobetua, asanblada nazionalak deitu baitzituzten horretarako: «Jakina da, ordea, eremu mugatua dela hura».

Eskubide Sozialen Kartak, bere horretan, bi elementu nagusi jasotzen ditu. Batetik, eskubide jakin batzuen inguruko aldarrikapen sorta bat biltzen du, indar bilketari begirakoa, eta, bestetik, eskubide horiek egunerokotasunean egikaritzeko esperientziak azaleratzearen beharra nabarmentzen du. Lehenengo lan lerroari dagokionez, bost alor nagusitan banatzen dira eskubide eskakizun guztiak: aurrekontu eta politika fiskal eta sozialean aldaketa; kalitatezko enplegua sortzeko politika; jendartearen parte hartzea bermatzea; bizitzaren jasangarritasuna eta ongizatea; eta demokrazia eta eskubide kulturalen defentsa eta horiekiko konpromisoa. Azaltzen du Dañobeitiak gaur arte indar gehiago egin dela aipatu eskubideen aldarriaren inguruan, eta bigarren plano batean geratu izan dela esperientziak azaleratzearen beharra. Orain, Alternatiben Herria ekimenaren bidez, bigarren lan lerroa aktibatuko dute.

Herriek auzoak dituztelako

Alternatiben Herria ekimenak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan du jatorria, baina badu ispilurik ere. Ekimen honekin jarraipena eman nahi zaio Bizi mugimenduak garatzen duen jardunari, eta, bide batez, mugimenduak aurtengo abenduan Parisen klima aldaketaren inguruko goi bilera egingo dela-eta antolatu duen Alternatiben Herriak egitasmoa indartu nahi du. Bada ezberdintasun bat, ordea, Bizi mugimenduak garatzen duen jardunarekiko: klimari lotutako zerbaitez harago hedatu nahi izan dute ekimena, eta, ondorioz, bizitzako eremu ezberdinetan egon daitezkeen alternatibak bildu dituzte.

Azaldu du Dañobeitiak gaur arteko bidean badela hutsune bat, eta hori da Kartaren garapena gehienbat Hego Euskal Herrian egin izana: «Bere garaian ahaleginak egin genituen arren ez genuen Ipar Euskal Herriko eragileak Kartaren garapen prozesura gehitzerik lortu. Baina horrek ez du esan nahi harremanik izan ez dugunik; harreman dinamika horren ondorio da Bizi mugimenduaren bidea jarraitzeko eginiko hautua».

Beraz, ideia buruan izanda, deialdi nazional bat egin zen iragan martxoan, eta bertan egin zen lehen aldiz Alternatiben Herria ekimena antolatzeko proposamena. «Esan zen Karta izango litzatekeela ekimenaren zoru komuna, eta ilusioz hartu zuten proposamena bertaratutako eragileetako kideek», dio Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak. Ordezkari bakoitzak bere eragilean berretsi behar izan zuen ekimenarekin aurrera egiteko hautua. Behin oniritziak jasota, ekimenari forma emateari ekin zioten. «Asanbladaz asanblada, eta oinez hasi ahala, forma hartzen joan da ekimena. Hasieratik pentsatzen genuen bizitzaren dimentsio guztietan bazirela alternatibak, eremu ezberdinetan ari zela jendea gauzak egiten», azpimarratu du. Bada, erronka izan da ekimen txiki horiek lehen planora ekartzea, ezagutaraztea: «Ezagutu, aitortu eta har dezaketen handitasuna ikusi nahi genuen».

Eskubide Sozialen Kartaren garapena izaera erabat parte hartzailean garatu bazen, ezin zuen Alternatiben Herriak izaera hori galdu. Bururatu zitzaien lehen ideia honakoa izan zen: herri batek auzoak ditu. Ondorioz, auzoka antolatu dute ekimena. Auzoez hitz egitean, baina, galdera nagusi bat sortu zitzaien: baina ze auzo mota? Hala, auzo batzuk zehazteari ekin zioten, denborarekin guztiak aldatu eta bat edo beste desagertu baldin bada ere. «Herri mugimenduak sektoreka antolatu ohi dira, baina errealitatea sistema kapitalista patriarkal inperialistaren bidez sostengatzen da, elkarren beharra dute sostengurako», azaldu du Dañobeitiak.

Hori horrela izanik, borrokak eta alternatibak ere zentzu horretan antolatu behar direla uste du, dimentsio guztiak kontuan hartuz: «Gure helburua esperientziak jasotzea zen, baina esperientzia bakoitza dimentsio ezberdinetan garatzen da, eta, ondorioz, asko kostatu zaigu horiek auzo ezberdinetan txertatzea. Azkenean, esperientzia edo ekimen bakoitzak bere auzo kokapena egin dezan bultzatu dugu».

Hasiera batean adostu zituzten auzoak kontuan hartuz gero, sei izango genituzke guztira: natura (energia burujabetza, klima aldaketa, hondakinak, mugikortasuna, elikadura burujabetza, kontsumoa...); eredu ekonomikoa (finantzak, moneta, ekonomia sozial eraldatzailea, aberastasunaren banaketa, enplegua...); demokrazia, parte hartzea eta burujabetza (eredu ekonomiko, sozial, kultural eta politikoa erabakitzeko eskubidea, parte hartze soziopolitikoa, parte hartze prozesuak, herrien arteko elkartasuna...); bizitzaren iraunkortasuna (zaintza, harremanak, gorputzak...); aniztasuna (jatorria, identitatea, sexua, funtzionalitateen inguruko aniztasunaren kudeaketa...); eta ondare komuna (kultura, hizkuntza, hezkuntza...).

Auzo bakoitzak bere asanbladak egin ditu, eta bere burua ezaugarritzeko ariketa ere egin du. Karta oinarri, euren burua definitzen joan dira, auzoen beraien izenak aldatzeraino: Arragoa –auzo honetan hizkuntza, hezkuntza eta kulturaren inguruko eztabaidak, azoka eta ekitaldiak egingo dira–; Gure Gaia –naturarekin zerikusia izango duten tailerrak, eztabaidak eta azoka bilduko dituen gunea izango da–; AuzoEKOnomia –ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan saretutako eragileek eztabaidak eta azoka egingo duten auzoa izango da–; Demokrazia, Parte Hartzea eta Burujabetza –herrien eskubideen inguruan eta parte hartze demokratikoaren inguruan hausnarketa eta proposamen gunea izango da–; eta Bizitza Duinak eta Anitzak –gorputz eta bizi eredu ez normatiboen esperientziak jaso eta zabalduko dituen aniztasunaren auzoa izango da–.

Egitaraua bera ere auzoka osatu da –bakoitzak bere gune propioa izango du–, nahiz eta auzoetatik harago ere egongo den eskaintzarik. Gisa honetako egun bat antolatzeak, ordea, hamaika buruhauste eragin dizkie antolatzaileei, edukia eta forma sarri eskutik helduta baitoaz: «Planteatu diren antzerki, kontzertu eta abarrak ez dira ausaz erabaki, auzoetatik etorri diren proposamenak izan dira. Espresio ezberdinen bidez gogoeta bat edota eraldaketa jarrera bat bultzatzen duten ekimenak hautatu dira». Kontratazioekin ere hainbat gogoeta egin dituztela gaineratu du Dañobeitiak: nori eskatu edariak eta nori ez, nori alokatu zerbait eta nori ez... «Ezinbesteko baldintza bezala bat jarri genuen: bertakoak izatea. Baina irizpide zerrenda bat ere osatu genuen eta, zenbat eta irizpide gehiago bete, orduan eta hobeto. Jabetu gara, ordea, ezinezkoa dela irizpide guztiak betetzea...», aitortu du. Horrek, ordea, badu beste irakurketa bat Dañobeitiarentzat: badela hainbat eremu oraindik alternatibak behar dituena, hots, alternatiba pila bat dagoela eraikitzeko.

Izan daiteke alternatibak beraiek ere elkarrekin kontraesanetan erortzea ere. «Karta adostasunak biltzeko prozesu bat izan zen, baina Alternatiben Herria ekimena ez da horretarako. Honek zoru komun bat dauka [Karta bera], baina, ziurrenik, alternatiba bakoitza aztertzen hasiz gero, izan daiteke elkarrekin kontraesanean daudenak topatzea ere».

Burujabetza osoa helburu

Eskaintza, beraz, ugaria eta osotarikoa izango da gaur Bilbon. Areatza eta Alde Zaharraren inguruan egingo dira ekimen gehienak; batzuk kalean bertan garatuko dira, horretarako kokatu dituzten karpatan, baina publikoak edota herri mugimenduarenak diren lokalak ere erabiliko dira. Guneak ezberdinak diren bezala, formatuak ere hala izango dira: doku-zine forumak, hitzaldi eta mahai inguruak, esperientzien kontakizun komunak, tailerrak, azokak, performanceak, animazioa, jana eta edana...

Alternatibez hitz egiten ari gara, baina zeri eta zertarako sortu alternatibak? Bada, Dañobeitiak dio “zeri” galderari Eskubide Sozialen Kartak berak erantzuten diola, eta “zertarako” galderarentzako erantzun garbia dauka: «Bizitza burujabetza eta eskubide osoz garatzeko».

Etorkizunera begira, ateak zabalik ditu ekimenak bidea egiten jarraitzeko. Eragile sozial eta sindikalak izango dira bideari norabidea emango diotenak, gaur arte ekimenak izan duen filosofiari jarraiki. Horretaz aritzeko tailerra ere antolatu dute, Gogo Kutxa. Bidea egiten jarraituko du, beraz, Alternatiben Herriak. Esperientziak trukatzen jarraituko du, gogoetak bultzatzen eta, are garrantzitsuagoa dena, hauek guztiak saretzen.

 

Errigoraren udazkeneko kanpaina, «hartu eta eman» ereduaren adibide

Martxan da, laugarren urtez, udazkeneko “Nafar Hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpaina, Zazpiak bat, Sortzen, AEK, Ikastolen Elkartea eta Errigorak elkarlanean josi dutena. Aurreko edizioen bidetik dator aurtengoa, eta, aldaketaren bat aipatzekotan, ekoizle parte hartzaile kopuruan izandako gorakada nabarmendu behar da. Datu oso pozgarria, zalantzarik gabe, urtez urte arrakastatsuagoa den kanpainaren bultzatzaileentzat. 2012an bi ekoizlerekin abiatu zuten bidea; 2013an, bost izan ziren; 2014an, hamar eta, aurten, hamabost ekoizle izango dira.

Hartara, hamabost ekoizle horien produktuekin 50 euroko saskiak eskainiko dira. «Gutxi gorabehera, merkatuan izango lukeen prezioan eskainiko dira produktuak, baina, kasu honetan, jasotakoaren %25 hiru proiektura bideratuko da», azaldu dute bultzatzaileek. Ondorengoak dira aurtengorako aukeratu diren hiru proiektuak: batetik, Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastolek bizirik irauteko ezinbesteko duten elkartasun ekonomikoa indartzea. Bigarrenik, Erriberako AEKren egoera ekonomikoa arintzea, bertako beka fondoa handituz eta zabalduz eta sustapen kanpaina bat martxan jarriz. Eta, azkenik, D eredua Nafarroa osora zabaltzea bilatzen duten ekimenak laguntzea.

Errigora ekimena eredugarria gertatzen ari da ertz askotatik begiratuta. Auzolan ariketa bikaina izateaz gain –saski guztiak auzolanean prestatuko dira azaroaren 20tik 22rako asteburuan Ablitasen–, “hartu eta eman” ereduaren adibide praktiko garbia da: saskia erosita Nafarroa hegoaldeko kalitatezko produktuak eskuratuko ditu kontsumitzaileak, eta, era berean, Nafarroako hegoaldeko ekoizleei eta euskalgintzako eragile eta pertsonei ekarpen garrantzitsua egingo die.

Kanpainak orain artean utzitako datuak garrantzitsuak dira. Iaz kanpaina 200 herritara iritsi zen eta saskiak jasotzeko 700 bat gune prestatu ziren. Guztira 12.000 saski baino gehiago banatu ziren eta 160.000 euro bideratu ziren Nafarroako hegoaldeko euskalgintzara.

Udazkeneko kanpainaz gain, badira bi urte Errigorak bere proposamena urte osora zabaldu eta “Eskutik eskura” izeneko kanpaina ere bultzatzen duela. Azken horren helburua da herriz herri kontsumo komunitateak osatzea eta Nafarroako hegoaldeko ekoizleen eta kontsumitzaileen artean urte osorako zubiak eraikitzea. Otsailean olioa eskaintzen da, eta, maiatzean, kontserba loteak. Iazko datuak onak izan ziren, 45.500 litro olio eta 90.000 kontserba ontzi banatu baitzituzten, aurreko urteko datuak bikoiztuz.

Errigora martxa onean ari da bidea egiten eta aurrera begirako erronkarik ez zaio falta: kontsumitzaileak eta ekoizleak beren sarera erakartzen segitzea eta Ipar Euskal Herrira zabaltzea, besteren artean.