ENEEK

Eskola jantokietan elikagai ekologikoak txertatzeko gida aurkeztu du Ekolapikok

Pasa den astezkenean, Ekolapiko egitasmoren baitan dauden hiru eragileek –Cristina Enea Fundazioa, Biolur eta ENEEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua)– ikastetxeetan Ekolapiko egitasmoa indarrean jartzeko gidaliburua aurkeztu zuten Donostian. Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazo ezagunen babesa izan zuten ekitaldian. Gidak egitasmoaren ibilbidean pilatutako esperientzia eta hausnarketak biltzen ditu, egitasmoa martxan jartzeko irizpide, pauso eta xehetasunekin.

Ekolapikok, bertako baserrietan ekoitzitako elikagaien bidez elikadura ekologikoa eta osasuntsua ikastetxeetako jangeletan txertatzeko proiektu bezala, 2006. urtearen amaieran eman zituen bere lehenengo pausoak, eta egun, aipatu hiru eragileek hartzen dute parte egitasmoan.

Donostiako Udalarekin elkarlanean, hiriko hiru haur eskolatan jarri zen abian Ekolapiko bere hastapenetan, eta ondoren beste udalerri eta ikastetxe batzuetara hedatu zen: Usurbil, Beasain, Hernani, Oiartzun, Errenteria eta Ibarra. Segurako aterpetxea ere gehitu zen. Denen balorazioa oso positiboa da orokorrean, bai elikagaien kalitateagatik, baita baserritarrekin dituzten harremanengatik ere. Egun, zazpi udalerritan dago indarrean egitasmoa, eta egunero batez beste 675 otordu ekologiko prestatzen dira.

Bere hastapenetatik hiru ardatz nagusi izan ditu Ekolapikok: osasuna eta hezkuntza; ingurumena; eta landa-garapena.

Txema Hernandezek, Cristina Enea Fundazioko zuzendariak, egitasmoak ikasleen osasunerako eta heziketarako dituen ekarpen eta onurak azpimarratzen ditu: «Jangeletara kalitate handiko produktuak iristen dira, freskoak, jaso berriak eta ekologikoki haziak, eta horrek eragin handia dauka ikasleen osasunean: bitamina, proteina eta beste elikagai guztiak ezin hobeak dira eta ikasleak dira etekina jasotzen dutenak».

Nolanahi ere, proiektuak ahalegin handia egiten du nekazaritza ekologikoaren eta elikadura osasungarriaren inguruko kontzientziazioan. «Horretarako, material didaktikoak garatu dira eta bisita gidatuak antolatzen dira ekoizleen baserrietara. Baliabide horiekin guztiekin, ikasleek hobeto jaten dute eta horren garrantzia hobeto ulertzeko aukera dute».

Ekolapikon, noski, bertako, sasoiko eta ekologikoak diren elikagaiak aukeratzen dira. ENEEKeko ordezkari Xabier Lejarzegiren esanetan, «lurraren emankortasuna, eta ekosistemen eta gizakien osasuna mantentzen eta indartzen duen eredua da nekazaritza ekologikoa. Horrenbestez, ongarri kimiko, pestizida eta genetikoki eraldatutako organismorik erabiltzen ez denez, kontsumitzaileen eta ingurumenaren osasuna zaintzen du».

Egitasmoaren hirugarren erpina, landa-garapena da. Ekolapikon parte hartzen duten ikastetxeetako sukaldeetara, inguruko baserrietako produktuak iristen dira; hala, bertako ekonomia sustatu eta bertako ekoizleak bultzatzen dira.

Miriam Arrizabalaga, Biolur-eko ordezkariaren esanetan, «baserrien eta landaguneen etorkizuna bermatzeko esfortzua egin beharra dago, keinu txiki askorekin bultzada handia emanez; eta denon eskura dagoen aukera bat da hemen ekoitzitako elikagai ekologikoez elikatzea». Hain zuzen ere, horixe bermatzen du Ekolapiko egitasmoak, indarrean jartzen den ikastetxe bakoitzetik gertu dauden baserrietan baitute jatorria ikastetxe horietan jaten diren elikagaiek.

«Ekolapiko gida»

10 urte luze hauetan egitasmoak pilatutako esperientzia guztiak biltzeko, eta ikastetxeetan Ekolapiko txertatzeko jarraibide gisa, “Ekolapiko gida” aurkeztu dute aste honetan Cristina Enea Fundazioak, ENEEK-ek eta Biolur-ek. Gida honen helburua ikastetxeak laguntzea da, eskaintzen duten jantoki-zerbitzuan elikagai ekologikoekin lan egiteko eman behar dituzten pausoak ezagut ditzaten. Aldaketa-prozesuan egon daitezkeen zalantzak argitzen ere laguntzen du dokumentuak. Tresna lagungarri hau jorratzeko, Ekolapiko proiektuko parte hartzaileen esperientzia eta ekarpenak bildu dira.

Horretarako, egitasmoan elkarri eragiten dioten elementu eta aldagai guztiak kontuan hartu dira; esaterako, eta besteak beste, Ekolapiko abian jartzeko ikastetxeko sukaldean egin beharreko aldaketak, menuen gainkostua, menuen azterketa eta umeen egokitzapena. Ekolapiko martxan jartzeko beharrezko gutxieneko baldintzak ere azaltzen dira, hala nola: sukalde propioa, elikagai ekologikoak eta menu orekatu eta osasungarriak, eta batez ere partaide guztien sentsibilizazioa eta inplikazioa (ekoizle, sukaldari, irakasle, ikasle, guraso eta abar).

Gida hau, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetara bidaliko da datozen egunetan, ikastetxe bakoitzak egitasmoa bertan txertatu ahal izateko irizpideak eta jarraibideak ezagut ditzan. Dokumentua eskuragarri egongo da hiru eragileen webguneetan ere, interesa duen edonork doan kontsultatu eta deskargatu dezan.