Amagoia Mujika Telleria

TXIRRITAREN ETORRIA, ETENIK GABEKO ITURRIA, 80 URTEZ

Ereñotzuko Latxen jaio zen, 1860an. 1936ko ekainaren 3an hil zen, gerorako abisua utziaz: «Nire aipamenak izango dira beste laurogei urtian». Eta asmatu. Atzo, juxtu, bete ziren 80 urte horiek eta Joxe Manuel Lujanbioren bizitzak eta ibilerek atentzioa ematen segitzen dute.

Oraintxe bete dira 80 urte Joxe Manuel Lujanbio Retegi Txirrita bertsolaria hil zela, 1936ko ekainaren 3an. Bere azken urteetan zahartuta sentitu eta askotan esaten omen zuen; «bai, ni aurki joango naiz. Baina nire oroipena ez da pixka batean joango. Nire bertsoak kantatuko dira bazterretan eta nire aipamenak izango dira periodikuetan eta paperetan». Hil baino bost urte lehenago, 70 urte zituela, bertso hau jarri zuen: «Gazte-gazterik hasi nintzan ta orduraino bitartian/ zenbat umore eder jarri det Kantabriako partian./ Pixka batean ez naiz ahaztuko sartuagatik lurpian/ nere aitamenak izango dira beste laurogei urtian». Eta asmatu egin zuen, bete-betean.

Data seinalatu horren harira egitarau osatua atondu du Ereñotzuko Auzo Udalak. Eta gaur bertan Ereñotzun izango da Eskolarteko bat-bateko finala, Txirrita gogoan. 11.00etatik hasita arituko dira hamabi bertsolari gazte.

Baina, nor zen Txirrita? Nor da hil eta 80 urtera aipamenetan bizirik segitzen duen bertsolaria? Txirritak berak kontatzen zuen bere jaiotzako pasadizo batek ederki laburbiltzen du bertsolari handiaren bizitza eta pausajea. 1860ko abuztuaren 14an jaio zen Joxe Manuel Lujanbio, Ereñotzuko Latxe baserrian. Laster erdituko zela-eta, bere ama Juana Joxepak Inaxi auzoari abisu eman zion, laguntzera etortzeko. Haurra jaio orduko Inaxik sukaldera eraman zuen eta amak egun haietarako jarrita zeukan oilo-saldatik katilukada eman zion. Baita eguerdirako zegoen baba-saldatik ere. Eta haur jaioberriak, dena barrura. Haurra berriz amarengana eraman zuenean, Inaxik esan omen zion: «Hau da honen apetitua, hau! Nahikoa ematen badiozue, egin behar du galanta!». Eta bestelako iragarpenak egiten segitu zuen Inaxik: «Etxeko eta auzoko marka guztiak hautsiko ditu. Barre egingo die denei; eta bere buruari lehenengo. Ziri ederrak sartu behar ditu bere bizitzan. Eta jolas bihurtuko du hizketa. Jolas bihurtuko du lana eta jolas bihurtuko du bizitza bera ere. Egundoko bertsolaria izango da, eta mundu honetan xelebre ibili eta gero, gizon ospetsua izango da hil ondoren ere».

Txirritaren bizitzaren eta ibileren berri Antonio Zabalak jaso zuen “Txirrita: bizitza ta bat-bateko bertsoak” liburuan, Auspoaren sail nagusian argitaratutakoa.

Latxe baserrian jaio eta inguru haietan eman zituen Joxe Manuelek haurtzaroko lehendabiziko urteak, harik eta 13 urte zituela Latxe utzi eta Errenteriako Txirrita baserrira joan zen arte familia guztiarekin. Hain juxtu bigarren bizitoki horrek eman zion gerora bazter guztietan famatu egin zen Txirrita izena. Bertsotarako grina, baina, aurrekoa zuen. Kontatzen da 8 edo 9 urte besterik ez zituela Ereñotzuko Txabolategi baserriko Domingo Erroizenearengana hurbiltzen zela, «niri bertsotan erakutsi behar didazu», esanez.

Eta herriaren memorian bizirik den Txirritaren bertso famatuetako bat, hain juxtu, Latxen bizi zen garaikoa da, Andaluziako hargin bati jarria: «Haiziak bidali du handikan honuntza/ geroztik hemen dabil gure andaluza/ hargiñ ona zala ta zakurraren putza/ bera eroriko dek ez akiyok bultza».

Txirrita mutiko koskorra zela fabrika batek hartu zituen Latxe baserriaren inguruko lurrak: “Hijos de Jaime Puig. Destilería de Leñas y Fábrica de Productos Químicos”. Eta horregatik joan zen familia Txirrita baserrira. Bertsoan aipatzen den hargin hori famatua eta izen onekoa zen nonbait, eta fabrika eraikitzeko lanetan zebilen. Bezperan egindako pareta okerra zuzendu nahian ikusi zuen Joxe Manuelek eta horregatik abestu zion aipatu bertsoa, gerora muturrera eramango zituen zorroztasuna eta ironiaren abisu emanez mutikotatik.

Izan ere, umetatik izango zuen, segur asko, Txirritak bertsoarekiko zaletasuna. Xenpelar bertsolaria 1869. urteko abenduan hil zen, Txirritak 9 urte zituela. 1931. urtean Errenterian Xenpelarri egindako omenaldi batean kantatu zuenez, «Oraintxe dira hiruroi bat urte Xenpelar zana il zala/ bi bider behintzat ikusi nuen txiki-txikia nintzala...». Pentsatzekoa da, beraz, Xenpelarri begira eta adi egon zela ume hura.

Esanda bezala, 13 urte zituela joan zen familia osoa Errenteriako Txirritara. Baina plazako lehen saioa Ereñotzun egin zuen, San Antonio elizaren aurrean –San Antonio eliza auzolanean eraiki zuten eta Txirritaren aita Juan Bautista izan zen bultzatzaile nagusietakoa. Behin aitak eliza hura eraikitzeko egindako lana gogoan hala kantatu zuen Txirritak: «gure aita're hortarako zan ontza bat urre botia/ hori egiten gastatua da nik behar nuen dotia»–. Hartara, 14 bat urte zituela, Ereñotzuko plazan, estreinatu zen, urte batzuk geroago berak bertso sonatu honetan kontatu zuenez: «Mila zotzirehun hirurogeita hamalau urte urrian/ lenengo plazan kantatu nuen nik Hernaniko lurrian/ San Antonio deitzen diogun ermita baten aurrian/ lagunak alkar ixtimatuaz lengo ohitura zarrian».

Berez Txirritari zegokion baserriko maiorazkoa, mutiletan zaharrena izan eta garai bateko legeak hala agintzen zuelako. Baina lana neurrian maite zuen, maiteago zuen parranda eta nahikoa errieta eta sesio izan zituen horregatik gurasoekin. Azkenean nekazaritza utzi eta hargintzan hasi zen. Txirrita baserritik gertu San Markosko fuertea egiten ari ziren garai hartan eta pentsatzekoa da han ikasi zuela ofizioa.

Hargin bezala batetik bestera ibiltzen zen, lana sortzen zen lekuan. Gehienetan etxe inguruan ibiltzen zen, Errenterian, Hernanin, Irunen eta halakoetan. Baina urrutiago joatea ere gertatzen zitzaion. Donostiatik Bilbora doan burdinbideko paretak altxatzen ere aritu omen zen. Lantegia zuen herrian ostatu hartuz ibiltzen zen, herririk herri eta ostatuz ostatu. Behin galdetu omen zioten, «Txirrita, non hago ostatuz?». Eta, berak, erantzun, «hementxe, irabazi ahala gastatuz». Lana ere justuan egitea gustatzen zitzaion, justu-justu bizitzeko. Eta poltsikoan dirua izan orduko lanera joateari uzten omen zion, hura gastatu arte. Eta, gastatutakoan, berriz joaten omen zen lan eskean. Egun batean nagusi bati galdetu omen zion beretzat lanik ba ote zuen. Eta, nagusiak, erantzun: «Lan gutxi zeukagu». Eta, Txirritak, «lan gutxi aski det nik, ba».

Jendea biltzen zuen inguruan

Beste batean zortzi egun eman omen zituen lanera azaldu gabe. Nagusiak haserre esan zion berriz halakorik egiten bazuen, ez bueltatzeko. Eta handik gutxira hamar egunean azaldu gabe egon zen. Nagusiak kalera bota zuen. Baina lankideek maite zuten Txirrita, beti kontuak kontatzen aritzen zelako, eta nagusiari zeozer esango zioten. Eta nagusia berriz gerturatu zitzaion, hamar egun horietan non ibili zen galdezka. Hala kantatu omen zion. «Bilbao'n izandu naiz San Frantzisko kalian/ pultsuan probatutzen bihatz bakarrian/ doblatuta utzi naute lenengo gabian/ sendatzen egondu naiz hamar egunian».

Txirritak parranda maite zuen, batera eta bestera joan eta bertsotan egitea. Kontatzen da Txirrita sagardotegi batera zihoala jakinda, jende mordoa biltzen zela han ingurura, bertsolaria entzuteko. Baina jaten, edaten eta bertsotan egunak aise ematen omen zituen, inguruko guztiak aspertzeraino.

Azken urteak, Altzako Gazteluenen

Zahartutakoan, Joxe Manuel bere arreba gazteenaren etxera joan zen, Isabelenera, Altzako Gazteluene baserrira. Arrebarekin, koinatuarekin eta ilobekin bizi izan zen bertan hamabost bat urtean. Etxetik kanpora bertsotara-edo joaten zenean, bueltakoan beti gozoren bat ekartzen omen zien ilobei. Gazteluenen bere iloba Jose Ramonek idazten zituen osabak agindutako bertsoak, Txirritak ez omen zekielako idazten. Kontatzen da aurretik beti topatzen zuela bere bertso sortak idatzi eta jasoko zituen norbait, eta 1920. urteaz geroztik, Gazteluenen bizi zelarik, Jose Ramon Erauskin Lujanbio ilobak egiten zion lan hori.

Gazteluenera, gainera, jende asko gerturatzen omen zen Txirritari honi edo hari bertsoak jartzeko eskatzera, diruaren truke, garaian horren ohitura baitzegoen. Eta horretan ere laguntzaile bikaina izan zuen iloba.

Bere iloba horri esker egunotaraino iritsi da Txirritaren sorkuntzaren zati eder bat eta, neurri batean, Joxe Manuel Lujanbiori bizitzea tokatu zitzaion garaiaren kronika mamitsua, bertsotan garaiko kronika soziologiko interesgarria egin baitzuen.

Txirritak ez zuen txapelketa askorik jokatu. Gerra aurretik, 1935eko urtarrilaren 20an jokatu zen lehendabiziko txapelketa bertsolari egunean. Basarrik irabazi zuen lehen saria eta, bigarren Mattin geratu zen, Xenpelarren iloba. Hura izango zen, segur aski, Txirritaren lehen txapelketa. Ordurako 74 urte zeuzkan.

Hurrengo urtean, 1936ko urtarrilaren 19an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian jokatu zen bigarren txapelketa. Gai jartzen Basarri aritu zen eta gai bera jarri zien han zeuden hamar bertsolariei: gerra zitalen ondoren txarrak. Txirrita azkena omen zen kantuan, hamargarrena, eta aurretik bizkor eta iaio aritutako bertsokideak gainditzeko gauza berriren bat sumatu nahian omen zebilen. Jaiki eta honako bertsoa bota zuen: «Zenbait errezo egin izan det nere denboran elizan/ ta pozik nago ikusirikan pakean nola gabiltzan/ ni naizen bezain kobarderikan inor ezin leike izan/ semeak gerra ez joateatik mutilzahar gelditu nintzan». Plaza zutik jarri eta txapela jantzi zuen. Eta bertsoa Euskal Herri osoan egin zen ezagun.

UNAI AGIRRE GOIA

«Txapelketa batzuetan Txirritaren liburua egon da nire mesanotxean»

Zuen etxean Txirrita oso maitea da, ezta?

Txiki-txikitatik asko hitz egin digute Txirritari buruz. Osaba Koldo zena oso txirritazalea zen eta bertso eskolan, Juanjo Uriarekin, Txirritaren bertso asko ikasi genituen. Uste dut Hernaniko bertso eskolako denek daukagula zera berezi bat Txirritarekin. Asko jaso dugu Txirritari buruz.

Txirritak, bizi zuen garairako, bizimodu eta bizi ikuskera bereziak zituen.

Baietz esango nuke. Ni askotan bere bertsoekin harrituta geratzen naiz gaur egungo ikuspuntutik begiratuta ere zer gaurkotasun daukaten. Harrigarria da zenbait gairen aurrean zer-nolako ikuspuntua daukan, baita iskanbilatsuak izan daitezkeen gaien inguruan ere. Genero ikuspuntutik, adibidez, astakeria handiak idazten ziren eta baita berak ere. Baina atentzioa ematen du bera non kokatzen zen gai horrekiko, beste inor kokatzen ez zen tokian. Neska gazteen janzkeraz ari den bertsotan, adibidez, «ni askotan bezala tabernan nenguan» esaten du. Bere burua parrandazale eta alprojatzat zeukan, eta horrela aurkezten du. Beste bertsolari batzuen kasuan ez dute halakorik egiten, pulpitutik bezala aritzen dira. Kubako gerraren inguruko bertsoetan, berdin, ikuskera propioa agertu zuen. «Aberats askok pagatzen zuen, soldadu joan zenbait pobre». Txirrita gerrara soldadu joandako herritar umilekin akordatu zen, bera bezalakoak zirenekin, eta garai hartan oso bertsolari gutxik egiten zuten hori. Bertsotan egiten duzunean oso garrantzitsua da zu bertsolari bezala non kokatzen zaren. Txirrita kokatzen zen tokia oso garrantzitsua iruditzen zait.

Esaten da Txirritak begi zorrotza zuela bertsoak jartzeko gaiak aukeratzerakoan. Bere garaiko kronika soziologikoa idatzi zuela bere bertsotan.

Magia hor dago. Ahoz aho gugana iritsi da Txirritak irakurtzen eta idazten ez zekiela eta, hala ere, garai hartako gaiei buruz bertsoak nola jartzen dituen ikustea harrigarria da. Seguru asko informazio iturri bat baino gehiago izango zuen, baina irakurri beharrik gabe Txirritari iritsi zitzaion informazio hori guztia oso ona eta interesgarria zen zalantzarik gabe. Bertso horiek irakurrita garai hartako kronika oso interesgarria jasotzen da. Eta onena da Txirritaren bertso idatzi asko iritsi direla gaur egunera.

Parrandazalea zen, lana gutxi maite zuena, alproja samarra. Pertsonaiak aurpegi hori ere badauka.

Bai, eta hori guztia ere iritsi zaigu. Hernaniko amonek Txirritari buruz kontatzen zituzten istorioak ez ziren munduko onenak. Alproja bat zela esaten zuten, parean pasatzen zen edonori sekulakoak esateko gai zela... Alderdi hori ere bazeukan, baina pertsonaia handitu egiten dute. Herri batera joan eta hiruzpalau egunean alde egin gabe egoten zen parrandazalea eta, aldi berean, bertsotan jenio bat izate horrek gure buruan egin dezakegun fantasia hori handitu baino ez dute egiten.

Txirritaren etorria eta injenioa. Osagarri horiek ere baditu mitoak.

Bai, horiek ahoz aho pasatako kontakizunak dira eta inoiz ez da jakiten noraino diren egiak eta noraino dauden puztuak. Txirritaren bat-bateko bertso batzuk jaso dira, baino askoz gehiago dira jarritako bertsoak. Txiki-txikitatik Txirritari buruzko gertaera horiek denek txoratu egiten ninduten, eta denak irakurtzen nituen. Erdia irakurri eta beste erdia asmatu, horrela ibiltzen nintzen. Horiek kontatzen dira baina ez dakigu noraino izan zen horrela. Jaso duguna, batik bat, jarritako bertsoak dira eta hor garbi ikusten da jenio bat zela, horrek ez dauka tranparik.

«Nire aipamenak izango dira beste laurogei urtian». Asmatu egin zuen.

Bai, eta akaso motz geratu zen, pertsonaia gero eta handiagoa egingo dela iruditzen zait-eta. Txirritak bertsotarako hizkuntza oso aberatsa dauka, umore handia dauka eta oso bisuala da. Txirritaren bertsoa ikusi egiten da. Eta, horrez gain, ikuspuntu desberdina dauka, propioa eta desberdina. Berak justizia sozialetik kantatzen zuen, herritar xume baten kezkak ekartzen zituen bertsotara. Eta hori oso interesgarria iruditzen zait.

Zure bertsokeran eragina izan du Txirritak?

Beharbada bai. Gure bertsokeran eragina dauka jaso eta irakurri dugun guztiak. Aitortuko dut zenbait txapelketa prestatzeko momentuan Txirritaren liburua nire mesanotxean egon dela.