Sare sozialak kontrolerako eta presiorako bide dira bikote gazteen artean
Noiz konektatu den azken aldiz, nor dituen jarraitzaile Instagramen edo nork adierazi duen bere neska lagunak igo dituen argazkiak atsegin dituela. Gazte eta nerabeen bikote harremanetan ematen diren indarkeria matxista kasuen %100ean sare sozialak presente daude. Laguntza eta informazioa eskaintzen du Lahia-Nahia elkarteak.
Maitanek 16 urte ditu eta bikote harreman bat du duela zortzi hilabetetik. Triste dabil azken boladan, mutil lagunak kontrolatu egiten du-eta sare sozialen bidez. Noiz konektatu den azken aldiz, nor diren bere jarraitzaileak Instagramen edo nork adierazi duen atsegin dituela igo dituen argazkiak. Triste dago Maitane. Betiko lagunak ez ditu maiztasunez ikusten eta gustuko dituen gauzak ere ez ditu nahi adina egiten. Izena fikziozkoa da, baina kasu erreala izan zitekeen; egoera ez da gaur egun gazteen artean gertatzen denetik asko aldentzen. Tamalez.
Gazteen artean ematen den indarkeria matxistaz mintzatzeko hitzartu gara Lahia-Nahia sexologia elkartearekin. Psikologia, berdintasuna eta sexologia oinarri, aholkularitza eta informazio zerbitzua eskaintzen dute hainbat ikastetxetan eta Donostiako Emakumeen Etxean, neskato zein mutilentzat, hori bai, ikuspegi feminista batetik.
Eider Goiburu Pedagogian doktorea da, eta psikologian lizentziatua. Sare sozialak defendatzen ditu, berez komunikatzeko bide aparta direlako, hutsik daudenak. Erabiltzaileak betetzen ditu edukiz. Arazoa, beraz, sare sozialak nola hornitzen diren da, alegia, ematen zaien erabilpena, eta hor kokatzen dira Maitanerena bezalako kasuak.
Kontatzen duenez, 11-12 urterekin hasten dira sare sozialak erabiltzen neska-mutilak: Watsapp aplikazioa da hedatuena, Instagramekin batera, baina beste asko daude: Facebook, Twitter, Snapchat, Ask… «Komunikabideak baino ez dira, baina, zer gertatzen da? Gazteen artean dauden baloreak transmititzen direla sareon bitartez». Dioenez, batetik, sareok «genero rol tradizionalak indartzea» ahalbidetzen dute, eta, bestetik, «indarkeria gauzatzea».
Sexuaren arabera egiten den erabilera, ordea, oso ezberdina dela dio. Neskek, esaterako, Instagram askoz gehiago erabiltzen dute eta igotzen dutena ez dago egunerokoarekin lotuta. «Beren buruak erakusten dituzte sexualizazio eta kosifikazio ikuspuntutik. Erakustoki moduan erabiltzen dute beren buruak aurkezteko, eta sexualitatea askoz ageriago dago». Mutilek elkarbanatzeen dituzten irudiak, aitzitik, lotuago daude lagunartearekin, kirolarekin, aisialdiarekin… Goiburuk iritzi du horrek oso argi erakusten duela bakoitzak zer indartzen duen gizartearen aurrean. Edozein kasutan, neskek zein mutilek irudiak «autoestimua indartzeko» partekatzen dituzte, azken helburua onarpena delako. «Sare sozialek adierazten dute zer den gizarte mailan gazteen artean baloratzen dena», uste du.
Harreman toxikoak
Errefortzua txanponaren alde bat da. Bestean daude indarkeria ezberdinak. Mutilen artean bereziki ematen den bullyng homofobikoa aipatzen du, baita bikote harremanetako genero indarkeria eta sexting delakoa.
Homofobia kasuei dagokienez, ez da arrotza mutilez osatutako taldeek irudi, joera edo itxura jakin batzuk dituzten mutilez barre egitea. Jarrera hori nesken Whatsapp taldeetan gertatzea «oso arraroa» dela eransten du. Neska batek, adibidez, irudi oso esplizitua bidaltzen badu, ez da ohikoena ostean taldeko kide den beste neska batek irudi hori taldetik kanpo hedatzea.
Emakumeen artean gertatzen dena sexu moral bikoitza da. «Gure eremuan jokatzeko araudi argi bat dago, mutilek beste bat dute. Eta hortik ateratzen dena zigortua da. ‘Puta’ etiketa beti egon da, eta seinalatu egiten da, pertsona hori bere ‘lekura’ bueltatzeko, sexu askatasuna moztuz».
Hain justu hori da emakumeek sare sozialetan ez dutena, gizartearen eta bizitzaren beste esparruetan gertatzen den bezala: erabateko askatasuna. «Sareetan jasaten dutena indarkeria izaten da. Bikote harremanetan komunikatzeko modu oso hedatua dira egun sare sozialak. Boterean oinarritutako harremana bada bikotearena, azkenean mutilak neska laguna kontrolatzeko erabiltzen ditu sareak».
Hor aldaketa nabarmena egon da, izan ere, garai baten harreman fisikoa ia ezinbestekoa zen kontrolerako. Gaur egun 24 ordukoa da. «Izugarria da. Orain gutxi neska bat etorri zitzaigun kontatzera bere bikotekide ohiak kontrolatu egiten zuela norekin agertzen zen Instagrameko argazkietan, eta nortzuk ziren bere jarraitzaileak. Pentsa, jarraitzaileak ezabatzen zituen neskaren zerrendatik eta mutil horiei telefonoz zuzenean ere deitzen zien kontu eske». Berriro dio arazoa ez direla sareak, azpian dagoen ideologia matxista baizik. Horregatik, hori aldatzen ez den bitartean egoerak ez du hobera egingo. «Gaur egun Whatsappa da, baina bihar beste zerbait izango da», uste du Goiburuk.
«Zergatik lotzen dute hau guztia maitasunarekin?», galdegiten dugu. «Halako egoerak sufritzen dituzten neskek eta eragiten dituzten mutilek maitasun erromantikoaren ideia darabilte», dio. Eredu hegemonikoa «saldu» zaigu, ustez aukera libre bezala, baina eredu horrekin lotzen dira jeloskortasuna, esklusibotasuna bikote harremanean, harreman hori beste loturen gainetik egotea. «Eremu horretan mugitzen bagara indarkeria maitasun gisa ulertuko dugu», azaldu du Goiburuk.
Gazte eta nerabeen artean ematen diren indarkeria matxista kasuen %100ean daude tartean sare sozialak, dioenez. «Izan ere, kontrol modu bikaina dira», nabarmendu du.
Ingurukoen garrantzia aipatzen du psikologoak gertatzen dena salatzeko, maiz kuadrillakoak izaten baitira Lahia-Nahia elkartera gerturatzen direnak, lagun baten berri emateko. «Askoz errazago identifikatzen da harreman toxiko bat kanpotik barrutik baino –dio–. Barruan egoteak sentimendu mataza suposatzen du».
Egoera sufritzen duten neskek modu eta une ezberdinetan ohartzen dira gertatzen zaienaz. «Askok hasieran poztasun handia sentitzen dute, baina, aldiz, harremanak aurrera egiten duen neurrian, tristura, haserrea, ezinegona, bakardadea… oso sentimendu negatiboak izaten dituzte». Neurri batean bizitzen ari diren egoeraren kontziente dira, baina indarkeria harremanetan beti dago dependentzia emozionala eta sentimendu kontrajarriak nagusitzen dira. Gainera, «mutilek asko erabiltzen dute xantaia emozionala. Neskek nahiko lukete harremana etetea, baina bestetik bikotekidearen ongizatearen arduradun sentitzen dira. Mutilek biktimaziorako joera dute. Eta noski, asko kostatzen da ulertzea, onartzea ez zaituela maite baietz uste duzunean».
Legearen definizioa, arazo
Tamalez, Goibururen hitzetan, gazteen artean ematen diren egoerok oro har ez dira indarkeria matxista bezala identifikatzen. Lagunak kontrolatzea, arropa, zer janzten duen eta zer ez; noiz ateratzen den etxetik, norekin hitz egiten duen, zein ordutan… hori guztia ez dago tipifikatuta indarkeria matxista bezala, beraz, zaila da kasuen zifrak ematea. Sustraian dagoen arazoa legearen definizioa bera da. «Genero indarkeria bakarrik aipatzen du, eta harreman heterosexualetan ematen dena gainera. Definizio horrek ez du gure sistema zalantzan jartzen, eta kasu edo egoera jakin batzuk soilik hartzen ditu aintzat. Ez badira gauzak bere izenez deitzen, bere barruan dauden kausa guztiekin, ez gara gai izango errealitatea osotasunean ikusteko, eta, hortaz, osotasunean eragiteko. Hala, indarrean jartzen diren politikek errealitatearen zati txiki batean soilik eragiten dute», deitoratu du.
Eskoletan lantzen da indarkeria matxista, eta sare sozialen bidez ematen diren egoeren jakitun, horretan ere arreta jartzen hasi dira hezkuntzan. Hala ere, Goiburuk dio oso zaila dela gazteengana heltzea, alegia, beraien kasuak kontatzea, barrua biluztea. Horretarako segurtasun giro bat sortu behar da, konfidentzialtasuna bermatu, konfiantza sortu… Horregatik sortu zuten Lahia-Nahian informazio eta aholkularitza zerbitzua. «Ikastetxeetan, taldean arau sozialak landu ondoren, beharra ikusten genuen indibidualki kasuak aztertu eta horietan laguntzeko. Eta kasuren batean onartu digute berak kontrolatu duela telefono bidez bikotekidea…».
Hor atzean ideologia jakin bat dago, pentsatzeko modu bat. Hori dela eta, ez da batere erraza egoera onartzen duen mutikoan eragin eta jokabidea aldaraztea. Prozesu bat da, lanketa sakon bat. Neskak ere badituzte egoerok onartzen dituztela aitortzen dutenak. «Ideologia matxista izan dezakete, baina, konturatzen direnean zer dakarren horrek beren bizitzetan, aldatu egiten dute. Mutilekin, aldiz, bestelakoa da lanketa. Boterea galdu behar izateaz ari gara, eta gehienak ez daude prest dominatzaile izateari uzteko».
«Sexting»-a, hemen ere zigor soziala neskentzat
Sexting delakoa sakelakoarekin eduki erotiko edo sexuala duen argazki bat edo bideo bat egin eta beste pertsona bati bidaltzea da. Baina, zenbaitetan, eduki hori hartzaile zuzena ez den beste pertsona batengana edo batzuengana iristen da, lehenengoak zabaldu egin duelako horretarako baimenik ez izan arren.
Gero eta gehiago salatzen diren kasuok indarkeria matxistaren beste aurpegi baten erakusle direla iritzi du Eider Goiburuk, eta salatu egiten du neska errudun bezala seinalatzeko dagoen joera, errudunak irudia partekatu eta elkarri bidali diotenak direnean. «Erasotzaileak beraiek dira. Non gelditzen da neskaren askatasuna biluzik agertzen den irudi edo bideo bat bikotekidearekin partekatzeko?», dio.
Irudian agertzen dena neska edo mutila izan gertatzen dena ezberdina izan ohi da, eta hori ere indarkeria matxista da. «Ez du ez oihartzun ezta zigor sozial bera. Mutil batek bere burua biluzik agertu badu, edo zakila erretratatu eta neska lagunari bidali badio argazkia, oso kasu gutxitan zabaltzen da. Donostian gertatua ez da Bizkaira iristen», dio; alderantziz, ordea, bai, «zigortzen dena emakumearen sexualitatearen adierazpena» delako.
Bizi garen gizartean bizi garenez, beren buruak babestu behar dituzte neskek. Hori bai, «oso kontuz ibili behar dugu mezu horrekin», erantsi du. Maila sozialean egin nahi duen hausnarketa hau da: «Erasoa zergatik da beti neskaren aurkakoa?».