«Gustatu edo ez, 2016ak ingurua lugorritu du. Hortik, sastrakak, haritzak edo asunak aterako diren, politikariek erabakiko dute»
Amagoia Mujika Telleria
Gaur bukatuko den urtean Xabi Payarekin topatu garen bakoitzean elkarrizketa beti puntu berdinean hasi da: «Zenbat egun falta dira 2016a bukatzeko?», erdi serio, erdi broma. Eta berak erantzuna zehatz eta zorrotz, beti. Hiriburutzaren kultur programako edozein proiekturen inguruan galdetu eta berdin erantzuten du, zehatz eta zorrotz, bere lanaren kontzientzia osoarekin.
Xabi Paya ohituta zegoen lehendik mila saltsatan aritzen. Oraingoan ere mila saltsa kudeatu behar izan ditu, «baina guztiak lapiko berean» eta ia egunero prentsaren aurrera agertuz. Etxean pijama jantzita itzulpenak egiten zituen garaitik salto handi samarra. Hala ere, ez da trenetik jaitsi, bere buruari promesa egin ziolako hasi eta buka egingo zuela. Eta dimititzekotan, bihartik aurrera.
Donostia 2016aren bidean miseria asko agertu dira. Gure jendartearen miseriak al dira?
Nik aspaldi esan nuen 2016tik ez dugula arazo berririk sortu. Nik, egiten dudan lo apurra, lasai egiten dut. Guk agerian jarri ditugu ikusten ez direnak, hori izan da gure lana, hala tokatu zaigulako. Gure gaia elkarbizitza zen, nahiz eta egia den “elkarbizitza” hitza gaur ja hutsik dagoela. Nik proiektu honetan izugarri ikasi dut. Ikasi dut badaudela beste hitz batzuk behar ditugunak. Horietako bat da “konpromisoa”.
Oso ondo gogoratzen dut 2013an nola joan ginen Derry-Londonderry-Doirera. Britainiako kultur hiriburua izan zen eta beren proiektua ezagutzera joan ginen, Ipar Irlandako gatazka nola landu zuten ikusteko. Egin ziguten lehendabiziko galdera izan zen: «Partekatzen duzue terminologia? Ados zaudete gatazka bat egon dela esaten duzuenean? Edo, behintzat, onartzen diozue parekoari batek gatazka esatea eta, besteak, terrorismoa?».
Eta gure erantzuna izan zen ezetz, ez ditugula hitzak partekatzen. Eta horren adibide da proiektu askotan ezin izan ditugula erabili zenbait hitz. Ez naiz objektuez ari, hitzak ere apartatu behar izan ditugu.
Adibidez, Tirabirak erakusketa. Bertan jasotzen da Espainiako Konstituzioan adierazpen askatasuna onartu zenetik gaur egun arte, hedabideek tira komikoen bitartez nola islatu dituzten gure gizartearen une korapilatsuenak euskal gatazkaren inguruan. Gonbidatzen zaitut erakusketara joan eta “euskal gatazka” terminoa bilatzera. Ez dago.
Guk erakunde batzuk ditugu atzean –gainera kasu bakoitzean bere esparruan gorenak dira erakunde horiek– eta gauzak beti ahal ditugun urrunen eraman ditugu. 2016an zein izan da kontsentsuan urrunen eraman ahal izan dugun terminoa? Euskal gizartearen iragan gatazkatsua.
Horrek adierazten du oraindik emozioetatik hizketan ari garela. Oraindik mina dago, zauriak irekita daude eta horrek hoztu egin behar du. Alde guztietan daude zauriak irekita, gainera. Alderdi guztiekin zuzenean aritu gara lanean eta garbi ikusi dut hori. Nik askotan esaten dut nik nire burua proiektu honetan kulturan lan egiteko aurkeztu nuela, ez politikan.
Politikariek etengabe zangotrabatu duten proiektua izan al da?
2016a erakundeen eta gizartearen arteko hibrido bat izan da. Gu ez gara gaztetxe bat, baina kudeatu ditugu kultura alternatiboko proiektuak; gu ez gara erakunde bat, baina erakundeen erantzukizuna izan dugu etengabe; ez gara erakunde pribatu bat, baina ekitaldiak egiteko baimenak eskatu behar izan ditugu gainontzeko antolatzaile guztiek bezala.
Hibrido horrek eragin du gizarte mugimenduek erakundeei egurra emateko tresna bat behar zutenean, gu geu ginela parterik ahulena. Eta, aldi berean, erakundeek gizartera hurbildu nahi zutenean, gauzak beste era batera jantzi nahi zituztenean, gu geu soineko oso eroso bat ginen.
Nola hurbildu zinen 2016ra?
2011n, Odon Elorzaren garaian, hautagaitza garaian, ezagutu nuen proiektua. Orduan Birminghameko Unibertsitateko irakaslea nintzen eta epaimahaia Donostiara etorri zenean proiektua babesten lagun niezaien deitu zidaten. Egun osoa pasatu nuen epaimahaikide baten ondoan eman behar ziren azalpenak ematen. Onartu behar dut proiektuaren filosofia izan zela ni maitemindu ninduena: goazen kulturaren eta artearen bitartez elkarrekin bizitzeko pausoak ematera.
Nire errealitatea da Bizkaiko txapela irabazi nuenean hirugarren solairuko auzokideak esan zidala: «has ganado algo de jazz pero cantando, algo de poesia». Bi solairu gorago bizi eta zein urrun zen! Niretzat Donostia 2016 nik bizitza osoa egiten daramadana egiteko proposamena zen. Ni naiz bertsoak beste hizkuntzatan kantatu dituena jendea hurbiltzeko; beti ulertarazten saiatu naiz gure amak ez dakiela euskaraz, baina, erdaldunek euskararen alde gure amak egin duena egingo balute, beste testuinguru batean geundekeela. Beti saiatu naiz zubiaren beste aldera joaten. Horregatik harrapatu ninduen 2016aren filosofiak, nahiz eta ez nekien ezer proiektuari buruz.
Inork ez zekien ezer proiektuari buruz. Kostatu zen paperetik errealitatera ekartzen.
Egia da, eta hori ere gertatu da, sekulako espektatibak sortu direla. Nik galdetzen nuen: Zein izan dira aurreko kultur hiriburutzak? Eta inork ez zekien. Ez al da hori pista bat jakiteko honek zein neurri daukan? Abiadura handiko trenaren kilometro eta erdiren pareko aurrekontua du, ez Olinpiadena. Orduan, zergatik ematen diogu Olinpiaden tratamendua komunikabideetan?
2011n gerturatu zinen. Baina proiektuan sartu zinen lanpostu batera aurkeztu eta bertara heltzeko frogak egin eta gero.
Gaur egun nire senar denak deitu zidan eta lanpostu hori atera zela eta nire neurrikoa zela aipatu zidan. Orduan Baionan eta Pauen irakasle nenbilen eta ez nengoen oso gustura. Lehiaketa atera zen eta nire burua aurkeztu nuen 2012ko abenduan. Ahotsen Itsasargiko teknikari postura aurkeztu nintzen beste 400 pertsonaren artean, jarritako probak pasatu nituen eta puntuazio altuena lortu nuen. 2013ko abuztuaren 26an deitu zidaten.
Ondo gogoan duzu egun zehatza.
Bai, egun oso seinalatua, geroztik nire bizitza asko aldatu delako. Ordura arte mila saltsa egiten nituen, hara eta hona ibiltzen nintzen. Gerora, 2016an, mila saltsa egin ditut baina denak lapiko batean. Niretzat, pertsonalki, aldaketa nabarmena izan da. Ni beti izan naiz oso nomada eta nire buruari erronka handia jarri nion: fideltasuna lan egiten duzun horrekiko.
2016ko trenetik jaitsi direnen zerrenda luzea da. Ilusioa zeukan jendea bidean erretzen joan da.
Nik aspaldi esan nuen 2016ko zuzendaritza postuak, eta ez bakarrik zuzendari nagusiarena, denak, aulki elektrikoak direla. Batzuetan korrontea gertutik iristen da, bestetan erakunde batetik, komunikabide batetik, gizartetik… baina ez da eteten. Pavloven txakurra gara, baina etengabe. Eta ja ikasi egiten duzu korronteari helduta bizitzen.
Zure senarrak esan zizun «hau zuretzat da» lanpostuaren berri izan zuenean. Zergatik?
Ahotsen Itsasargiko arduradunaren postuak lan egin behar zuen literaturarekin, antzerkiarekin, zinemarekin, musikarekin… eta nik denekin nuen lotura. Literaturan gauza desberdinak egindakoa naiz; musikan goi mailako ikasketak ditut; zineman azpitituluak egindakoa naiz eta gidoigintzan graduondoko bat daukat. Bai titulazioz, bai bokazioz, bai afizioz profila ematen nuela uste nuen. Europako proiektuetan esperientzia eduki beharra zegoen eta nik banuen. Hizkuntzak jakin beharra zegoen eta nik ezagutzen nituen. Eta, gainera, Unaik bazekien proiektuaren filosofiak erakarri egiten ninduela.
Hori zen Itsasargiaren kanpoko argia. Barruan zer topatu duzu?
Sartu nintzen astean bertan, abuztuaren 26ko aste hartan, gauza bat bota nuen bilera batean: enperadorearen jantzi berriaren fabula ekartzen zidala gogora 2016ak. Soinekorik ederrena eraman nahi zuen beti enperadoreak eta jostunak sinetsarazi zion pertsona abilek baino ezin zutela ikusi bere soinekoaren edertasuna. Halako zerbaiten zentzua hartu nion nik. Ematen zuen 2016a ederra eta zoragarria zela, baina bakoitzak nahi zuen soinekoa ikusten zuen: Udalak, turismoa areagotzeko eta hiria posizionatzeko modua; gizarte mugimenduek, eredu sozialean aurrera egin eta transformazio sozialerako tresna bat; arte eta kultur eragileek, sektoreari bultzada emateko aukera… Akordatzen naiz esan nuela: batek gona nahi badu, besteak prakak eta besteak alkandora, ez dakit zer den guk josi behar dugun hori, baina hobe da lehenbailehen ikusaraz dezagun zer den josiko duguna.
Espektatiba handiak jarri dira 2016an. «Nik gehiago espero nuen», entzungo zenuen askotan.
Asko haserretzen naiz hori entzuten dudanean, nahiz eta iritziak beti diren errespetagarriak. Baina guk hiru hilabetero Bruselarekin egin dugun balorazioa garbia izan da: aurkeztu zen programa hartu eta banaka-banaka esan dugu zer egin den eta zer ez. Eta programa bete da. Proiektu batzuk zehatz egin dira, aurkeztu bezala, eta proiektu asko gainera.
Lehen aipatu dugu zenbat jende jaitsi den trenetik. Zu ez zara jaitsi, nahiz eta bidean gastatzen joan zaren. Zenbat kilo argaldu dituzu?
25 kilo. Fisikoki urte oso gogorra izan da. Lo gutxi egiten dut, baina sakon. Nik sekula ez ditut lotarako pilulak hartu eta proiektu honetan bolada batzuetan hartu behar izan ditut. Orain ez ditut hartzen. Eta bolada horietan askotan gogoratu diot nire buruari nik ez dudala bizi-organorik fundazio honi lotuta eta alde egin nezakeela.
Baina ez duzu alde egin. Zergatik?
Nire helburu pertsonal bat bazen hasi eta buka egitea. Esana nuen agian urtarrilaren 1ean dimititu egingo nuela, baina urtea bukatu egingo nuela. Hori da burutik pasatzen zitzaidana.
Bihotzagatik eta sabelagatik ez dut alde egin, lantaldeagatik. Ondoan dudan lantaldeak Euskal Herria altxa dezake berak bakarrik; jende abila, trebatua, burua, bizitza eta dena proiektu honetan utzi duena, eredu ultramilitante batekin lan egiten duena, proiektuan sinisten duena, ilusioa duena… eta zorionez horrek bizi gaitu. Gure bizipoza hori da. Alde ez egiteko nire motibo handiena lantaldea izan da.
Eta kaskagogorra ere bazara.
Bai, egia da hori. Garbi nuen hasi eta bukatu egin behar nuela, iruditzen zitzaidalako Euskal Herriarentzat aukera bakarra zela, horrela bizi nuen. Nik “elkarbizitza” hitza ahaztu nahi dut eta “konpromisoa” jarri nahi dut mahai gainean. Nik egin dudana hori da, konpromisoa landu. Eta horrek esan nahi du batzuetan gustatzen ez zaizkizun gauza batzuk onartu beharko dituzula, eta atera beharko duzula norbaiten ondoan jakinik bere ideiekin ez duzula inolako adostasunik izango. Baina koexistentziak hori exijitzen dizu.
Gatozen Koldo Mitxelenako erakusketara, preso politikoen lanak zentsuratu dituenera. Gogorra izan da?
Oso gogorra. Proiektu horren zuzendaria hasieratik egon da proiektu honetan, gai horretan sekulako lana egin duelako. ETA oraindik ere su-etenean ez zenean, programa horrek jasotzen zuen erakusketa bat egingo zela giltzaperatuta dagoen jendearen kasuan arte sorkuntzak zein eragin daukan aztertzeko. Proiektua horrela izan da hasieratik. Eta orduan garaiak desberdinak ziren, korapilatsuagoak erakusketarentzat zalantzarik gabe. Esaten zenetik egin denera, pieza batzuk ez daude.
Nire galdera da: 2011. urtean programa egin zuenak zer-nolako 2016. urtea irudikatzen zuen? Botere mediatikoa, instituzionala, ekonomikoa eta soziala non irudikatzen zituen?
Nik nire buruan bertan frogatu nuen non dauden botere horiek, De Juanaren aldeko kamisetaren kontuarekin. Publikoki atera nintzen esatera legearen unibertsaltasunaren alde eta zuzenbide penalaren atzeraeraginkortasunaren kontra nagoela, hori salatu zela De Juanaren kasuan eta horregatik eraman nuela kamiseta hura. Berehala konturatu nintzen gai horiek oraindik ezin direla jorratu. Horregatik esaten dut oso ondo dakidala neurtzen non dagoen gizarte hau mediatikoki, instituzionalki, ekonomikoki, sozialki eta emozionalki, ni ere gizakia naizelako eta niri ere egurra eman didatelako.
Hala ere, nabarmendu nahi nuke erakusketa horren inguruko prentsaurrekoan komisarioa, zuzendariak eta erakundeak elkarrekin atera zirela. “Zentsura” hitza han zegoen presente eta presente egon da erakusketan. Ez bageneukan modurik konponbide bat emateko alde guztiei gustagarri egingo zitzaiena, behintzat eman dezagun aditzera hor erabakitzeko dagoen auzi bat dagoela. Hori oharkabean pasatu da, baina niri oso garrantzitsua iruditzen zait.
Donostia 2016an gauza asko ikasi omen dituzu. Egurra jasotzen ere ikasiko ote zenuen, alde eta norabide guztietatik eman dizute-eta.
Kontziente naiz nire buruaren gehiegizko esposizio bat izan dela, gehiegi agertu naizela, eta oso mingarria egin zait hori. Patronatuaren erabaki baten ondorioz, zuzendari nagusiak ez daki euskaraz eta automatikoki ni izan naiz zuzendari nagusia euskaldunentzat. Eta ez naiz. Nik ez ditut zuzendari nagusiaren erabakiak hartu.
Askotan, tamalez, besterik ez eta zuzendari nagusiaren rolak betetzea tokatu zait. Hizkuntza gaitasunak hori dakar askotan, eta euskaldun batek ederki ulertzen du hori: hizkuntza gero eta gehiago jakiteagatik, gero eta gehiago etsi behar duzu. Bakarra dakienak ez du etsi behar.
Askotan onartu dut ateratzea nahiago nuela nire soinean hiru zauri eramatea nahiago nuelako lantalde osoan lehergailu bat erortzea baino.
Eta beste askotan, nahiz eta oso gogorra egin zaidan, ez dut adierazpenik egin. Ni ez naizelako Xabi Paya bakarrik, Donostia 2016 Fundazioaren Kultur Programaren zuzendaria baizik. Eta kargu horrek erantzukizun batzuk ditu eta kontratuz sinatutako baldintza batzuk. Eta hori ere nire buruari ikasarazi behar izan diot, eta uste dut ikasi dudala. Horrek mina eragiten dizu, Twitterretik jendeak sekulakoak esatea dakar… baina min horretan eta konpromiso horretan bizitzen ikasi dut.
Lagunak galdu dituzu?
Ez nuke esango. Benetako lagunak, zorionez, oso benetakoak ditut eta unerik txarrenetan ere ondoan izan dira. Adibidez, Koldo Mitxelenako erakusketaren egunean bertan lagunek deitu zidaten hurrengo egunean afaria egiteko proposatuz. Kontrakoa esango nuke, lagun izugarri ederrak irabazi ditut, zer esanik ez lantaldean. Minak asko elkartzen du.
Baten batek sentituko zuen uneren batean Xabi Paya traidore bat dela.
Seguru. “Traizioa” da mahai gainean jarri beharko genukeen beste hitzetako bat. Ez dago mahai gainean, baina gure gizartean oso presente dago. Eta mahai gainean jarriko bagenu, hitz egin ahal izango genuke traizioa nori, zeri, zein baloreri, zerren aldekoa edo kontrakoa…
Amos Ozek “Judas” liburuan esaten du batzuetan gizarte honetan batzuek traidore izan behar dutela gauzak aurrera egin dezaten, korapiloa aska dadin. Horrek lagundu dit batzuetan.
Nik askotan sentitu dut ez nintzela ez ni ez gu. Ni euskaldun sentitzen naiz erabat, baina lotara Algortara joaten nintzen lehen, gure etxetik Castro ikusten da eta nire amak esan dizkidan hitz ederrenak gazteleraz esan dizkit. Orduan zer pasatzen da, ez dagoela toki bat niretzat gizarte honetan? Barkatu, edo gizarte honek moldatzen du toki bat niretzat eta ni bezalako beste askorentzat edo argi dago ni gizarte eredu horietatik kanpo geratuko naizela. Iruditzen zitzaidan proiektu honek hori guztia landuko zuela, eta gauza asko landu ditu.
Benetan sinisten dut proiektu honek ekarpen oso handiak egingo dituela, batez ere erakutsiko duelako elkarbizitza konpromisoa dela, frustrazioa dela eta espektatibatik errealitatera dagoen tartea norberak asumitu beharra duela, errua inori bota gabe.
Sentitu izan duzu ez zinela osorik aterako proiektu honetatik?
Bai, askotan. Eta askotan egon naiz dimititzetik gertu. Askotan pentsatu izan dut lehen Xabi Payaren izenik bazegoen, zertan izango den hori orain. Baina azkenean erabaki dut berdin zaidala nire hiletan mila lagun edo bi dauden. Daudenak egon daitezela nor nintzen maite zutelako. Eta, oraingoz, badakit ez direla bi bakarrik izango. Gure gizartean biografia inpolutoez aspertuta nago. Oso erraza da gizarte hau kritikatzea unibertsitateko postu finko batetik. Babelgo dorre eta talaia asko ditugu. Ni behera jaitsi naiz eta kolpeak jaso ditut alde guztietatik. Elektrokutatuta bizi izan naiz. Horrek guztiak azala izugarri loditu dit. Gantzak kendu ditut baina azala loditu zait.
Agian hemendik atera eta nire hurrengo lana etxean eta pijama jantzita “Zalameako alkatea” euskarara itzultzea izango da, desiratzen nagoelako, edo guraso izatea… Ez dut zertan Nasako zuzendari edo ez dakit nongo sailburu izan behar.
2016 atzerako kontaketa izan da zuretzat. Egunez egun kontatu duzu zenbat egun falta ziren urtea bukatzeko.
2015ko martxoan Bruselan egin genuen proiektuaren defentsa. Inguru horretan hasi nintzela uste dut. Bostehun egun inguru edo gehixeago falta zirenean. 2016aren hasiera hain izan zen gogorra, nire gorputza hilda zegoela. Nire buruari tranpa egin nion eta asteak kontatzera pasatu nintzen, zehazki astelehenak.
Hala ere, onean eta txarrean kontatu ditut egunak, proiektu honek jende aparta ezagutzeko aukera eman didalako, ideia paregabeak jasotzeko aukera. Proiektuak parte oso ederrak izan ditu beti gogoratuko ditudanak; pertsonak, momentuak, aurrerapausoak, ideiak…
Sekulako lan psikologikoa egin duzu.
Bai. Lehen jaten isiltzen nuen kontzientzia eta antsietatea. 2015eko udan medikuak esan zidan hipertentsio arazoak izango nituela. Hipertentsioak hiru oinarri ditu; genetika, estresa eta pisua. Medikuak esan zidan gurasoak ezin nituela aldatu. Estresari dagokionez, lana aldatu ahalko banu… Horregatik, hirugarren aukera hartu nuen. Orain antsietatea kirola egiten isiltzen dut. Loari kendu diot kirola egiteko denbora. Sekula ez nuke egingo, baina orain goizeko seietan kirola egitera joaten naiz.
Elkarbizitzaren lehen oinarrietako bat, Unescoko adierazpenaren arabera, norbere buruarekin bizitzen ikastea da eta 2016 proiektuak lagundu dit horretan.
2016a izan da, gainera, ezkondu zaren urtea.
Unaik aspaldi eskatu zidan ezkontzeko. Eskatu zidan unean ez nion erabateko erantzun argirik eman, ez nuelako sinisten norbaitek nirekin ezkondu nahi zuenik. Hainbeste arazo, elektrokuzio, gora-behera, tentsio… norbaitek nola erabaki zezakeen hori borondatez hartzea? Gero ikusi dut ez naizela hori bakarrik, bertute batzuk ere izan ditzakedala. Gainera, 2016an bertute horietako batzuk asko garatu ditut. Gure etorkizuneko planetan oso garbi daukagu guraso izan nahi dugula. Ezkontzeko eta guraso izateko inoiz ez dago une onik. Urrian ezkontzea erabaki genuen pentsatuz –oker genbiltzan– urtearen hondarrean gauzak lasaiago egongo zirela.
Tira, bizitza honetan inoiz ez dago une onik maitasunerako. Agendan inork ez du jartzen “gaur maitatu egingo dut”. Hori ikasi dut nik. Eta 2016an arnasgune horiek izan ez banitu, oso desberdina izango zen. Ikusarazi dit bizitzako geruzetan etxekoa dela oinarria. 2016a pasatzen denean, txalo jo didatenek eta txistu jo didatenek aurrera segituko dute, eta inguruan ditudanak izango dira nire ondoan geratuko direnak.
Zenbat plan egin dituzu 2017. urterako?
Lanean non egongo naizen? Ez dakit. Ez nuke ikasi dudan guztia tiraderan gorde nahi. Lasaitasun pixka bat hartuko dut, baina, aldi berean, ikasi dudan guztia aprobetxatu nahi dut, kultur kudeaketan segitu nahiko nuke. Hori bai, plano mediatiko eta politikotik urrunago.
Baina izugarri plan piloa dauzkat 2017rako. Zenbat liburu ote ditudan zerrendatuak! Zenbat jende berarekin egon nahi dudana. Bide honetan jende zoragarria ezagutu dut, baina proiektuaren abiaduragatik ezin izan dut haiekin lasai eseri eta hitz egin, ez dugu aukera izan beste harreman mota bat garatzeko.
Baina hori ez da nire sentipena, hori Donostia 2016ren egia bat dela iruditzen zait. Gustatu edo ez, lurra altxatu du, lugorritu du ingurua. Hortik, sastrakak, haritzak edo asunak aterako diren, ez dugu guk erabakiko. Fundazioak programa egin behar zuen eta egin dugu. Orain politikariek erabaki behar dute apustu hori zertarako zen eta zertarako nahi duten aurrera begira. Egindakoa egun batetik bestera desagertzen bada, garbi geratuko da hor estrategia handirik ez dagoela. Aurrera segitzen badu, ondo pentsatuta, ikusiko da oinarria izango duela.