Informatikatik ekarpena kulturara (DSS2016-Hirikia)
Informatika eta kultura ez dira ohiko binomioak, baina, gaur egungo gizartean beste hainbat esparrutan gertatzen den moduan, bai, informatika ere izan daiteke kulturari ekarpenak egiteko bide bat. Baliteke, galdera botatzen digutenean pixka bat jokoz kanpo sentitzea gure burua. Ez dut gogoan EHUko Informatika Fakultatean, Donostia 2016ren aitzakiarekin gaia mahai gainean jarri zigutenean hotz geratu ote ginen, baina berehala hasi zen ideien zaparrada eta geroago denborak erakutsi du ekarpenak anitzak eta ugariak izan daitezkeela. Laster beteko dira bost urte Aitzol Astigarragaren gidaritzapean DSS2016ko Hirikia “kultur kaia” martxan jarri zela, EHUko Informatika Fakultatea eta beste eragile eta enpresa askoren arteko lankidetzari esker. Horri esker, besteak beste web-inguruneak, kode irekia, hardware askea, eleaniztasuna eta sare sozialak landu dira. Landutako proiektuak asko izan dira eta lerro hauetan ez dago tokirik guztiak sakonki deskribatzeko, baina aipatu behintzat egin nahi nituzke, ziur bainaiz zuetako askori haietako batzuk etorkizunean erabiltzeko gogoa sortuko zaizuela.
Ekintza eta gune kulturaletan jasotzen ditugun mezuetan hizkuntza asko erabiltzeko aukera berriak eskaintzen ditu teknologiak. Hala nola, museo, eraikin publiko eta antzekoak oharrez beteak izaten dira, baina ohar horiek pare bat hizkuntzetan soilik egon ohi ziren gaurdaino. Ohar Eleanitzak proiektuari esker, hizkuntza mordoan eskain daiteke material hori, eta, bisitariak, mugikorreko QR irakurgailuak erabiliz, bere mugikorrean hautatutako hizkuntzan ikusi ahal izango ditu mezuok. Pasaiako Ondartxo-Albaola museoan jarri zen lehenengoz martxan, baina beste testuinguru batzuetarako ere erabilgarri izan daiteke, adibidez, Donostiako Informatika Fakultatean ere martxan dugu jada.
Ildo beretik Gida Eleaniztunak proiektuak ere QR kodeen bidez ematen die aukera bisitariei azalpenak, audioak eta abar hizkuntza desberdinetan entzuteko. Esther Ferrer artista donostiarrak diseinatutako Poesiaren Ibilbideko geltokietan berak proposatutako olerkiak irakurri edo entzuteko aukera izan genuen eta baita “Ondare lapurtua” erakusketan, azalpenak hizkuntza askotan jaso ahal izateko. Bigarren horretan, hainbat hizkuntzatarako testua sortzeko itzulpen automatikoa eta ahots-sintesia erabili dira.
Mezu finkoak hizkuntza anitzetan helarazteko baliagarri dira aipatutako proiektu horiek, baina, askotan, mezua ez dago aurrez idatzita, bat-batean sortzen da, eta, kasu horietan, mezu hori norberak bere ama hizkuntzan jasotzea nahi bada, ezinbestekoa da aldibereko itzulpena. Interprest horretarako azpiegitura merkea da, Internet eta sakelako telefonoak erabiliz funtzionatzen duena; beste proiektuetako bat izan da.
Bide beretik, baliabide urriko hizkuntzak biziberritzeko helburua duen CODEFest udako eskola Donostian izan zen joan den uztailean. Bertan bildutako 40 ikertzaile eta garatzaileek egungo hizkuntza-teknologia aztertu eta lankidetzan aplikazioak garatzeko aukera izan zuten. Hizkuntzen gaia utzi gabe, aipatu behar da Hiztegi-Makina edo Hitz Machine, hainbat hizkuntzatan 100 hitzeko hiztegitxoak inprimatzen dituen makina sortu zutela Hirikilabs laborategian eta Donostiako autobus geltokian egon zela makina hori. Bisitariarentzako ongietorri praktikoa benetan.
Gai anitzagoetara jauzi eginez, Behagunea proiektuak, sare sozialetan (Twitter bidez batez ere) DSS2016ri buruz ematen diren iritziak aztertuta, iritzi positibo, negatibo eta neutroen arteko proportzioa zenbatekoa den erakusten digu ingurune bisual batean. Lan ederra, automatikoki dabilena, eskuz egin beharko bagenu hori... Bada, DSS2016 amaitutakoan, beste ingurunetara egokitzen hasi da; esaterako, iraileko hauteskunde kanpainan “Berria” egunkarian. Ondarebideak proiektuan, aldiz, plataforma digital bat sortu da Donostialdean kultura aldetik ikusgarri diren obra eta elementu digital andanari bizia emateko. Bertan, bisitariak adituek sortutako “erakusketa digitalak” ikusi eta jarraitu ahal izango ditu Internet bidez, baita bere erakusketa propioak sortu ere, horrela nork bere ibilbidea eta interpretazio pertsonala plazaratzeko modua eskainiz.
Proiektuen artean ezin ahaztu Donostiapedia. Donostia eta kulturari buruz artikulu asko Wikipedia aberasteko sortu eta zabaldu dira hainbat hizkuntzatan. Ekarpenen ondorioz Donostiari buruzko liburu bat idatzi da, 100 egile baino gehiago dituena. Bestalde, Euroku mugikorrerako jokoa sortu da kulturari buruz dugun ezagutza neurtzeko balio duena. Wikipediatik automatikoki erauzitako galdera-sorta txikien bidez, hiriburutzari eta europar kulturari buruzko ezagutza neurtzen du.
Azpiegitura berriak ere eskaini dizkigu Hirikia kultur kaiak. Hala nola, Guifi.net sareak, Internet hirian errazago atzitu ahal izatea ahalbidetuko duenak, Donostian hartzen duen eremua zabaltzea lortu da.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi HorKonpon konponketa-tailer irekia. Egunerokoan erabiltzen diren gailu edo etxetresna elektrikoak konpontzea eta berrerabiltzea helburu izan duena.
Eta lerro hauek irakurrita, zer deritzozu? Egin al dio ekarpenik teknologiak kulturari? Ziur naiz gure lankidetzarekin askoz gehiago ere egin diezazkiokeela! •