Aitor Karasatorre Mugurutza
Sakanako Mankomunitateko presidentea

Atez ateko inposaketaren harira

Atzo, Nafarroako Parlamentuan, Jose Javier Esparza kontseilari eta UPNko hautagaia azaldu zen, beste behin ere Sakanan martxan jarritako Atez Ateko sistemari buruz hizketan. Argi eta garbi esan nahi diot Esparza jaunari gezurretan ari dela Atez Atekoa inposatua izan zela esaten duenean eta Sakanako egungo errealitateaz duen ezagutza eza erakusten duela. Parte hartze prozesu luze baten ostean jarri da martxan Atez Ateko hondakinen bilketa sistema. Horri esker, %25etik %80ra igo da hondakinen bilketa selektiboa Sakanan, materia organikoaren bilketa %40ra iritsiz.

Esparza Kontseilari eta hautagaiak Atez Atekoa erasotu egiten du, bere Hondakinen Planaren porrota estali nahian. Kutsakorra izateaz gain, epaitegiek ilegaltzat jo dute Esparza jaunaren plana. Orain UPN porrot hau estaltzen saiatzen ari da, EH Bildu eta Sakanako Mankomunitatea erasotuz.

Esparza jaunari gogorarazi nahi diot, Sakanak dituela hondakinen tratamenduari buruz Nafarroan dauden daturik onenak. Emaitza hau Sakanako herritarren esfortzuari esker lortu da, Europako beste hainbat herritan egiten den moduan, zaborren banaketaren alde egin dutenak, beren bizilagunak, ingurugiroa eta administrazioa bera kaltetu beharrean. 2012.urtean Sakanan egiten zen zabor bilketa berezitua, %25era iristen zen, gaur egun %80an dagoen bitartean. UPNk agintzen duen zein udal edo mankomunitatek ditu horrelako datuak Esparza Jauna?

Interesgarria litzake, 5. zaborrontzia inposatu duten herrietako datuak ezagutzea Esparza Jauna. Inposatu diot bai, inposatu. 5. zaborrontzia ezarri den udalerrietan ez da inolako kontsultarik egin herritarrek hondakinen tratamendurako sistema hori edo beste bat nahi duten jakiteko. Gainera, herri hauek, Europatik iristen diren zaborren bolketari buruzko exijentziak nola beteko dituzten jakitea interesagarria litzateke, 5. zabiorrontziak lortzen dituen emaitza kaskarrak ikusita. Sakanan, Europatik markatzen dituzten helburuak betetzen dira eta inposizioa dela dio Esparzak. Aldiz, berreskuragarriak diren hondakinak zabortegietan pilatzeari, demokrazia.

5. zaborrontziaren inposaketa, hondakinen tratamenduan tarteko pauso baten moduan planteatu digute, bertan bestelako sistema sakonagoendako gizartea prest ez dagoela argudiatuz. Adierazpen hauek nafar jendartearen ahalmen eta interesen kontrakoak dira, Catalunya, Austria, Italia, Belgika edota Ingalaterrako herritarrek Atez Atekoa sistemarekin, problemarik gabe, bizi diren bitartean.

Esparza jaunak ezagutzen ez badu edo estali nahi badu, azalduko diogu, hemen Sakanan, Atez Ateko bilketa sistema martxan jartzeko, parte hartze prozesu zabala egin zela. Asanblada informatiboak, boletinen banaketa, inkestak… egin dira bi urte luzez herri ezberdinetan. Etxarri Aranatzen adibidez, duela bi urte hasi ginen prozesuarekin, 10 asanblada herritar egin dira, 3 informazio buletin banatu dira herritar guztien artean. Honen ostean gainera, Atez Ateko sistemarekin duten esperientziaz galdetu zaie, beharrezkoak diren aldaketak ezagutzeko eta %70ak babesa eman zion egungo sistemari.

Bukatzeko Cementos Portland enpresa aipatu beharra dago. Nafarroako Gobernuak Hirigintza Plan berezi eta onuragarria egin dio Olaztiko enpresari bere mesede hutserako. Nafar gizarteak jakin behar du epaitegiek Cementos Porltand, beste enpresa batzuekin batera, zigortu egin dutela porlanaren prezioak manipulatu eta obra publikoendako salneurriak bikoizteagatik. Ez al du UPNk honi buruz deus ere esateko? Azken urteotan egindako obra publikoek 100 milioi euroko gainkostua izan dute Cementos Portlandek egindako iruzur honengatik. Erreklamazio edo salaketarik jarriko al dio UPNren Gobernuak Cementos Porltand enpresari iruzur honengatik?

Bilatu