Autodefentsa
Errepresioak ibilbide luzea eta forma ezberdinak izan ditu eta ditu Euskal Herrian, borreroak mila aurpegi dituelako. Halere, beti izan du ezaugarri historiko bera: Euskal Herriaren eta euskal herritarron Eskubide Zibil eta Politikoen, Ekonomiko eta Linguistiko-Kulturalen, etengabeko urraketa eta ukazioa. Horretan datza gure Herriak oraindik pairatzen duen gatazka politikoaren funtsa: Herri, klase eta pertsona gisa falta zaigun askatasuna. Hori da konpondu behar dugun arazoa. Errepresioa, berriz, bizi dugun zapalkuntza anitz horren sintoma baino ez da, sukarra, eta gaixotasuna ez dugu sendatuko nagusiki sintomak borrokatzen baditugu, hori ere egin behar dugun arren.
Ez dugu ahaztu behar historikoki mugaz bi aldeetako estatuetako gobernu guztiek izan dutela euskal erresistentzia isilarazteko, asimilatzeko eta, ezin bada, suntsitzeko helburua, horretarako bitarteko guztiak erabiliz, baita gerrarik zikinenak ere: estatu terrorismoa, atxiloketak, tortura, espetxeratzea, drogen banaketa masiboa, industriaren suntsipena, hizkuntza ordezkapena, eragile sozial eta politikoen legez kanporatzea, genero zapalketa, iritzi publikoaren manipulazioa, informazioren kontrola... Denetarik egin digute, baina ez dute azken helburua lortu: euskaldunak ez gaituzte asimilatu. Horretan datza gure garaipen politiko nagusia.
Eta duela bost urte ETAk armak utzi bazituen ere, bi Estatuek ez dute beren helburua aldatu, baina politika egokitzen hasi dira: errepresio beltza baztertu gabe, errepresio zuriari ateak zabaldu dizkiote. Beraien jendarte eredua, euskaldun batzuen kolaborazioaz osaturiko «gehiengo demokratikoz» legitimatu eta inposatu nahi dute. Hori da Estatuen plan «berria». Eta hori egiten ari dira, politika horrek mundu osoan fruituak eman dizkielako. Neoliberalismoak azken bi hamarkadatan jendartea gaixoak sortu ditu mundu osoan. Gerra militar edota ekonomikoen bidez, jendarte egoistak eta beldurtiak osatu dituzte non nahi eta bertako kolaboratzaileen laguntzaz, hauteskundeetan eskuina edota eskuina muturra indartzea lortu dute: Trump, Le Pen, Rajoy eta gainerakoak. Eta, gustatu ala ez, Euskal Herria eta bere ekonomia ere, zurrunbilo neoliberal horretan murgilduta daude. Hemen ere, poliki poliki, euskal jendartea desmobilizatzen ari dira eta PNVren EBBren politika kolaboratzailea gero eta eskuindarragoa eta espainolagoa da, askotan bere oinarri sozialaren eta Euskal Herriaren aurkakoa bada ere.
Errepresio sistemaren birmoldaketa horren hasiera 2001eko AEBetako Dorre Bikien aurkako erasoa ondoren eta, batez ere, 2007ko krisialdi ekonomiko bortitza eta gero, ematen hasten da hemen eta mundu osoan. Euskal Herria zatitzen duten bi Estatuetan ere lehendik zetorren eraikin errepresiboa zaharberritu eta zutabe berriak eraiki dituzte. Salbuespeneko arkitektura juridiko politiko horrek guztiok kaltetzen gaitu, errefuxiatuak, pobreak, gazteak eta emakumeak nagusiki, baina baita pentsiodunak, langileak, langabeak, prekarioak, ikasleak edota euskaraz bizi nahi dugunak ere eta, nola ez, euskal preso eta iheslari politikoak.
Hor kokatu behar dira Espainiar Estatuko Mozal Legea eta Zigor Kode berria edota Frantziar Estatuko jendartearen fitxatze sozial masiboa eta etenik gabe luzatzen ari diren legezko salbuespen egoerak... Eta errepresio zuri masibo horrek ez du baztertu errepresio beltz selektiboa, Altsasuko gazteek, Paris ondoko Theok edota asteburuan Iruñean atxilotu eta espetxeratu berri dituzten hiru gazteen erakutsi duten moduan. Estatuek, beharren arabera, zurian ala beltzean jokatzen dute, edota bietan, protesta soziala zigortzeko eta desaktibatzeko bada eta ondorio politiko nagusiagoak lortzeko. Inork uste al du Altsasuko edota Iruñeko gazteen atxiloketa eta espetxeratzeak Nafarroan gertatzea kasualitatea dela? Nori interesatzen zaio aldaketa korapilotsua bizi duen euskal lurralde honen desestabilizazioa?
Horren guztiaren aurrean, guk ere beldurrik gabe politika egiteko modua egokitu, aldatu, behar dugu Herri, klase eta pertsona gisara libre izan nahi badugu. Estatuek baino txikiagoak eta ahulagoak izanik, azkarragoak izan behar dugu. Horretarako, lehenik eta behin, beraiek jartzen diguten barrikada errepresiboaren aurka nagusiki borrokatu beharrean –hor eduki nahi gaituzte Estatuek– Euskal Herriaren, langileriaren eta herritarren askatasunaren aldeko praktika eraikitzaileak gaurdanik martxan jartzen aritu beharko genuke. Hori da bizi dugun gaixotasuna, askatasun falta, eta sukarra, errepresioa, sendatzeko eta gainditzeko bide eraginkorrena.
Gure jendarte librea eraikitzeko forma eta bide berriak asmatu eta martxan jarri behar ditugu, lurralde aske funtzionalak eta territorialak sortu, euskararen arnasguneak martxan jarri, proiektu komunitarioak bideratu, egitasmo eraldatzaileak garatu, konpromisoetan oinarrituriko borroka desobedienteak piztu, konfrontazio bilatu, praktika politikoan irekiak izan, dinamika parte hartzaileak beldurrik gabe bultzatu, autogestioa kudeaketa modura aldarrikatu, parekidetasuna bermatu, ilusioa pizten eta komunikatzen jakin, emozioak transmititu, epika berria eraiki... Horretan datza gure artean hain ezaguna bihurtu den kultura politiko berriaren edukia, egin behar dugun Iraultza Demokratiko Nazionalaren mamia. Eta lan horretan gabiltzan ezkertiar guztiok, ezberdinak izanik ere, gure arteko konbergentzia dinamikak, prozesu bateratzaileak, bideratu behar ditugu. Ezkerraren ezaugarria, naturarena bezala, aniztasunarena da eta onartu ez ezik, onuragarritzat jo behar dugu.
Ikuspuntu honetatik, autodefentsarik onena, Euskal Errepublika Sozialista gaurdanik guztion artean eztabaidatzea eta eraikitzea da. Horrek emango digu ezinbestekoa dugun iniziatiba politikoa. Gurea eraikiz, beraiena desegin.