Estitxu Breñas Glz de Zarate eta Xabier Isasi Balanzategi
EH Bilduko legebiltzarkideak

«Baskoniako historia bat», datuak ezkutatzen dituen dokumentala ETB1en

Berriki ETB1en estreinatu den «Baskoniako historia bat» dokumentalak euskararen jatorria azaltzeko «hipotesi» bakarra bailitzan aurkezten du euskalduntze berantiarraren ustea, antzinako euskararen inguruko datuak eta orain arteko ikerketa ildo zabalduena ezkutatuz. Hau da, uste edo iritzi bat baino ez dena egia borobiltzat eta bakartzat jotzen du.

Euskararen jatorriaz jakina da bi ikuspegi daudela: batetik, nagusiena dena, autrigoiak, barduliarrak eta karistiarrak euskalduntzat hartzen dituena; eta bestetik, azken urteotan berpizten ari den euskalduntze berantiarrari dagokiona, adituen artean gutxiengoan dagoen teoria eta euskararen aditu gehienek babesten ez dutena.

Dokumentalean, aldiz, ez da ezer esaten tesi onartuenari buruz, eta esan bezala, gutxiengoan dagoen iritzi horri eusten diote, oinarri zientifikorik ez duten eta zalantzagarriak diren datu asko oso era baldar eta zakarrean zabalduz, askotan gezurrari eutsita ere -Mitxelenarenari dagokionez esaterako-, edota datuak ezkutatuz. Eta gu ez gara sartuko iritzi horrekiko adostasunaren edota desadostasunaren eztabaidan, zilegi baita iritziak adieraztea, jakina; baina ulergaitza egiten zaiguna eta larria iruditzen zaiguna da nolatan hedabide publikoa den EiTBk babestu dezakeen guztiz partziala den dokumental hau 13 kapitulutan zehar, herritar guztiona den diruarekin, gainera.

Halako ustea blog pribatu batean, iritzi artikulu batean edota telebista pribatu bateko saio batean ikustea ulergarria izan daiteke, baina telebista publiko batek halako proiektu bat babestu eta zabaltzea oso larria iruditzen zaigu, adierazi legez. Guztiz onartezina da. Aldiz, atsegin osoz ikusiko genuke hipotesi guztiak mahai gainean jarriko lituzkeen dokumental sorta, bakoitzari merezi duen pisua emanez, errealitatearen isla zintzoa izanda eta objektibotasun minimo baten gainean eraikia.

Dokumentalean zabaldutako euskalduntze berantiarraren iritziaren arabera 1.500 urtetxo besterik ez daramagu euskaldunok Pirinio hegoaldean. Sanchez-Albornoz (Madril 1893-Ávila 1983) historia katedradunak eta Bigarren Errepublika espainiarraren presidenteak eutsitako Gomez Moreno arkeologo eta historiagile espainiarraren 1925eko ustea da euskalduntze berantiarrarena. Sanchez-Albornoz bere «vascofobiagatik» ezaguna izan da euskaldunon artean, bereziki Agirre Lehendakariarekiko.

Hain zuzen, hemen dugu uste horren oinarria. Bada, oinarri sendorik ez duen uste horrekin lerrotzea erabaki du EiTBk, eta hori da kezkatzen gaituena. Hain justu, euskalduntze berantiarraren usteak erabateko amarru politikoa duelako, gure ustez. Eta ondorioz, EiTBk babestu egin duelako izaera zientifikoa eman nahi izan dioten amarru politiko hori. Horixe da, hain zuzen, ulertzen ez duguna. Eta puntu honetara iritsita, herritar eta politikari gisa gure buruari galdetzen diogu ea zergatik egiten duen EiTBk une honetan eta era zakar honetan gutxiengo zientifikoan dagoen uste horren aldeko apustua.

Izan ere, halako usteek eta EiTBren hauspoak euskalduntzea inposaketatzat jotzen dutenen gosea asebetetzen baitu. Jose Luis Barberia kazetariarena, esaterako, El País egunkariko irailaren 23ko «Euskaldunizar a la fuerza» bere artikuluan irakur daitekeen bezala, euskalduntze berantiarraren usteari heltzen diolarik euskararen inposaketaren bere ikuspegia argudiatzeko: «No hay evidencias del euskera en el actual País Vasco antes del siglo VI». Eta esan bezala, hortxe lerrotu da EiTB. Erabaki kezkagarria da.

Laburbilduz, dokumentalean egia borobiltzat zabaltzen den euskararen jatorriari buruzko iritzia oinarri sendorik gabeko gutxi batzuen ustea baino ez da, euskararen arloko aditu gehienek babesten ez dutena; baina halere, EiTBk, gure telebista publikoak, diru publikoarekin, denona den diruarekin alegia, berau babestu eta 13 kapitulutan zehar zabaltzea erabaki du, ikuspegi guztiz partzialari eutsiz, orain arteko teoria zabalduena eta datuak ezkutatuz, eta gezurrei eutsita ere.

Eta hori dela eta, zenbait galdera egin dizkiogu Cristina Uriarte sailburuari. Hauexek: Nolatan babestu eta bultzatu dezake EiTBk halako dokumental bat? Zenbat diru jarri du EiTBk? Ze sailetatik atera da dirua? Zein izan da telesaila egiteko esleitzeko prozedura? Telesailean adierazten da Koldo Mitxelena irakasleak bat egiten zuela euskalduntze berantiarren ustearekin. Non dago hori idatzita? Gainerako hamabi kapituluetan ere uste berari eutsiko diote antzinateari dagokiolarik? Aurreikusita al dauka sailburuak neurririk hartzea egoera hau zuzentzeko eta euskararen adituen artean teoria babestuena ere zabaltzeko? Horiexek galderak, beraz. Orain irrikan gaude erantzunak ezagutzeko.

Bilatu