Donostia-Pasaia mugalaria naiz baina ez nago harro
800 urte irauten duen gaia izanik, inolako esperantzarik gabe agortzeko lerro pertsonal batzuk idaztea otu zait. Pasaiak eskatu omen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari duela berrehun urte 1805an Donostiako segregazioa, Espainiako erregeak Henrike IVak egin zuena, Jose Vargas Ponce Espainiako Historia akademiaren presidenteak proposatu bezala, alegia, Pasaia-Donostia arteko muga litzateke Illurgita, Miracruz gaina, Julimasene, Etxeberria (Intxaurrondo begira mapa)... Ulia, Bidebieta, Intxaurrondo eta Altza auzoak Pasaia bihurtuz, 30.000 biztanle gutxi gora behera.
Lehenik esan beharra dut gai pertsonala dela, Intxaurrondokoa izanik, txikitan eskolara Herrerako plazan zegoen eskolara (beste ehunka mutil bezala), batxilerra bi urte Don Boskon Pasaian alegia, urteetara konturatu naiz bizitza erdia igaro dudala Pasaia-Donostia muga zeharkatzen egunero lau aldiz (mugalaria), bazkaltzera egunero etxera joaten baikinen jakina, Mirakruz, Julimasene, Txibustegi, Argel, Etxeberria... gure etxe inguruan daudenez eta itsasora Illurgitara (arroketara) joaten ginenez Grosera baino gehiago, 18 urterekin soldaduska egiteko ‘tailatzera’ Altzako udaletxera kaltzontzilo hutsik, harrituta, hasita baigeunden Donostiara jaisten.
Intxaurrondo auzoa, Altza udaletxe administratiboa eta ‘militarra’. Egia esan inoiz ez dut nabaritu inolako Donostia-Pasaia mugarik, nahiz eta urtetan lau aldiz egunero zeharkatu, orain arte behintzat, ez naiz batere mugalaria sentitu. Jose Vargas Ponce aurkitu nuen Donostia 1813ko sarraskiari buru irakurtzen, iturria ‘Mandas-ko Dukea’ Fermin Lasalak duela ehun urte (1895) idatzi zuen liburu zoragarria ‘La separación de Guipuzcoa y la paz de Basilea’. Konturatu nintzen Espainiako erregeak Henrike IVa, Fernando VIIa, Isabel IIa, beren akolitoak Godoy, Vargas Ponce, Espartero, Cánovas, Primo de Rivera, Franco... zenbat ‘maite’ izan duten Euskal Herria, Gipuzkoa, Donostia, Pasaia... eta gainontzeko herriak, alegia, azken 200 urtetan gerra, erailketak, suteak... besterik ez baita izan ‘maitasuna’ disidenteen aurka noski.
Pasaia-Donostia afera delarik, azken urtetan, harrituta, irakurtzen ari naiz Jose Vargas Ponce bezalako espia ‘españolazo’ baten apologia gordina, txundituta diot, zeren ematen du ezkerretik eta abertzaletasunetik datorrela, horrela izanik, hauek koherentziaz eta argumentuekin, Godoy, Cadiz-ko Konstituzioa 1812, Fernando VII bere estatu kolpea 1814an, karlista gudak eta Espainia bat eta batuaren historiografia guztia legitimatuko baitute. Harira laburtuz, Godoy-k (bere Memorietan Euskal Herria probintzia traidoreak besterik ez dira) espia bat bidali zuen Donostiara 1803an asmo jakin batekin, Gipuzkoa eta Donostia zigortzea eta mendekatzea, arrazoia izanik, urte batzuk lehenago, 1794-95, Konbentzioko gudan, Gipuzkoak 1200 urteko Independentzia aldarrikatu eta Frantzia iraultzailera pasa izana (Getaria) eta Donostiako giltzak frantseseieman zizkiela borrokatu gabe, alegia, tirorik bota gabe 1794-8-4an Mitxelena alkatea izanik.
Basileako itunean 1795-7-22an Frantziak saldu zion Espainiari Hego Euskal Herria konkistatu berria, trukean Santo Domingo uharte erdia bereganatuz. Traizio latza. Esan bezala espia kualifikatu hori Espainiako Historia akademiako presidentea izan zen (1804) Jose Vargas Ponce, aitzakia, Itsas armadaren historia prestatzen ari zela, Donostiako artxiboan (eta beste hainbat lekutan) 1803-1804 urteak igaro zituen... bere artxibo pertsonalean Madrilen noski, Gipuzkoako bost mila dokumentu baino gehiago omen ditu.
Jose Vargas Poncek 1804an idatzi zuen ‘Informe acerca del puerto de Pasajes’ (sarean dago begira planoa) eta Henrike IVak dekretua argitaratu zuen 1805ean. Vargas Ponceren txostena irakurtzen duen edonor (28 orri) konturatzen da Donostia-Pasaia-Orereta 800 urte (orduan 600 urte) irauten duen afera dela, epaitegietako 40 ebazpen baino gehiago izan dituena, (batzuk 10.000 orri) gehienak Donostiaren alde, alegia, Pasaia (S. Pedro eta Antxo) Donostia izan zela azken 600 urtetan, 1181 urtetik Donostiako herri sortzea edo karta pueblatik, 1805era arte.
Txostenak hiru probidentziak ditu 3. atalean, aurrenekoan Donostiari kentzen zaio Pasaiako portua, S. Pedro eta Antxo, orduan izendatzen diren 59 baserri besterik ez zen; Donibane Hondarribia izan zen eta herria bilakatu zen 1770an 3.120 dukat ordainduta 150 bizilagunen artean. Henrike IVak Pasaia herria sortzen du 1805ean elkartuz Donibane (590 biztanle), S. Pedro (417 biztanle), Antxo (59 baserri), 1.500 bat biztanle guztira. Donostiak 10.000 bat biztanle zituen garaian. Bigarren ebazpenak aitortzen du Pasaiako portua erregearena besterik ez dela, ordura arte ‘de fakto’ Donostiarena zen, azken 600 urtetan. Hirugarrenean Espainiako armadako kapitainaren agindupean jartzen du portuko autoritate guztia, Vargas Ponce bera izan zen izendatua jakina, eta portuko beste bigarren mailako konpetentzia batzuk banatzen ditu Pasaia, Lezo eta Orereta artean, Donostia erabat baztertuz noski. 1805-9-26an Espainiako erregeak, Henrike IVak beste dekretu bat sinatu zuen Hondarribia, Lezo eta Irun Gipuzkoatik erauziz eta Nafarroan sartuz.
Esplikazio historikoak egongo dira 1805ean Espainiako erresumak, Gipuzkoari eta Donostiari egin zizkion zatiketekin, baina logikoena eta sinesgarriena, Espainiako erregearen eta Godoy-aren zigorra eta mendekua Konbentzioko gudan (1794-95), Independentzia aldarrikapenagatik eta Frantzia iraultzailera atxikitzeagatik, gero berreskuratzea Santo Domingo uharte erdia kosta zitzaiona Espainiako erresumari.
Duela 200 urteko garaitik ikuspegi abertzale batetik atera daitezkeen gaur egungo lehentasun politikoak, ezin dira izan inolaz ere Donostia-Pasaia arteko mugarriak finkatzea, are gutxiago, Vargas Ponce (Godoy, Espainiako erregeak) bezalakoei apologia egitea, disidenteekin guda besterik eskaini ez dutenak azken 200 urtetan; lehentasunak neure iritziz batzuk aipatzeagatik:
- Ikertzea Jose Vargas Ponceren artxibo pertsonala, batez ere, Gipuzkoari buruz dituen bost mila dokumentuak eta apurtutako original guztiak itzultzea. (Euskal Herriko beste artxibo askotan egon zen ere).
- Gipuzkoako Foru Aldundiak Independentzia aldarrikatzea, ‘1200 urte aurretik bezala’, Getarian 1795eko abuztuan egin zuen bezala.
- Donostiako Udalak Independentzia aldarrikatzea 1795-5-10ean egin zuten bezala udalbatza irekian, plaza Berriko udaletxe zaharrean.
- Pasaiako udalak portuko aginte osoa berreskuratzea, Madrili kenduta, Vargas Poncek 1805ean Donostiari kendu zion bezala eta gaur arte mantendu duena. Euskal Herriko erakundeei gogoratzea Basileako Itunean 1795ean, Frantziak eta Espainiak Hego Euskal Herria sal-erosi zutela Santo Domingo uhartearen erdiagatik, alegia, Independentziak bere salneurria duela. Donostia-Pasaia 800 urte irauten duen arazo politikoa izanik ez dut uste aproposena denik boto batzuk lortzeko, banaketa sozialaren arriskua egonik, iruditzen zait posible dela bi udalen arteko adostasun politikoa lortzea, epaitegietara edo Foru Aldundira joan gabe, batez ere tartean 30.000 biztanleen herritartasuna jokoan dagoenean.
Vargas Ponce Txostena 1804http://www.pasaia.net/es/ficheros/9_4634es.pdf Vargas Ponce planoa 1804:http://donostia2013.files.wordpress.com/2013/12/planoa-s-pedroa-jose-vargas-ponce-1804.jpg