Koldo Urrutia
Euskeraren Jatorria Elkartea

Euskoeuropeismoa 'atx-landa…' Indoeuropeismoa

Euskal Herriak mendebaldeko Europaren sorreran izan duen garrantzi historikoa erabat finkatua gelditu da azken urteotan, genetikaren bi ekarpeni esker. Batetik, horko herri asko (Irlanda, Eskozia, Gales, Ingalaterra…), hein handi batetan, glaziazio ostean hemengo aterpetik (Kantabria - Euskal Herria - Akitaniatik) joandako gure arbasoen ondorengoak direla.

Bestetik, Joxemiel Barandiaranen teoria baieztatu da: euskal etniak gure lurraldean gutxienez 8.500 urte daramatzala zioen berak eta gainera, epe hori 15.000 urtetara  luzatu da.

Bitartean, inbasio indoeuroparren datuei buruz zalantza berriak zabaldu dira. Zenbait genetistek esandakoaren arabera, inbasio indoeuroparrak ustez baino berantiarragoak izan dira (orain 4.500 urte), eta Anatoliatik baino, errusiar estepatik etorri zirela ondorioztatu dute.

Genetikak emandako datu berri hauek ez dira orain arte euskal hizkuntzalaritzara eraman, nahiz eta Europan hori kontuan hartzen hasi duten zenbait hizkuntzalari egon badagoen, Theo Vennemann, esate baterako. Horrez gain balio heuristikoa kendu zaio euskerari, hau da, teoria desberdinak proposatzeko eta berraztertzeko balioa. Adibidez, erro, hitz edo egitura bat berdintsua denean euskeran eta zenbait hizkuntza indoeuroparretan, indoeuroparrari onartzen zaio iturria, eztabaidarik gabe.

Adibide xume bat: (h)aitz-atx lanabesen sendi osoa dugu euskeran. Latinen, aldiz, asciola delako hitz soltea. Hipotesi indoeuroparraren arabera, bai bitxia! euskal aizkora asciolatik dator eta, inplikazioz, beste haitz sendi guztia ere, nahiz eta sendi hori hizkuntza indoeuroparretan ez existitu. Askoz zentzu gehiago du honakoak: latineko asc-iola eta indoeuroparren beste ‘adz-atx‘ adibideak euskeratik edo Europa mendebaldeko hizkuntza baskonikoen sendi zabal batetik etortzea, atx-aitz forma eta sendia izan omen zutenek.

Bestetik, ez dugu ahaztu behar, paleolito garaian eta ostean ere, Asturiasko kobetatik Alemaniako hegoaldeko kobetaraino, ehiztari-biltzaile komunitateen arteko harremana oso handia izan zela. Toponimia, hitz sendiak, egitura sintaktikoak, eta abar, berrirakurtzeko garaian geundeke. Hainbat xehetasun dago kontuan hartzeko; adibidez, koba paleolitikoen inguruko toponimiak (Lascaux, Cromañoneko kobak…) euskal toponimoz beteta daude, baita beste lurralde askotan ere. Beraz, glaziazioaren ondoren hango biztanleak Europa osora zabaldu zirenean, irteera egunetik bertatik bere hizkuntza maitatua ahaztuko zuten?  

Ondorioz, erro eta hitz asko non sortu ziren, nork zabaldu zituen eta jatorriz norenak diren baieztatzea, gure uste apalean, ez da erraza. Eta hemen tenisaren paradigma aipatu behar dugu. Nazioartean kirol ingelestzat daukate baina Jose Maria Bellido 'Kirolak' aldizkarian (111. zk.) proposatu zuen moduan, Iparraldeko joko garbian oinarritutako aldaera bat baino ez litzateke izango. Izan ere, tenisean sarearen altuera, bat dator guztiz joko garbian erabiltzen denarekin eta frontoietako aurreko aldeko txapekin. Horrez gain tenisean jolasteko ezinbestekoa den “xarea” ere hor daukagu, baita beste zenbait kontu ere: zelaiaren zabalera, sake eta pasaren arteko aldea, jokalari eta epaile kopurua… Bellidok zioenez, Frantziako eta Nafarroako errege-erreginek Iparraldetik Parisko gorteetara eraman zuten, han zabaldu zen eta handik hartu omen zuten ingelesek.

Indoeuropeismoaren proposamen askorekin tenisaren antzeko zerbait gertatu ote den susmoa dugu, hau da, jatorriz euskal hitzak hartu zirela eta horietako batzuk hedatu zirela Europan zehar. Horregatik, indoeuropeismoaren teoriarekin batera euskoeuropeismoaren teoria ere eraiki behar dugula  uste dugu, eta, horretan aritzeko, maiatzaren 9an Euskeraren Jatorriaren X. Biltzarra egingo dugu. Bertan, erro hauek ikuspegi anitzetatik ikertu dituzten eta zenbait lan argitaratu dituzten hizlariak izango ditugu Zestoan: Eñaut Etxamendi, Mikel Urkola, Felix Zubiaga, Jabier Goitia eta Jon Nikolas goizeko saioko hizlariak izango dira. Bost ikerle hauek, zenbait erro oinarri hartuta, horiengandik atera dezakegun informazio etimologikoaren berri emango digute.

Arratsaldean Ekain kobako erreplika bisitatu eta Oteitzari buruzko ikuskizun bat izango dugu Una filologia para nuestro Preindoeuropeo  argitalpenaren 20. urteurrenean. Oteitzaren lan hau mugarria izan zen bere garaian, paleolitoaurreko euskal mundu ikusketari dagokion garrantzia itzuli ziolako eta euskal hizkuntzalaritza ikuspegi hori gabe aurrera ez duela egingo proposatu zuelako.

Ondoren Antonio Arnaiz Villenak Mediterraneo inguruko hizkuntzen arteko harremanez egingo du hitz, Nerea Rementeriak bere aitak sortutako semantismo literalaren teoriaren berri emango digu, euskeraren eta beste hizkuntzen sorrerantz begira dagoena, eta Luis Azkonak iberiera dezifratzeko egin dituen ikerketak eta bere liburuaren azken bertsioa ezagutaraziko dizkigu.

Biltzarra amaitzeko Miguel Thomson ikerlariak, Iruña-Veleiaren ikerketan metodo zientifikoa baliatuz, grafitoak seguruenik egiazkoak direla ondorioztatu daitekeela azalduko  du. Izan ere, aurkitu zirenetik faltsutzat emandako ebidentzia asko eta asko garai erromatarreko beste indusketetan edo bazeuden –nahiz hemengo adituek ez jakin- edo agertzen ari dira azken bost urte hauetan.

Atzera begirako euskeraren ikerketa honetan etorkizunera begirako ildoren bat ere izango da. Felix Zubiagak esaterako, patriarkalismoak hizkuntzen aldaketetan izugarrizko garrantzia izan zuela azalduko du eta, gizakiok bizirauteko, gizateriaren eta hizkuntzen sorreran egon zen amaren mundu ikuskera eguneratu bat behar dugula proposatuko du.

Bilatu