Ikasle pribilegiatuen itxialdia
Osasun zerbitzuetan asistentzia euskaraz ziurtatuta ez dagoela adierazten diguten hainbat adibide ikusten ari gara bai prentsan bai Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Elebidek urtero egindako txostenetan. Biharko egunean egoera hori zuzendu ahal izateko, edonork sinatuko luke egungo ikasleek ikasketak euskaraz egin ahal izatea. Ikasleek, ordea, itxialdia egin behar izan dute orain dela aste batzuk euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatzeko. Iñigo Jakak, ikasleei babesa emanez, Argia aldizkarian idatzitako artikuluan dioen gisan, urteetako inposaketa eta borondate ezaren beste adibide bat da ikasle hauek bizi duten egoera.
Eta, halere, euskaraz bere ikasketa osoak egin ezin ditzaketen EHUko ikasle hauek dira pribilegiatuenak. Batxilergoan eta selektibitatean egin duten ahalegin pertsonal itzelaren ondoren 12tik gorako batez bestekoa lortu dutelako daude EHUn medikuntza ikasten. Medikuntza euskaraz ikasi nahi duten, baina media hori lortu ez duten gainerako ikasleak beste unibertsitate publiko eta pribatu batzuetatik barreiatuta daude eta ez dute klase bakar bat ere euskaraz jasoko.
Ipar Euskal Herriko ikasleen egoera ez da hobea. Bertako ikasketa sistemaren ondorioz, gehienez 10 puntuko media lor dezakete eta, ondorioz, EHUn ez dira sekula sartuko. Euskaraz jasoko duten klase kopurua zero izango da kasu honetan ere.
Ikasketak bukatu ondoren, ikasle hauek guztiak MIR azterketaren gurpil zoroan sartuko dira. Ateratzen duten notaren arabera, Euskal Herriko zentro bat hautatu ahal izango dute espezialitatea egiteko edo kanpora joan beharko dute espezialitatea egitera. Hemen geratzeko pribilegioa dutenek ere, tokatzen zaien zerbitzuaren arabera, espezialitatea neurri ezberdinean egin ahal izango dute euskaraz, Osakidetzak ere ez baitu espezialitatea euskaraz egin ahal izateko aukera ziurtatzen.
Itxialdia egin zuten ikasleek ondo dioten bezala, osorik ez bada ere, euskaraz ikasteko aukera bakarra EHU denez, unibertsitate honek euskaraz ikasi nahi duen ikasle orori aukera eta babesa eman behar dio. Ildo beretik, Osakidetzak espezialitate guztiak euskaraz egin ahal izateko medioak eskaini behar ditu.
Etengabeko eskubide urraketarekin bukatu nahi bada, oinarrizko zutabeak eraikitzen hasi beharra dago. Osakidetzaren euskara plan onena ere alferrikakoa izango da, ez du asistentzia euskaraz emango denik ziurtatuko biharko profesionalak euskaraz prestatzen ez baditugu. Alperrik dira tibia eta peronea kalkaneoak eta astragaloak eusten ez badituzte. Hezurdura osoa, hezkuntza eta osasuna, Eusko Jaurlaritzaren ardura da. Aukera izan dugun bakoitzean, lankidetza eskaini diogu Eusko Jaurlaritzari eta erantzuna espero genuena baino epelagoa izan den arren, gure lankidetza eskaintza mantentzen dugu.
Beraz, anai-arrebak, entzun ikasleen aho-hotsa. Ikasleak izan dira kasu honetan anatomia klaserik onena eman digutenak: izaite bat ez daike hezur hutsez osa; herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik berextean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hil hotza.
Gu ere zuen kezkarekin bat gatozenez, bai EHUko ikasleek bai gainontzeko fakultateetan barreiatuta zaudeten Euskal Herri osoko ikasleek eta bai espezialitatea egiten ari zareten tituludunek ere gure babes osoa duzue. Behar duzuenerako alboan izango gaituzue beti.