Iruña-Veleia: egia askatu
Iruña-Veleia aberastasuna dela jakina da. Gurea. Burdin Arotik datorkiguna, urbanizazio modernoek irentsi gabekoa (gaurdaino, bihar arte ez dakit), Iberiatik Europarako bide nagusi bazterrean baztertua, Iruña-Veleia, Arkiz mendi magalean, ume, nerabe, kokatua eta kikildua.
Banago gu ere halaxe ez ote gauden, kikilduak, gaurko gure gizartea, historiagile ofizialen sareetan kokilduak, ttiki, akonplejatuak, ukatuak, urkatuak, banago halaxe ez ote gauden.
Eta gainera, benetakoak balira (balira) Iruña-Veleian berriki aurkitutakoak eta ukatutakoak? Orduan, aberastasuna ezik, altxorra genuke, izugarrizko altxor linguistikoa, historikoa, arkeologikoa, egundainokoa, gurea, gure eskura, gure zain. Zeren, gure zain jarraitzen dute, denok konbentzitzeko gisan ikertuak izatearen zain. Eta benetakoak balira?
Eta egunetik egunera «logika» gehiago du benetakoak izateak. Urteak daramazkit baten argumentuak eta bestearenak entzuten, honi eta horri eta hari aditzen, ahalbait alde guztietakoen arrazoinei so... urteak. Eta gaur gaurdaino, ondorio hau atera dut: ezinezkoa da faltsutze lan bat izatea. Ez du logikarik horrek. Nork daki aldiberean latin klasikoa eta arrunta eta euskara arkaikoa eta kristautasunaren hastapenak eta zelta, grekera eta iberieraz... Eta taldelana izatekotan ere, noren agindutara, nork ordaintzeko, zer jasotzeko... adarra jotzeko soilik? Zuk ikusten diozu horri inungo logikarik?
Nekea sumatzen da, luze daramagu. Bada hamaika urte, hamaika, lehenengo grafito «ikusgarria» argitaratu zenetik. Bada zortzi urte adituen komisio batek faltsutzat eman zituela. Bada zazpi urte Arabako Diputazioak epaitegietara jo zuena.
Zazpi urtez, zazpi, aizu, eta zazpi urtetan miatu dituzte bazterrak, ikertu aztarnak, bilatu frogarik, kaligrafoak, fisikoak eta kimikoak, ertzainek eta besteek... zazpi urtez, eta oraindik «ez dakite», «ez dute frogarik aurkitzen» faltsuak direnik, zazpi urtez «instrukzio fasean». Alafede! Zer ez dute aurkitzen? Eta ez badute aurkitzen, orduan zer?
Baina altxorrak jarraitzen du sub judize, urteak joan, urteak etorri, pertsonak salaketa-pean eta piezak giltza-pean, itzal-pean, salbuespen egoeran, gure herri zahar honen ispilu, eternoki salbuespen egoeran...men egin arte? Amen egin arte.
Bigarren Biltzarra: Ez, ez dugu ezer demostratu nahi. Bai, guk egiaren bila lanean darraigu, apal, ikertzen jarraitu nahi dugu, instituzio ofizialek itzali duten argia guk piztuta nahi dugu, argia behar dugu ikuskatzeko, argia begiratu ahal izateko, argia eztabaidatzeko lasai, aurreiritzirik gabe, edo bakoitza bere uste eta iritziarekin baina elkar adituz, aintzartuz (elkar aintzat hartuz).
Argiaren bila. Sarrionaindiaren ipuina datorkik gogora, Sarri, “Gu ilunekoak”: «Hainbesteko argitasuna itsugarria zen... Lehenengoz ikusten genuen batak bestea... Ikasi egin behar zen, ikusten, baina ikaskizuna zaila zen... Ikaragarria zen ikusten zen guztia, dirdira... baina hondamendi... Izarrargi faltsu horrek gure ohitura guziak hondatu ditu...Gora iluntasuna...»
Hemen ere, «Gora iluntasuna» gogoko al du baten batek? Ez duzu nahiago «Gora argi zatiok» (izpiok)?
Eta argi zati horien bila, aitortzen ditugu gure mugak. Muga humanoak: lau katu gara borroka honetan, lau katu eta zu; gainerakoak isil-isilik daude, gaurko gizartearen ispilu hau ere. Eta muga fisikoak batipat. Zeren, fisikoki ikusi ezin ditugun grafitoez lan egitera gara behartuak. Bere garaian eginiko argazkietatik ari gara. Eta horrek asko mugatzen gaitu. Egoera kafkianoa askitaraino. Hirugarren Biltzarrarako egoera aldatuko al da. Ari da aldatzen, ari gara iraultzen, irauli-arazten.
Gonbidatuta zaude, zaudete. Maiatzaren 7ean, Europa Jauregian, Gasteizen.