Koldo Urrutia
Euskeraren Jatorria Elkartea

Iruña-Veleia eta kristautasuna

Iruña-Veleia Euskal Herriaren historia, euskera, arkeologia, bai eta erlijioa ere ezagutzeko ezinbesteko indusketa bihurtu da. Baina jende askok ez daki -edo ez du jakin nahi- gai honen atzean zer gertatzen ari den. Jakin behar da, batetik, Iruña-Veleia Euskal Herrian epaitegietan instrukzio fasean denbora gehien daraman afera bihurtu dela, azaroaren 19an Lurmen kanporatu zutenetik, 8 urte beteko direlako eta gaia oraindik ebatzi gabe eta behar diren datazioak  egin gabe daudelako.

estetik, jakin beharra dago horrelako epaiak zientifikoki ebazteko errazenak direla, bi hilabetetan arkeometria laborategietan datazioak egin edo kata kontrolatu batzuk burututa, dena di-da batean argituko genukeelako.

Baina ez dute hori egin nahi eta horregatik ozen eta garbi salatu behar dugu: aski da! Zer gertatzen ari da Iruña-Veleian datazioak ganorazko laborategi batean ez egiteko? Zergatik ari da Iruña-Veleian establishment politiko, unibertsitario, komunikatibo eta judiziala egiten ari dena egiten? Hau da: Lurmen kanporatu, hondeamakinez indusketako gune garrantzitsu bi suntsitu, urtero aldatu behar izan duten gezurrezko bertsio ofizialari eutsi (Descartes, grafologia, sasianalitikak, San Juan komentuaren aurkikuntzaren gezurra…), kereilaren instrukzioa 8 urtez luzatu, aurreko Arkeologia Museoko zuzendaria handik kanporatu haiek ostraken erabateko kontrola izateko eta ez Epaitegiak, etab.

Hemen establishmentaren lau beso horiek Iruña-Veleia aferan hain irmoki bat egiteko ezkutuko arrazoiak daude eta UPN-Unión del Pueblo Navarrok Iruñan egindako Gaztelu plazaren suntsiketarekin lotura zuzena izan lezakeela susmoa dago, Euskal Herriaren garai historiko garrantzitsua zelako eta garai horretan gertatutakoa jakiterik ez dutela nahi badirudielako.

Iruña-Veleian kulturari emandako estatu kolpearen atzetik egon daitekeen gai batean sakonduko dugu azaroaren 19an egingo dugun jardunaldian: kristautasuna. Iruña-Veleian Eliseok topatutako III. mendeko kalbarioa Erroman aurkitutako guztiak baino zaharragoa da eta, horrez gain, munduko “Azken Afariaren” irudirik zaharrena ere topatu zuen bertan, Maria Magdalena izan zitekeenaren irudiarekin. Gainera, “Azken Afaria” oso erraz datatu daitekeen buztinezko taula baten gainean eginda dago.

“Gure Aita” otoitzaren hasiera ere badugu, datatu daitekeen zeramika puska baten gainean, gaztelerazko Padre Nuestro baino askoz zaharragoa (aurrerantzean euskera «maite» ez dutenek ez diezaguten esan «háblame en cristiano»)… Eliseo Gil Zubillagak gauza gehiegi topatu zituen orain arte kontatu diguten kristianizazio berantiarra defendatu ahal izateko, egunez egun, ETB lau haizeetara zabaltzen ari den euskalduntze berantiarraren teoriarekin gero eta antza gehiago daukana. Baliteke, hemen gertatutakoa kristianizazio berantiarra baino, vatikanonizazio berantiarra izan zela.

Beste grafito batean testu eta irudi zirraragarriak ditugu: «Neure ama Roman hilda cistiana», gurutzean hildako baten marrazkiarekin batera. Bai, garai hartan latina ez zen elizaren hizkuntza, hiltzaileen hizkuntza baizik. Inperioa desagertzeko zorian zegoenean, historialari batzuek defendatzen dutenaren arabera, erromatar agintariek «kristautasuna» kontrolpean hartu zuten Nizearen kontzilioan, erabat xurgatzeko eta haiek, kristautasunaren mozorropean, mendebaldeko erromatar inperioan agintzen jarraitzeko… Euskal Herrian izan ezik.

Izan ere, Bagauda mugimenduak «kristauz» mozorratutako erromatarren aurka borrokatu omen zuen eta, historialari batzuek diotenez, horrek, geroago Nafarroako Erreinua sortzeko baldintzak sortu omen zituen hemen. Horregatik, ez da harrigarria Vatikanoa betidanik Nafarroako Erreinuaren aurka aritu izana eta gure errege-erreginak eskumikatu izana, nahiz eta betidanik Gaztelakoak bezain “kristauak” izan.

Ildo horretatik, uler daiteke kristauz mozorratutako erromatar berriek, erlijioa patriarkatuaren eta inperialismoaren magalean kokatu ondoren, gurutzadak, herri indigenen kolonizazioak, inkisizioa, etab. sustatu izana.

Horregatik, Iruña-Veleia eta Kristautasuna jardunaldian garai historiko honetan eta X. mendera arte hemen zer gertatu ote zen aztertuko dugu sakon-sakon. Batetik,  euskaldunon aurreko sinismenak zeintzuk izan zitezkeen aztertuko da eta sinismen horiek nola iraun omen duten oraingo bizitza espiritualean. Bestetik, iturri bibliografikoen arabera, Euskal Herrian elizaren historiari buruz zer dakigun azalduko da, orain arte gai horri buruz idatzitakoa ezagutzea ezinbestekoa delako.

Hirugarrenik, kristautasunaren hastapen-hastapena askoz zaharragoa izan zitekeela dioen teoriaren berri ere izango dugu. Ondoren, Iberiar penintsulan X. mendera arte Erromako boterearen aurka altxatu ziren mugimendu heretikoen berri ere emango digute.

Horrez gain, Iruña-Veleian kristautasunarekin lotutako ostrakak zeintzuk diren, zer garrantzia duten, nola interpretatu behar diren, etab. aztertuko dugu, ikaragarrizko altxorra dugulako. Amaieran mahai ingurua izango da eta hor gauza gehiago jarriko dira mahai gainean: euskal mundu ikuskera matriarkalaren eta erromatar ikuskera patriarkalaren arteko talkaren guneetako bat Euskal Herria izan zitekeela, etab.

Iruña-Veleian ostrakak ostrazismora eraman dituzte eta horiekin batera, gure historia, euskera, arkeologia eta baita erlijioa ere ezagutzeko aukera galdarazi nahi digute. Ez diezaiegun horrelakorik onartu!

Bilatu