Joxe Iriarte, Bikila

Duintasun martxen ondoren

Iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera, martxari zutabeek osaturiko hiru eguneko ibilaldiekin bat eginez 500.000 manifestari elkartu ginen Madrilen. Zoritxarrez, aurten ere, nik estimu dudan euskal hedabidetan ia aipamenik ez. Ogia, lana eta etxebizitza, hiru aldarri horiek ardatz, beste aldarrikapen batzuk oihukatu genituen, horien artean, herri eta nazioen erabaki eskubidea ere. Eta jada Madrilen ginela euskararen aldeko gure korrika partikularra (petoak jantzita) ospatu genuen manifestarien txalo zaparrada artean. Hots, ez dut ulertzen Euskal Herriko zenbait eragile sozial eta politikoen hoztasuna edo urruntasuna ekimen honekiko. Madrilen bukatzen delako? Zorionez, EH Bilduren sostenguaren berria heldu zitzaigunean egundoko poza azaltzeko parada izan genuen, eta baita bertako zenbait lagun ezkertiarrekin hitz egiteko berri horren inguruan. Internazionalismoa joan etorriko bidea da. Askotan aldarrikatu dugu gure borrokarekiko elkartasuna, egun hauetan gure halabeharra izan da gure aldetik gauza bera egitea. Azken finean, gure onurako delako.

Bilatu