Martintxo Mantxo | Ekologistak martxan

Iberdrola - Endesa: polizia zintzoa eta polizia gaiztoa?

Joan den egunean, Donostian izan zen Paco Castejón nuklear aditua elkarrizketatu zuten Garoñari buruz. Berak zion Iberdrolari ez zitzaiola Garoñarekin jarraitzea interesatzen, haren egoitza Euskal Herrian dagoela eta hemen zentral nuklear horren aurkako oposaketa handia dagoelako. Argi dago Euskal Herria kontuan hartu beharko zuela Iberdrolak. Bada garaia ia 50 urte eta gero! Eta ez badu herritarron iritzia onartu nahi, horrenbeste mobilizapenak eta gero, kontuan hartu beharko luke instituzioena, bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak eskatu baitute Garoñaren itxiera. Baita Errioxako Gobernuak ere. Iberdrolaren kasua, Garoñarekin atzera eta aurrera egon den denbora guzti honetan, ziur isladatu dela bezeroetan. Etengabe daude bere komertzialak gure ateetan joka Iberdrolarekin kontratua sina dezagun saiatzen. Elektrizitate banaketaren mapa hartzen badugu, zerbait ikus dezakegu: nahiz eta legez komerzializatzeko askatasuna izan, enpresa handien artean zonaldetan banatzen dira. Kasu honetan Iberdrolari dagokio Hegoaldeko probintzia guztiak, baita Errioxa ere (hauetaz gain Gaztela Mantxa, Gaztela eta Leon, Extremadura, Valentzia). Endesari berriz ez dagokio zonalde hau. Harenak dira Andaluzia, Aragoi, Katalunia eta Balear uharteak. Orduan, agian hor datza jarrera aldaketa berri honen arrazoia? Bezeroak zaindu behar ditu eta Garoñak eragiten duen eremua da Iberdrolari dagokiona eta ez Endesarena. Orduan, agian, jarraitzekotan batek esaten du ezetz, ez duela jarraitu nahi, eta besteak bai, horrela gaiztoa bezala gera ez dadin? Zeren kulebroi honetan gauza asko ez dira ulertzen: orain arte hain tematuta eta orain kontrakoa? Jarrera aldatzen duzu eta zure bikotearekin harremanean jarri beharrean publikoki egiten duzu akziodunen batzar batean? Komunikabideen bidez? Kontuan hartu, hau ez ezik Iberdrola dela estatuko zentral nuklear guztien jabea (bost Endesarekin, bost horietatik bi Gas Natural Fenosarekin eta bat HC Energíarekin, beste bat bakarrik), eta Garoñaren itxierak suposatzen duela besteak ixtea ere bai. Kontuan hartu ere gobernuaren laguntza izan dezakeela ere, laguntza potoloa! Guzti hau hipotesietan aritzea da, baina argi dago bai Iberdrola bai estatuko energia sistemak ez dutela besterik eskaintzen, opakutasuna baino. Opakutasuna eta gezurrak. Argi dago hau egia den edo ez den hemen oraindik ez da ezer erabaki eta oraindik Garoñaren irikitzea zilegi dela. Beraz mobilizatzen jarraitu behar dugu, abuztuaren 8ra arte CSNk beste erabaki bat hartu arte. Hurrengo hitzordua jarrita dago: Mirandan maiatzaren 13an.

Bilatu