Miren Salegi eta Gorka Goiatxe I Donostiako Udaleko LAB sail sindikalaren izenean

Itzuli al da faxismoa Donostiako Udalera?

Donostiako Udalak Urgullen berriro jarri du plaka bat tropa batzuen omenez, hain zuzen ere 1813an hiria erre zutenen, hiritarren etxeak arpilatu zituztenen, emakumeak bortxatu zituztenen, ehundaka pertsona erail zituztenen, zaharrak eta umeak barne, omenez.

Basakeri horren bigarren mendeurrenean udaleko brigadek plaka hori kendu egin zuten, orduko udal gobernuak horrela aginduta. Eta berriro jartzea donostiar guztiontzat (baita sail sindikal honentzat ere) eta hiriaren oroimenarentzat iraingarria eta umiliagarria da.

Gainera, egungo gobernuak ekintza hau ezkutatu nahi izan duela pentsa daiteke, plaka hau berriro jartzearen agindua kanpoko enpresa bati eman baitzaie eta ez, ordea, 2013an kendu egin zuten udal brigadei.

Ez dakigu PNV-PSOE tandema jabetu ote den bere jarreraren zenbaterainokoaz, garaia horietako prentsa frankistak goraipatu zuen plaka faxista hau jartzearena, alegia. Edo, aurreko udal gobernuaren urratsak ezabatzeko duen grinak eragin ote dion oroimen historikoari buruzko bere adierazpenekin koherentzia apur bat mantentzeko gauza ez izatea.

Plaka hau jartzea hanka-sartze bat izan bada, hanka-sartze deitoragarria izanda ere, udal gobernua zuzentzeko garaiz dabil, sinbolo faxista hau berehala kentzeko agindua emanez.

Horrela egingo ez balu, sail sindikal honen ustez, PNV eta PSOEn udal gobernu honek ez du izango inongo zilegitasunik edozein garaitan errepresaliatuak, kartzelatuak, asasinatuak, fusilatuak... izan ziren pertsonen omenaldietara joateko.

Horrelako kasu bat da Genozidio Frankistaren Biktimen Elkarteak Donostian faxistek asasinatu zituzten pertsonei egingo dien omenaldia, larunbat honetan.

Donostiako Udal langileei omenaldi honetara joateko gonbitea luzatzen dizuegu. Irailak 12, larunbata, eguerdiko 12:30etan, Goikoa Jauregi parean, biktima hauen omenez iaz inauguratu zen eskulturaren ondoan.

Bilatu