Mitxel Sarasketa, Oier Gonzalez Bilbatua I Ataramiñe

Lagun, senide, kide presoen gramatika, espetxea esateko

Zenbaitzuek, beren larruetan pairatzen duten kondena dela jakin badakigu. Baina zer dakigu, zinez espetxeaz? Espetxea, nolabait, esaterik bada, inork egitekotan bere baitan harrapatua dagoenak ahoskatu lezake berau.

Burdin zaporeko gramatika beharko ote den itxitura adierazteko, hori preso dagoenak daki soilik. Eszena tipikoa da, presoa lanpara exkax baten parean, argi are exkaxagoak mahaiaren gainean marrazten duen zirkuluaren barruan letra-jorran. Inguratzen duen iluntasuna, fisikoa izatetik haratago doa, zaila da oso ziega bat irudikatzea. Preso egon denaren “pribilegioa” akaso, bizipen esklusiboa berau, eta hala ere, espetxea, bizi gaituen jendartean oso zabaldua dagoen itzala da. Nola antzeman, baina, itzal bat? Ertz zorrotzak (txarrantxa eta porlanezkoak) izan badituen arren, lausoa da zinez espetxearen ideia materiala. Bere fisikotasuna eta espazioaren banaketa halako mito Alcatraz-tar batean itotzen da. Balkoi eta estaia erraldoietan banatzen diren galeriak, jendea (gizonak!) eskaileretan gora eta behera begirada gogor bezain lizunak gainontzeko (gizonei)eskainiz. Zer adierazi nahi du “patiora jaitsi” dioenak? Nondik jaitsi behar du? Zer da ekonomatoa? Biluzteak, ziegaren hankaz gora jartzeak, janaria bezain oinarrizko zera bat jaso ahal izatea zuzen-zuzenean gartzelariaren gogamenaren mende egotea… Baina baita patioan atzera-aurrerako ttipi-ttapan ehuntzen diren kidetasunak, ziegaren baitan ahuakate hezur soil batean sortzen den bitxi bereziki berezia, olerki, irudi eta hamaika sorkuntza txikiren bilduma… Espetxe egoeran ohiko gertakizunak, guztiak. Agian, espetxean dagoenarentzat, eguneroko kontuak izan badiren arren, kanpoko begirada dardarka jarri lezaketen ertz (zorrotz) egunerokoak.

Aurtengoan ere, ertzok mahai gaineratzeko laguntza eske gatozkizue, lagun, senide eta kideok. Aurreko aldietan zuen lanak argitaratu ditugu eta 2015’eko Ataramiñe Bildumarako zuen letra, pintzel kolpe eta bolaluma laztanak behar ditugu. Espetxea, gure hurbilekoak gordetzen dituen errealitate urruna bilakatu nahiko lukete zenbaitek, murruak altxa, kilometroak… Baina zuen lanak, zuei propioki baliagarri zaizkizuen aldetik, noski, guri espetxea azaldu, izugarrikeria antzemateko baliagarri zaizkigu. Errautsen gaztelua astindu berau ikusgarri bilakatzeko. Eraitsi beharreko murrua zein den esplizitatzeko.

Zuen sorkuntza lanak, gure plazatxoan kaleratzeko eskean gatoz beraz lagunok. Bilduma atondu ahal izateko, irailaren 30a baino lehen zuen lanak ondorengo posta kutxara bidali: Ataramiñe. 80.en posta kutxa. 48200, Durango. Bizkaia. Edo bestela helbide honetara: ataraliteratura@gmail.com. Zuen lanen zain beraz, zuen zain, beti. Orri zabalik, beso zabalik. Etenik gabe, espetxea eteten ez den heinean.

Bilatu