GARA
BOISE

Boiseko Jaialdia EAJren lana goresteko erabili du Andoni Ortuzarrek

Gaur amaituko da Boiseko Jaialdi jendetsua, euskal diasporaren ospakizun garrantzitsuena, eta deigarria da EAJk bertan izandako jarrera. Atzo, esaterako, alderdiaren 120. urteurrena ospatu zuen han.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko ostegun gaueko ekitaldiarekin batera, atzo, Euskal Herriko ordu txikietan, euskal folklore eta kultura oinarri eginiko festa handiak ezaugarritu du aurtengo Boiseko Jaialdia. Gaur bukatuko da Idahoko hiriburuan euskal diasporaren hitzordu garrantzitsu hau.

Hainbat ordezkari politiko ere erakarri ditu Boisekoak, tartean Iñigo Urkullu lehendakaria. EH Bildu bertan izan da, Josu Juaristi eurodiputatua eta Jon Iñarritu Amaiurko diputatua ordezkari. Bi hauek David Bieter Boiseko alkatearekin (bera ere euskal jatorria duena) bilera emankorra egin zuten. EAJk, bestalde, alkatearekin bildu ez ezik, alderdia goresteko ekitaldira eraman zuen David Bieter.

Deigarria izan da EAJk Boisen egindakoa, jaialdi honen barruan alderdiaren 120. urteurrena ospatzea helburu zuen ekitaldi propioa txertatu zuen eta. Andoni Ortuzar EBBko presidenteak hartu zuen hitza bertan, Urkullu, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia eta Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusia eta Bieter bera ondoan zituelarik.

EAJren bilakaera goresteko antolatu zen ekitaldia. Euskaraz zein ingelesez, «EAJ bere historia osoan zehar euskal gizartearen eta Euskadiren garapenaren zerbitzura egon da», nabarmendu zuen Ortuzarrek. «Gaurko honetan 120 urte betetzen ditugu eta urte horiek guztiak eman ditugu euskal gizartearen zerbitzura, euskal aberria eraikitzeko ahaleginaren zerbitzura», erantsi zuen.

«Gure alderdiaren historia poztasunez beteta dago, baina zailtasunak, mina, debekua eta erbestea ere pairatu ditugu. Inoiz ahaztu beharko ez genukeen denbora batean, gure herri eskubide guztiak kendu zizkiguten; ezin ginen euskaraz bizi, gure kultura isilarazi nahi izan zuten... Une gogor haietan Amerikan sortu zen euskal kausa defendatzeko ekimena», txalotu zuen EBBko presidenteak.

Idaho euskaldunen «etxe gozoa» edo «home sweet home» delakoa izan dela eta dela aldarrikatu zuen.