NAIZ.INFO
PARIS

Euroituna berresteko lege proposamenaren eztabaida hasiko dute diputatu frantsesek

Asanblea Nazional frantsesak Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren berrestea bideratuko lukeen lege proposamenaren eztabaida hasiko du gaur arratsaldetik aurrera. Bozketa ostegun edo ostiralerako espero da.

Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren berrestea bideratuko lukeen Konstituzioaren aldaketa eztabaidatuko dute gaur arratsaldetik aurrera diputatu frantsesek.

Testuak Konstituzioari 53-3 artikulua gehituko lioke eta bertan Errepublikak 1992ko azaroaren 5ean Europako Kontseiluak onartutako Ituna berresten ahal duela dio. Horrez gain, bi «interpretazio-azalpen» jasotzen ditu. Batetik, itunean aipatzen diren «hiztunen taldeek» ez dituztela eskubide kolektiboak sortzen eta, hortaz, ez duela herritar frantsesen berdintasun printzipioarekin talka egiten. Bestetik, Itunaren hainbat artikuluk ez dutela Konstituzioaren 2. artikulua urratzen, Administrazio publikoan erabiltzen den hizkuntza frantsesa dela dioena.

Eztabaida luzea izatea espero da eta bozketa bihar edo ostiralean egin liteke. Lege proposamena onartzen badute diputatuek, senatariek ere bozkatu beharko dute, ziur aski datorren astean, astearte edo asteazkenean.

Hurrengo urratsa erreferenduma egitea litzateke. Gobernuak, ordea, ez luke izango horraino ailegatzeko asmorik eta sostengu aski dagoela ikusiko balu, zuzenean lege proiektua aurkeztuko luke. Ondoren, Asanblea Nazionala eta Senatua elkartzen dituen Parlamentuaren Kongrsuaren 3/5ek onartu beharko luke.