NAIZ
DONOSTIA

Datozen asteotan Suitza eta Alemaniara joango da Etxeraten delegazio bat

Europako Parlamentura eginiko bidaian presoen errealitatearen eta gaixo dauden presoen egoeraren berri eman zuen Etxeratek, eta legebiltzarkideen aldetik «interesa lehenbizi eta, ondoren kezka, elkartasuna eta egoera honekin behingoz bukatzeko parte hartzeko borondatea» jaso dute. Datozen asteotan Suitza eta Alemaniara ere joango da elkartearen delegazio bat.

Bruselara eginiko bidaia baloratzeko Donostian egin du agerraldia Etxeratek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Bruselara eginiko bidaia baloratzeko Donostian egin du agerraldia Etxeratek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Donostian eskainitako prentsaurreko batean, berriki Bruselara eginiko bidaiaren inguruko irakurketa plazaratu du Etxerat elkarteak. Patricia Velez eta Urtzi Errazkin bozeramaileekin batera, bidaian parte hartu zuten Gentzane Callejo eta Mila Iradi ere izan dira, larriki eri diren Jagoba Codoren izeba eta Ibon Fernandez Iradiren ama, hurrenez hurren.

Gogoratu dutenez, Europako Legebiltzarrera egindako bisitak bi helburu nagusi zituen: alde batetik, Madril eta Parisek eskubideen urraketak mantendu nahian baliatzen duten blokeoea gainditzea eta, bestetik, urraketa horien ondorioak Europan azaltzea, bereziki gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso politikoen egoera aipatuz.

Basque Friendship-eko taldekideekin, GUE/NGL aliantzako legebiltzarkideekin eta beste eurodiputatu batzuekin bildu zen Etxerat. Flandriako Legebiltzarreko lehendakariarekin ere bilera bat egin zuen elkarteak. Kasu guztietan, gaixotasun larriak dituzten presoen diagnostikoak, egungo osasun egoera eta espetxeetan ematen diren bizi baldintzak jasotzen dituen txostena entregatu zuten.

«Gaindituta beharko luketen egoerak bere horretan dirautela ezagutzeak, ustekabea eta haserrea sortu dute legebiltzarkideengan», azaldu du Etxeratek.

«Presoen errealitate gordinaren aurrean eta gaixo dauden presoen egoerak sortarazten dituen ondorio lazgarriei erreparatu gabe –esan du elkarteak–, ezaguna da frantziar eta espainiar gobernuek mantentzen duten inmobilismoa, euskal instituzioen utzikeria eta alderdi politiko zein sektore sozial jakin batzuen konplazentzia».

Bidaia gehiago

Europako Parlamentuko kideen aldetik, aitzitik, «interesa lehenbizi eta ondoren, kezka, elkartasuna eta egoera honekin behingoz bukatzeko parte hartzeko borondatea» jaso dituzte.

Inplikatzeko konpromiso horren baitan, datozen asteotan Suitza eta Alemaniako alderdi politiko zein giza eskubideen defentsan ari diren elkarteekin elkarrizketatzeko Etxeraten delegazio batek bidaia egingo du. Hortik abiatuta, Europar Batasuneko hainbat herrialde ere bisitatuko ditu elkarteak aurrerantzean.

«Jakin badakigu Europa mailako alderdi eta eragileen konpromiso eta ekintzekin ez dela nahikoa izango salbuespeneko espetxe politikarekin bukatzeko. Badakigu ere eskubideen urraketen baitan onartzen diren gomendio eta konklusioei beti uko egiten dietela bi estatuek. Baina, hala ere, aurrerapausoa egin dugula argi dugu», nabarmendu du Etxeratek.