1977/2024 , 2021

Pandemiak eragindako murrizketak gorabehera, Zubietako joaldunek Iturenera urtero egiten duten bisitaldiari ekin diote berriro inauterietan.
Pandemiak eragindako murrizketak gorabehera, Zubietako joaldunek Iturenera urtero egiten duten bisitaldiari ekin diote berriro inauterietan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Fernando Alonso

2021: Ongi etorriak pozez

Itsasoak bezala, pandemiak ere olatuak izan zituen, eta egoera baretzen zenean, segidan ailegatzen zen beste olatu bat. Horrela iragan zen 2020. urtea, gora eta behera; batez ere, ekonomiaren interesen eraginagatik.

Hala, egoera dezente egonkortzen ari zenean, 2020ko Gabonak heldu ziren, neurriak arindu zituzten eta 2021a olatu berri baten gainean hasi zen; laugarren olatua, hain zuzen ere.

Gero, berriro ere ekonomiak jota, bosgarren olatua etorriko zen.

Euskal Herrian lehen hildakoa 2020ko martxoaren 4an izan zen. Urtebete geroago, 5.000 baino gehiago ziren covid-19arengatik hildakoak. Mundu osoko hildakoen zerrendan 12. postuan zegoen Euskal Herria. Beste hamaikak ere europarrak ziren.

Urte bukaeran sindikatuek protestak antolatu zituzten EAEn, Osakidetzaren egoera «jasanezina» salatzeko. Mediku eta baliabide falta azpimarratzen zuten.

Osakidetzako langileek manifestazioa egin dute Donostian urtarrileko greba-egunean. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Gauzak horrela, lehenbiziko txertoak eta txertatzeko kanpainak ongi etorriak izan ziren, pozez hartu zituen jendeak. Bizitza normalera itzultzeko gogoa izugarria zen; behin betiko orrialdea pasatzeko nahia.

Halere, egunerokotasunaren bidea ez zen batere erraza izan, ezta arina ere. Hura gutxi balitz, birusaren aldaerak azaldu ziren, eta zenbait kasutan horrek eragin handia izan zuen adin-talde zehatz batzuetan. Birusaren aldaera berriak eta kutsakorragoak.

Osasun sistema publikoa lehenagotik nahiko pattal zegoen, eta pandemiarekin eta txertaketa kanpainekin, beraien gaitz oro ageriagoa izateaz gain, egoerak okerrera ere egin zuen. Udan, esaterako, Osakidetzaren hitzordu sistema erori zen.

Arangurenen txertaketa. (Idoia ZABALETA I FOKU)

Txertoekin eskandalua ere heldu zen, kargu politiko jelkide batzuek ez zegokienean txertoak hartu zituztela jakin zenean: «VIP Txertoak». Urtarrilean, informazioa agertu zenean, hain zuzen, Basurtoko eta Santa Marinako zuzendari-gerenteek dimisioa eman zuten.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak txandatik kanpoko txertaketaren berri lehenago izan zuen. Alta, Sagarduik, Legebiltzarrean agertu zenean, dena ukatu zuen; eta ez hori bakarrik, Batzordean azaldu zenean, elkar trukatutako mezuetatik interesatzen ez zitzaiona ez zuen irakurri.

Lau hilabete geroago, Legebiltzarreko oposizioak Sagardui gaitzetsi zuen «VIP txertoengatik», baina gaitzespenak ez zuen aurrera jo, EAJk eta PSEk galarazi zutelako.

Gotzone Sagarduiren agerraldia Legebiltzarreko Osasun Batzordean «VIP txertoei» buruz azalpenak emateko. (Jaizki FONTANEDA I FOKU)

EAEko Legebiltzarrean, Gobernuaren kontrako edozein gaitzespeni EAJk eta PSEk ez zieten ongi etorria ematen.

Aitzitik, jendarteak oso ongietorri ona egin zion Aieteko Adierazpenari, 2021ean bere 10. urteurrena ospatu zuenari. Adierazpen horrek gerorako bide itxaropentsua ireki zuela guztion iritzia bada ere, «kontakizun gatazkak» egunerokotasuna baldintzatzen du, errealitatea bera aldatzen saiatzeraino.

Jonathan Powell gonbidatu batekin mintzatu da Foro Sozial Iraunkorrak Aieteko Adierazpenaren urteurrenaren harira antolatutako ekitaldian. (Idoia ZABALETA I FOKU)

Foro Sozial Iraunkorrak urtemuga ospatzeko jardunaldiak antolatu zituen. Jonathan Powell eta NBEko Martin Griffiths ekitaldietan parte hartzeko Donostiara gerturatu ziren.

Urteurrenaren egun berean, Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez eta EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi Aieteko Jauregiaren aurrean azaldu ziren, eta ezker independentistaren izenean «Urriaren 18ko adierazpena» aurkeztu zuten.

2021eko urriaren 19ko GARAren azala.

Testuan, Aieteko Adierazpenaren garrantzia gogoratzeaz gain, elkarrizketa eta akordio politikoaren balioa azpimarratzen zen, eta era berean, prozesuan zehar presoen papera nabarmendu eta haien egoera konpondu beharra planteatu zen.

Horrez gain, ezker independentistak ETAren biktimei enpatiazko mezu bat luzatu zien.

Urkulluk adierazpena gutxietsi zuen. PPk eta Voxek lehendakaria txalotu zuten. Rodriguez Zapaterok, ostera, adierazpena balioetsi zuen, eta «eskuzabaltasuna» eskatu zuen egiteke geratzen ziren arazoak, presoak kasu, bideratzeko.

Espetxe politikaren aldaketa ongi etorria izan zen, pozaren pozez, nahiz eta urratzeko bide luze eta zaila geratzen zen. Muturreko urrunketa uztailean bukatu zen, Puerto de Santa Mariako kartzelan zeuden azken lau euskal presoak hurbildu zituztenean. Dagoeneko ez zegoen inor Madrildik behera eta Galizian.

Sarek urtarrilean euskal preso politikoen eskubideen alde deitutako manifestazioaren irudia. (Endika PORTILLO I FOKU)

Lehenengo graduan zeuden presoak bigarren gradura pasatu zituzten. Oraindik isolamenduan jarraitzen zutenak ere egoera horretatik atera zituzten.

Hala, hiru hamarkada luzez iraun zuten dispertsioaren hiru adierazle krudel bukatu ziren. Dena den, eta gertu bazeuden ere, oraindik Euskal Herritik kanpo preso asko geratzen ziren, kolektiboaren erdia, alegia.
Gainera, emakume presoen kasuan, Estatu frantsesean zeudenek oso urrun jarraitzen zuten.

Hori gutxi balitz, 168 preso irteteko baimenak jasotzeko edota baldintzapeko askatasunean egoteko moduan zeuden, baina ez zieten deus ematen. Hamarkadatan itxaron ondoren, Espainiako Gobernuak EAEko hiru espetxeetako kudeaketa Jaurlaritzari pasatzea ongi etorria izan zen oso. Maiatzean eskuduntza sinatu zuten eta urrian indarrean sartu zen. Berehala, Lakuak espetxe eredua aldatzeko agindu zuen.

2021eko maiatzaren 21eko GARAren azala.

Nafar Gobernuari ere Iruñeko espetxearen osasun arreta eman zion. Hain zuzen ere, preso batzuen osasun egoera oso kezkagarria zen; haien artean zen Antton Troitiño, Madrilgo Estremera espetxean zegoena. Otsailean, minbizi batek jota, azken fasean zegoela, askatu zuten. Hamar hilabete beranduago, abenduan hil zen Irungo ospitalean.

Azken hiru urteetan lau euskal preso hil ziren gaixotasunengatik, askatu eta gutxira: Angel Ochoa de Eribe, Oier Gomez, Asier Aginako eta Antton Troitiño.

Mendekua besterik nahi ez zutenek egoera hobetzea ez zuten gustuko. Biktimen elkarte batzuk aurka atera ziren, eta, ondorioz, Auzitegi Nazionalak esku hartu zuen eta presoen bide legala oztopatzeari ekin zion. Adibidez, Unai Fanori hirugarren gradua kendu zioten, eta espetxera itzuli behar izan zuen.

Presoen egoerari buruzko informazioa hedatzen zuten 'Kalera Info' aldizkaria eta 'Kalera Kalera' web orrialdea irailean itxi zituen ANk.

Bitxia zen, nolanahi ere, organo judizial bat presoen ibilbide legala sabotatzean aritzea. Baina horrela zen.

Bide horretatik, 13/13 sumarioaren epaiketa egin zen. Zenbait abokatu eta presoekiko solidario batzuen kontrako epaiketa horretan, tortura, bidegabeko miaketak, legez kanpoko entzuketak... oso agerian geratu ziren.
Eta hori guztia gutxi balitz, hauxe argudiatu zuen fiskalak: «ETA ez da desagertu, krimenak egiteari utzi dio, besterik ez».

13/13 makrosumarioan auzipetutako presoen zortzi abokatu eta solidarioak, epaiketaren aurretik egindako agerraldi publiko batean. (Oskar MATXIN I FOKU)

2022ko martxoan ebazpena atera zuten eta Arantxa Zuluetak, Jon Enparantzak, Naia Zuriarrainek eta Iker Sarriegik espetxe zigorrak jaso zituzten. Soilik biktimen elkarterik inboluzionistenek txalotu zuten ebazpena. Hain zuzen ere, sektore horietakoek presoen kaleratzeak gaizki etorritzat jo zituzten, eta «ongietorrien» kontra oldartu ziren, salaketak aurkeztuz. ANk berehala esku hartu zuen, eta Guardia Zibila bidali zuen, bi atxiloketa egiteko. Aurreko urtean lau atxikitze agindu emanak zituen.

Testuinguru honetan, EPPK-k gai horren maltzurkeria politikoa salatu zuen, nabarmenduz preso baten askatasuna ospatzen denean ez zegoela, inola ere, inori min sortzeko asmorik. Are gehiago, hauxe adierazi zuen: «Ongietorri pribatu eta diskretuak nahi ditugu». Eta beti pozez.

2021eko azaroaren 11eko GARAren azala.

2021ean EH Bilduk bere II. Kongresua egin zuen, eta urte osoan zehar oso presente egon zen bai kaleetan bai instituzioetan, erreferente saihetsezin bihurtuz. Abenduan, hamarnaka mila lagun atera zituen Bilboko kaleetara, «Lortu arte! Aske eta berdinen Euskal Herria» lelopean.

EAJk ere VIII. Batzar Nagusia egin zuen. Bestalde, PSEren eta PSNren kongresuetan gairik jorratuena EH Bildurekiko harremana izan zen.

Estatu Batuetan 2021a gatazkatsu hasi zen. Biden presidente hautatuak kargua zin egin baino lehen, Trumpek bere porrota ez zuela onartzen esan zuen. Segidan, bere jarraitzaile talde handi batek Kapitolioa asaltatu zuen. Irudiak mundu osoan hedatu ziren, historian geratuz.

2021eko urtarrilaren 8eko GARAren azala.

Historiarako geratu zen Espainiako erregearen kopako futbol finala ere, Athletic eta Errealaren arteko norgehiagoka futbol zelai huts batean. Kopa oso ongi etorria izan zen Donostian, pozaren pozez; eta Bilbon gabarrak hiru urte gehiago itxaron behar izan zituen.

Bizitzaren ironiak zer diren –birusak lagunduta–, Rodriguez Galindo torturaren kontrako egunean, otsailaren 13an, hil zen. Batek daki heldu zen lekuan zein motatako ongietorria egin zioten; pozez ala ez.