1977/2024 , January 8

François Mitterrand, frantziar Presidentetzarako bozak irabazi zituen 1981an eta 1988an.
François Mitterrand, frantziar Presidentetzarako bozak irabazi zituen 1981an eta 1988an. (Eric FEFERBERG | AFP)
Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

François Mitterrand joan da, distirak eta itzalak gibelean utzita

 'Egin' egunkariak «koroarik gabeko errege» gisara agurtu zuen, bere heriotza gertatu eta biharamunean, frantziar Alderdi Sozialista (PS) birsortu ondoren hamalau urtez frantziar presidente izan zen François Mitterrand. Bere agintaldiak distirak eta itzalak izan zituen.

'Egin' egunkariak «koroarik gabeko errege» gisara agurtu zuen Alderdi Sozialista (PS) birsortu ondoren hamalau urtez frantziar presidentea izan zen François Mitterrand.

Bere ibilbidean zehar iraganak utzitako orbanari nolabait iskin eginez boterea sendotzeko borondate irmoa erakutsi zuen Helmut Kohl Alemaniako kantzilerrarekin batera, Europako Batasunaren artisau nagusietarikotzat aurkeztu ohi da Mitterrand.

Gaixotasuna tartean, bizitza politikotik aldendu bazen ere, bere ibilbidearen azken orrialdeak bere lumatik idazteko hautua egin zuen Landetan zuen aterpetik sartu-irteerak eginez.

Hala, bere heriotza gertatu baino pare bat urte lehenago, zehazki 1994ko azaroaren 8an eta 9an Biarritzen antolaturiko XVIII. Frantziar-Afrikar XVIII. Goi Bileran parte hartu zuen.

Bilkura hori ardatz harturik, ez da zaila, alde batetik, aitzineko kolonietan, eta bestetik, Euskal Herrian, François Mitterrandek burutu zuen politika lerroaren artean hariak ehuntzea.

1981eko maiatzaren 10ean frantziar presidente bilakatu zenetik, deskolonizazioaren aro berriak Metropoli ohiaren interesak ahal zen eta gutxien nozitu zitzan jardun zuen Mitterrandek.

Bai garapenerako egitasmoen bidez bai zeharka edo zuzeneko esku-hartzea bultzatuz, Mitterrandek «Françafrique» izeneko logika kolonialistaren jarraitutasuna bermatu zuen.

Horren adierazle, Ruandan gatazka bihozgabea pizturik zelarik iragan zen Lapurdiko gailurra Mitterrandek «urteetan zehar aliatuak izan ziren» 30 bat agintariri agur esateko baliatu zuen.

Handik pare bat hamarkadatara argitaratu zen txostenak, ordea, distiraz baino itzalaz estali zuen agintari sozialistari gorazarre egiteko Lapurdiko hiri dotorean atondu zen goi bilera.

Eliseoko maizter berri Emmanuel Macronek eginiko eskaerari jarraituz 2021eko martxoan historialarien batzorde batek osaturiko txostenak tutsien genozidioari bide ireki zioten erabaki larriak hartu izana egotzi zion 1996ko urtarrilaren 7an hil zen Mitterrand presidenteari.

Hamarkadaz hamarkada frantziar agintariek Afrikan izan zuten ibilmoldearen pasarte larrienetarikoa izanik ere, beste hamaika aferak iluntzen dute kolonizazio osteko aroa.

Ezin aipatu gabe utzi politika hori indarrean zelarik gertatu zen pasadizo larrienetariko bat.

Lerro hauen azpian, François Mitterrand eta Thomas Sankara elkarrekin agertzen dira, 1988an, Ouagadougoun, AFP agentziako Daniel Janin argazkilariak egin zuen argazkian.

Alta, ezinbestekoa da mahai gainean jartzea Burkina Fasoko (kolonizazio garaian, Volta Garaia) iraultzailea hiltzeko 1987an antolaturiko estatu kolpearen onuradun nagusia aitzineko Metropolia izan zela, hau da, François Mitterrand buru zuen estatua.

«Testamentu afrikarra» Biarritzen egin zuen

Euskal Herriak bere «testamentu afrikarra» utzi zion Miterrandek nola jokatu zuen Bidasoaren alde batera eta bestera plazaratzen ziren aldarrikapen aurrean?

Eliseora eraman zuen hauteskunde programan PSko buruak jaso zituen 110 neurrien artean, 54.a zen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa euskal departamendu baten barnean elkartzea.

2017ko maiatzaren 5ean, Dominika Daguerre irakasleak idatzitako analisia plazaratu zen Ipar Euskal Herriko 'Kazeta.eus' atarian.

Hala, buruzagi sozialistaren garaipenak sortu zituen esperantzak fite itzali zirela azaldu zuen, tristuraz, idatzi horretan Daguerrek; zeinak GAL sortu zelarik 40. urtemuga kari, estatu terrorismoaren garairik ilunenetarikoaren gaineko memoria bizirik gordetzeko xedez Baiona Tippiko karriken gaindi iazko urte hondarrean antolaturiko ibilbidean hitza hartu berri duen.

Ipar Euskal Herrian erakunde propioa sortzeko egitasmoari bizkarra eman eta mugaz bestalde gori-gori zen gatazkari begira, Madrilen agintean zen Felipe Gonzalez presidenteak zituen premiak hobetsi zituen Parisek.

Euskal gizartean babes zabala zuten eskakizunei bide eman ordez, Parisen zein Madrilen agintean ziren mandatari sozialistek estoldetan xerkatu zituzten demokraziari muzin egiteko bidezidorrak.

Popo Larre, Joxean Lasa eta Joxi Zabala agintaldi bikoitz horren ezkutuko itzaletan desagerrarazi zituzten. Berrogei urte beranduago, ordea, argitara eraman dituzte herritarrek hiru militante horien zein Jon Anzaren irudiak betikotzen dituen murala berrituz Patxa Plazan.

Propiotzat jotzen duen lurraldean hilketak, bahiketak, torturak eta desagertzeak onartzea gutxi balitz, frantziar historian aspalditik gordetako beste ezohiko jazarpen molde batzuk berreskuratu zituen frantziar Gobernuak «euskal auzia»-ri erantzuteko. Hala nola deportazioa.

Era berean, premiazko sistemaren bidez gauzaturiko entregak baliatu zituen boterean bizirauteko ezkerra eta eskuinaren arteko 'cohabitation' (ezberdinen arteko bizikidetza) asmatu zuen agintari sozialdemokratak.

Sinbolismoz beteriko garaipenak

Afrikan bezala Euskal Herrian aplikatu zuen politikaren gordintasuna aintzat hartuta, galdera egitea zilegi da. Historian aztarna hoberik utzi al zuen koroarik gabeko erregeak?

Zalantza izpirik gabe, Eliseora heldu aurretik eman zuen hitza bete zuen PSko buruak, ikuspegi sozial eta balore sinboliko handia zuten hainbat alorretan.

Berari zor zaio, hala nola, erretreta adina 60 urtetan finkatu zuen egitasmoa.

2022-2023an erretreta adina atzeratzeko egitasmoari ezetz esateko Hexagonoan zein Ipar Euskal Herrian antolaturiko mugimendu sozialak Mitterrand presidentearen eskutik lorturiko garaipen hori saihetsezina den erreferentzia gisa defendatu zuen.

Mitterrand agintean zelarik onartu zen, bestalde, frantses Estatuan heriotza zigorra bertan behera utzi zuen legea.

«Mitterrand doktrina» aldarrikatu zuten, bestalde, Brigate Rosseko dozena erdi militante ohik, iaz Italiako Gobernuak eskaturiko estradizioari aurre egiteko izan zuten auzian.

Hain zuzen, jazarria den militanteari babesa emateko proposamen etiko-politiko horri heldu zitzaion GARA egunkarian, Cesare Battisti militante komunista italiarraren kasuaren harira.

Hainbat gorabehera izan badira ere, oro har François Mitterrand joan zenetik eta gaur arte asilo politikoaren aldeko idatzi gabeko neurria indarrean izan da frantses Estatuan.