1977/2024 , February 10

Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Gatazkaren sufrikario osoa bildu zuen neguko astelehen latza

1997ko otsailaren 10a, astelehena, nonahi malkoak askatu zituen eguna izan zen, gatazka armatuaren gordintasunaren adierazle. Aurretik eta ondoren ere sufrikarioa areagotu zuen: preso bat hil berria zela abiatu zen eguna, eta Tolosako inauterietara zabaldu zen hilketa batekin.

'Egin'-eko 1997ko otsailaren 11ko azala.
'Egin'-eko 1997ko otsailaren 11ko azala. (EGIN)

80ko hamarkadako hasierako urteak «berunezko urteak» deitu izan dira, baina ia bi hamarkada beranduago, dramatikoki ahaztezina den eguna jazo zen. 1997ko otsailaren 10ean zehar, eta aurreko eta ondorengo orduetan, indarkeria politiko ezberdinek eragindako sufrimendua agerian geratu ziren: ETAren atentatuak eta bahiketak, presoen urrunketa, atxiloketak, kargak, bai eta intsumisioaren aurkako jazarpena ere.

Bortizkeria guztiak gurutzatu ziren zorigaiztoko astelehen hartan. 'Egin'-en editorialak honela laburbildu zuen: «Atzoko eguna izugarria eta lazgarria izan zen, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko memoria kolektiboan iraungo du (...). Ondoriozta daitekeen egoera zehaztasunez eta zorroztasunez haztatzea oso lan zaila da, gorpuen gainean egiten baita eta oinazeak dena hartzen baitu. Egun batean, egun lazgarri eta bakar batean, bizi dugun tragedia ikaragarria gogor estutu zen gizartearen begien aurrean». Eta honako hau eransten zuen bukaeran: «Gaur hobe bihar baino, berdinketa infinituaren teoria eta praktika alde batera utzi behar dira. Inork ez du nahi Otsailaren 10 bat errepikatzea. Ezta atzo egun bakar batean gertatu zena urtebetean gertatzea ere».

'Egin'-eko editorialak honako hau zioen: «Gaur hobe bihar baino, berdinketa infinituaren teoria eta praktika alde batera utzi behar dira»

Asteburua doluz beteta igaro zen jada Euskal Herrian, bi egun lehenago Joxe Mari Aranzamendi 'Katxue' Elorrioko presoaren gorpua Alcala-Mecoko bere ziegan urkatuta agertu ondoren. Kartzelan gatibu zuten hirugarren aldia zen hura, eta, Fernando Alonso modulu-kide ohiak 'Egin'-en idatzi zuen bezala, «bere gorputzean Espainiako eta Frantziako errepresioaren ondorioak zeuden: tinpano lehertuak, zerbikalak birrinduta, giltzurrunak ukituta...»

Honez gain, aldez aurretik jakina zen astelehen hartan HBko Mahai Nazionaleko kide gehiago atxilotuko zituztela, Alternatiba Demokratikoa zabaltzeagatik. Eta Cosme Delclaux enpresaria eta José Antonio Ortega Lara espetxe-funtzionarioa ETAren eskuetan ziren, bahiturik. Horrek guztiak tentsio handiko eszenatokia sortzen zuen.

27 ordu, bost heriotza

Agertoki nahasi horretan, goizeko 7.15ean, ETAk jarritako bonba-auto batek eztanda egin zuen Granadako Armilla base militarrera zihoan ibilgailu baten aurrean. Domingo Puente Marín izeneko ile-apaintzaile bat, kuartelera zihoana, berehala hil zen, eta beste zortzi lagun zauritu ziren. Jose Maria Aznar Espainiako presidentea eta Jose Antonio Ardanza EAEko lehendakaria Moncloan bilduta zeuden une hartan.

Tragediak Mallabiko Bengo izeneko baserri txiki batean izan zuen hurrengo geltokia, eguerdia pasatuta. Haren senideek Eugenio Aranbururen gorpua aurkitu zuten ganbaran: 'Txo', Mahai Nazionaleko kideetako bat, espetxeratua izateko itxaron-zerrendan zegoen. HBko zuzendaritzak errepresioari egotzi zion bere buruaz beste egin izana, lehen izugarri adoretsua zen militante baten bizitzeko gogoa ito baitzuen.

‘Txo’ Aranburu gogoan izan zuten Mallabiako ekitaldi honetan urte batzuk geroago. (Luis Jauregialtzo | Foku)

Hunkidura handia izan zen eta Mallabiak Aranburu seme kutun izendatu zuen. Baina horrek ez zuen Mahaiaren aurkako jazarpenaren katea eten: ordu batzuk geroago Koldo Castañeda nafarra atxilotu zuten, eta beranduago, gainerako lagunak, bata bestearen atzetik.

Eguerdiko telebistako albistegiak bat-batean eten ziren hortik minutu gutxira. Albistea Madrilgo bihotzetik heldu zen orduan, Retiro parkearen ondotik, Rafael Martínez Emperador Auzitegi Goreneko epailea etxetik irten berritan tiro batez hilda erori zen tokitik. Egun horretako ETAren bigarren atentatu hilgarriak epailetza jotzen zuen bete-betean, aurretik Francisco Tomas y Valiente Konstituzionaleko presidente ohia ere akabatu ostean. Ezohiko keinu batean, orduko erregea, Juan Carlos Borboikoa, atentatua gaitzestera atera zen segituan, Madril aldean eragindako astinaldiaren seinalea emanez.

‘El Mundo’ egunkari espainolaren azala, hurrengo egunean.


Egunkarietan saminez betetako aleak ixteko orduan, bazen oraindik beste zorigaiztoko albiste bat. Iruñetik heldu zen azken hau: Unai Salanueva gazte txantrearrak, Nafarroako hiriburuko espetxean preso zuten intsumisoetako batek, bere burua bota zuen familiaren etxeko leihotik, gaua igarotzeko espetxera itzuli behar zuen ordua baino lehentxeago. Ez zen zaurietatik bizirik atera.

Unai Salanuevaren heriotzaren XX. urteurrena, Txantrean. (Iñigo Uriz | Foku)

Indarkeria politikoen tragedia ez zen hor amaitu. Asteartean, hilaren 11n, Patxi Arratibel enpresaria ETAk tiroka hil zuen, Tolosako inauterietan parte hartzen ari zela. Hala, 27 ordutan bost pertsona hil ziren, dena irensten zuen zurrunbilo geldiezin batean.

27 ordu eskasetan 5 pertsona hil ziren indarkeria politiko ezberdinen ondorioz, dena irensten zuen zurrunbilo geldiezin batean

Madrilgo prentsak nabarmendu zuen hurrengo orduetan Tolosako jaietan Arratibelen aldeko doluminak Aranburu eta Aranzamendiren aldeko protestekin nahasten zirela. 'Egin'-ek honako hau zekarren hurrengo egunean: «Sabotaje-boladak orain arte mota guztiak gainditu ditu». Eta hilaren 15ean, hurrengo larunbatean, Ertzaintzak benetako tiroak jaurti zituen Bilboko Autonomia kalean Mahai Nazionalaren aurkako jazarpena salatzen zuen jendetzaren aurka.

Gerokoak ere, lazgarri

ETAren hilketak beste hamabi urtez luzatu ziren, 2009ko uztailaren azkenera arte, 2011ko urrian borroka armatua behin betiko utzi arte. Eta Delclauxek eta Ortega Larak, otsailaren 10. hartan bahituta zeudenek, askatasuna berreskuratu zuten uztailaren 1eko goizaldean, lehena ETAren erabakiz eta bigarrena polizia-operazio baten ondorioz.

HBko Mahai Nazionala udazkenean epaituko zuten Entzutegi Gorenean, eta zazpi urteko kartzela-zigorra ezarriko zioten kide bakoitzari, nahiz eta gero Konstituzionalak zigorra baliogabetu zuen 1999an. Hala ere, irekitako bidea behin eta berriz jorratu zuen Estatuak, 2002an HBren ilegalizazio judizialarekin, 2003an ilegalizazio politikoarekin, 2007an Seguran zuzendaritza osoaren aurkako sarekada berri batekin eta 2009an Arnaldo Otegi buru zuen taldearen atxiloketa eta espetxeratzeekin, 'Bateragune auzia' abiatuz.

Presoei dagokienez, Aranzamendi ez zen espetxean eta etxetik urrun hildako azken euskal herritarra izan. Ondoren, Juan Carlos Hernando eta Santi Diez Uriarte zendu ziren 1997an bertan, Oihane Errazkin 2002an, Joxe Angel Altzuguren 2005ean, Roberto Sainz eta Igor Angulo 2006an, Xabier Lopez Peña 2013an, Arkaitz Bellon 2014an, Kepa del Hoyo 2017an, Xabier Rey 2018an eta Igor Gonzalez Sola 2020an.