1977/2024 , March 4

Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Pirritx eta Porrotx, erregaitzak

«Pirritx eta Porrotx: Errealitatea koloretako begiekin begira», irakur zitekeen 2007ko igande hartan kaleratutako ZAZPIKA astekariaren azalean. Ez da, noski, Euskal Herriko pailazorik ospetsuenek gure orrialdeak bisitatu dituzten une bakarra; haurrak eta, bide batez, helduak 'hezten' hiru hamarkada luze daramatzatelako.

Pirritx eta Porrotx, emanaldiaren ondoren.
Pirritx eta Porrotx, emanaldiaren ondoren. (Conny BEYREUTHER)

Conny Beyreuther argazkilariak eta Imanol Aranburuk 'Mari Motots' ikuskizuna atzealdetik behatu zuten 2007ko hasiera hartan, euskal pailazorik ezagunenen ibilbideari gertutik erreparatu nahi geniolako. Gure haurren 'Rolling Stone-ak' izan direla esan dugu behin baino gehiagotan, eta bertan aurkitu zituzten ilarak horren adierazle izan ziren. 

Atzera begira, zerbaitek harritu gaitu: beraien ibilbidean, sinestezina badirudi ere, presente egon den osagai bati buruz mintzatu ziren orduan ere: hainbat aldiz jasan dituzten boikot kanpainak, alegia. 2001ean, 2019an, 2021ean... honek bukaezina dirudi!

Eskerrak, denbora honetan guztian lanaren aitortza jaso duten behin baino gehiagotan, egiten ari diren ibilbidea ez baita topikoa ezta erraza ere; bai, ordea, beharrezkoa. «Sentitu, pentsatu, ekin» izenburua jarri zion gure lankide Amagoia Mujikak 2013an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 25. urteurrenaren karira kaleratu zuten liburuari. Eta esango nuke esaldi hori bereganatu beharko genukeela herri honetako bidean aurrera jarraitzeko. Hemen orduko elkarrizketa:

ZAZPIKA-k orduan argitaratu zuen elkarrizketa osorik eskaintzen dizuegu:

Pirritx eta Porrotx

Errealitateari koloretako begiekin begira

 

Haur askoren eta askoren begiak ilusioz ñirñirka, bihotz samur anitz pailazoen kantu eta dantzen erritmoan taupaka; zenbait agintariren boikota gaindituz, ilusio banatzaile nekaezin bilakatu dira Pirritx eta Porrotx Tuteran, zein Baionan, Karrantzan edo Erronkarin.

Emanaldirako ordubete falta zela iritsi ginen Oiartzungo Elorsoro kiroldegira. Aurreko asteetan Durangon, Bermeon, Ondarroan edo Lezon, eta bezperan Aretxabaletako emanaldirako gertatu zen bezala, hamabost egun lehenago salgai jarri eta berehala ahitu ziren sarrera guztiak. Kalean haur urdurien eta gurasoen ilara luzea zegoen, atea noiz zabalduko zain. Barnean, Pirritx eta Porrotx soinu-probak egiten.

Saioa hasi baino ordu erdi lehenago zabaldu zuten atea, eta konturatu orduko kiroldegian prestatu zituzten 1.200 lekuak leporaino beteta zeuden. Haurrak erdian, oholtza aurrean beraientzat propio prestatutako gune zabalean, gurasoak alboetan jarritako aulkietan, eta 'Mari Motots' ikuskizuneko abestiak bozgorailuetan itxaronaldia girotzen.

Puntu-puntuan hasi zen ordu eta laurden inguru iraun zuen emanaldia. Gero, haren zati bihurtu diren haur ilara luzeak pailazoen musu koloretsu baten zain; masail gorri-urdinduak zoriontsu, beren pailazo kutunekin bakarka tarte bat emateko ametsa gauzatu ostean.

Argiak itzali, arropa koloretsuak erantzi eta aurpegiko pintura garbitu ondoren, Aiora Zulaika Pirritx-ekin eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ekin elkarrizketa egiteko aukera izan genuen.

Ia hogei urteko ibibidea oholtza gainean. Noiz eta nola hasi zineten?

PORROTX: Orain dela hemeretzi urte pasa hasi ginen, Lasarte-Orian. Euskara taldean genbiltzan eta haurrek eskolan ikasitako euskara kalean erabili ahal izatea zen gure kezka. Olentzero-jaiak antolatzen hasi ginen. Jaialdia luzeegia ateratzen zitzaigun eta, umeentzat aspergarria egiten zela konturatuta, lau kanta grabatu, eskola osoari pasatu, ikasi, eta denon artean kantatzearekin batera, pailazo batzuen pertsonaiak sartzea erabaki genuen. Aurreko urteetan Takolo-k baserritarrarena egiten zuen, Porrotx Olentzeroren paperean atera izan zen, eta pailazoz jantzita ateratzea erabaki genuen. Hilabete batzuetara, euskararen aldeko maratoia egin zen Lasarte-Orian, eta pailazo jantzita ateratzeko eskatu ziguten; handik gutxira Usurbildik dei egin ziguten... Horrela hasi ginen egun bateko kontua izan zena poliki-poliki maiztasun handiagoarekin egiten, eta hemen gaude hemeretzi urteren bueltan buru-belarri honi emanda.

PIRRITX: Porrotx eta bere lagunek duela hemeretzi urte sortu zuten taldea, eta ni bederatzi urte geroago hasi nintzen.

«Nola ez diegu esango 'maite zaitut!' gure jarraitzaileei, memento zailenetan gure alboan egon badira?»


Nola eman zenuten oholtza gainerako jauzia eta zein izan da zuen bilakaera?

PORROTX: Herri mugimendutik jaio ginen, ez gara izan eskolako pailazoak. Hasieran euskara eta alaitasuna uztartzea zen helburua. Takolo-k gitarra jotzen zuen eta beste biak dunbala edo txundak hartuta ateratzen ginen, patxaran pixka bat edan eta, zaldien moduan, arrapaladan. Hasierako esketx haiek nahiko ganberroak ziren, baina, denborak aurrera egin ahala, eragin bat bagenuela jabetuta, taldeak ibilbide bat egin zuen, batzuek utzi, beste batzuk sartu... Serioago hartu genuen, taldean neskak behar genituela ohartu ginen, gai hezitzaileak jorratzen bagenituen interesgarriagoa izango zela ikusi genuen, eta geure buruak prestatuz gero dena hobeki aterako zela jabetu ginen.
Orduan hasi ginen antzerki ikastaroak egiten, musikari arreta handiagoa jartzen... baina ez dugu ahantzi nondik gatozen, zein helbururekin jaio ginen, Euskal Herrian bizi garela eta Euskal Herriko ume, guraso eta gazteentzat lan egiten dugula. Hori da gure nortasunaren zutabeetako bat.

Zuek lantzen dituzuen gaiak ere ez dira ohikoak eskolako pailazoen artean.

PORROTX: Gaiak lantzeko sistema asko daude –ideia zaparrada eta halakoak–, baina guk ez dugu horrelakoen beharrik, herriko hainbat elkarte eta mugimendutan murgilduta egoteak jartzen gaitu gaiak lantzeko bidean. Gainera, asko ematen ari den jendea dago herri honetan, eta horiengandik oso hurbil egon nahi dugu denon artean aurrera eraman beharrekoa den Euskal Herriaren eraikuntza prozesuan.

Lehenengo diskoa, 'Hau umorea', 1992an plazaratu zenuten. Soka luzeak jarraitu dio. Noiz esan zenuten etxean lanbidez pailazo izango zinetela?

PORROTX: Hasierako urteetan afari baten truke ibiltzen ginen, eta sos batzuk jasoz gero, mikrofono bat edo antzeko tresnaren bat erosten genuen. Bost urtera, Euskal Herrian sekulako ekarpenak egin dituen Imanol Urbietari omenaldi txiki bat egin genion, eta 'Hau umorea' –binilozko gure disko bakarra– prestatu genuen bere kantuekin. Disko hura mugarri bat izan zen. Gehiago egin genitzan zirika hasi zen jendea eta, hasieran kanta herrikoietatik edanez eta geroago guk geuk sortuz, eskariari erantzuten saiatu gara.

Orduan hasi ginen etengabe kantak sortzen, diskoak kaleratzen, bideoak lantzen... eta ordura arte sekula burutik pasatu ez zitzaigun aukera zabaldu zen gure aurrean: profesionalki horretan aritzea. Nik, irakaslea izanik, gurasoei pailazo izango nintzela esan nienean, ezin zuten sinetsi: «Ikasketak egin dituzu, lana baduzu...». Gerora ikusi dute apustuak merezi zuela.

PIRRITX: Etxean esan nuenean, jada ez zen berdina, jakina. Hauek bidea egina zuten eta niretzat errazagoa izan zen.

PORROTX: Igande batean mendiko plana alde batera utzi eta ez dakit nora joatekoak ginela esaten genuenean, gurasoek eta inguruko guztiek erotzat hartzen gintuzten. Baina pailazogintzak hasiera-hasieratik asko ematen dizu.

PIRRITX: Lana amaitutakoan sekulako txalo zaparrada jasotzen dugu, eta horrek zirrara eta indar berezia sortzen du. Txaloak jaso, musuak eman, konplimenduak esan, maitatuak sentitu... Ezin ordainduzkoa da hori, eta ez zara sekula asetzen. Itzela da jasotzen dugun goxotasun hori.

Eta ez al duzue goxotasun horren mendeko bihurtzeko beldurrik?

PORROTX: Herrian murgilduta bizi gara eta oso zaila da sandios garela pentsatuz bat-batean hori guztia uztea. Hori eginez gero, egunen batean sekulako muturrekoa hartuko genuke. Garbi daukagu asko jasotzen dugula, eta polita da jasotzea, baina era berean jendea beteta ikusten dugu, eta horrek erakutsi digu norbait maite baldin badugu argi eta garbi esaten, sentimendua ez ezkutatzen. Esaterako, inguruan baditugu presoak, haietako bat bisitatzera goazenean senideekin egoten gara, eta memento horietan esaten diegu maite ditugula.

PIRRITX: Memento zailenetan ere alboan eduki ditugu, eta maite gaituztela esan digute.

Pertsona mailan aldatu egin al zarete?

PORROTX: Esaten dute euskal herritarrak hotzak garela, baina uste dut gure izaera asko aldatu dela onerako. Ez da gure kontua bakarrik; inguruan sumatzen dut gehiago esaten diogula elkarri elkar maite dugula.

«Gauzak etiketatzeko joera dugu, baina umeentzat balio duenak zergatik ez du balio helduentzat?»


PIRRITX: Euskal herritarrak ez du errazkeriaz esango, baina benetan sentitzen duena ez du gordetzen, eta uste dut hori denok behar dugula. Gure lanak asko ematen duelako, esaten erakutsi digu.

Taldea zabaldu zenuten 1998an. Profesionaltasunaren bidean bigarren pausoa izan zela esan al daiteke?

PORROTX: Bai, gaur egun taldearen inguruan jende asko dabil: musikaria, diseinatzailea, koreografoa eta gure saioetan parte hartzen duten zortzi-bederatzi taldekideak... Lagun talde handi bat gara, eta kolaboratzaileak ere taldearen parte dira. Norabide berean doan taldea gara.

Nola koordinatzen duzue lana?

PIRRITX: Urtarrilean hasten gara lantzen azaroaren amaiera aldera estreinatuko dugun ikuskizuna. Ideiak jaso, istorio bat prestatu, gaia eta abestiak landu... Lanketa sakonena Porrotx, Pirritx, Gari teknikaria eta pertsonaiak lantzen dituen Mertxeren artean egiten dugu. Gero, beste pertsonaien antzezleekin eta dantzariekin adostu, eta, gauza aurrera doan ahala, tarteka musikariarekin elkartzen gara. Horrela joaten gara ikuskizuna lantzen harik eta udazkenean proba-saioekin hasi eta azaroaren amaieran lehenengo emanaldia taularatzen dugun arte. Saioetarako bidaiak ere baliatzen ditugu taldekideekin iritziak trukatzeko. Taldean denek jartzen dute beren apurra.

Nola lortzen duzue gizarte mailako gai serioak eta irria uztartzea?

PIRRITX: Guk beti esaten dugu halako gaien aurrean koloretako begiekin itxaropenezko mezuak igortzen ditugula, eta, gure ustez, hor dago gakoa.

PORROTX: Hori erronka bat ere bada. Hasierako ikuskizunetan umeek gustuko zer duten aztertu eta huraxe lantzen genuen. Baina, urteen poderioz, egunero bizi ditugun gaiak umeengana egokituz lantzea erabaki genuen, eskema iraultzea, ikuspegi koloretsu, alai eta itxaropentsuz ipuin bat lantzea. Gure ipuinetan badago gatazka bat, korapilo bat, eta haurren eta gure artean askatzen dugu, istorioari amaiera polit bat emanez. Ipuinetan posible bada, zergatik ez da egongo errealitatean arazoak konpontzeko aukera bat?

Badago. Jakina, gure saioan haurren parte hartzea behar den bezala elkarlanean gatazka bat konpontzeko, bizitza errealean denon ahalegina behar da korapiloak askatu eta Euskal Herri eta mundu justuago bat izan ditzagun. Gure ipuinetan badago irakaspen bat: denok gure eguneroko bizimoduan ilusioz, elkartasunez, utopia galdu gabe lan egingo bagenu... zergatik ez lortu halako gauzak? Uste dut Euskal Herrian maila horretan oso aberatsak garela, jende piloa ari dela lanean gizarte justuagoa lortzearren.

«Koloretako begiekin begiratu behar zaio errealitateari, eta hori da gure eguneroko erronka»


Zuen pertsonaiek ikuskizunean zehar beren jokaera aldatzeko aukera dute eta hausnarketa handia dago pertsonaia bakoitzaren atzean.

PIRRITX: Gero eta gehiago ari gara frogatzen haur eta helduen arteko mundu hori ez dela askotan markatu izan dugun adinakoa. Mezu bat bidaltzean, hartzaileak, haur zein heldu izan, bere modura ulertuko du mezua. Haur batek gauza bat ikusi duela esango du, eta beste batek beste gauza desberdin bat. Mezuak igortzen ditugunean, haurrek oso ongi ulertzen dituzte, ez dira tontoak.
Prozesu bat da eta adinaren eta garapen intelektualaren arabera iritsiko dira ondorio batera edo bestera. Uste dugu ez dela hainbeste bereizi behar, eta izaki adimendunentzat egiten dugu lan.

Zuen lan moldea ez dago oso zabaldua Euskal Herriko pailazogintzan.

PORROTX: Euskal Herrian pailazo talde asko gaude. Batzuek kale animazioa lantzen dute -psikomotrizitatea...–, beste batzuek ohiko zirkua edo ohiko esketxa, denetik dago, eta hori oso aberatsa da; hemen daukagun ikuspegi zabal hori beste lekuetan ez baita hain ohikoa. Helburuei dagokienean, batzuek euskararena dute, beste batzuk euskaraz, gaztelaniaz... eskatzen dieten moduan jarduten dira, badira psikomotrizitatea landuz haurrek ongi pasatzea helburu dutenak, eta guk gure bidea daramagu, eta hor sentitzen gara gustura.

Sarri ikusi izan zaituztegu zenbait elkarteren aldeko elkartasun ekimenetan.

PORROTX: Profesionalak gara, baina bagara zerbait gehiago ere. Uste dugu Euskal Herria behetik sortu behar dela, eta hor ikastolak, eskolak, euskaltegiak, kultur taldeak, auzoetako elkarteak bizirik egoteko, herriak eta herri mugimenduak bizirik egon behar dute. Hori gabe ez dago bizitzarik, eta arraina uretan bezala sentitzen gara inguru horretan. Gu Udalentzat ere aritzen gara, eta gustura gainera, baina herri-elkarteekin ari garenean motibazio gehitu bat izaten dugu, jaso eta emaneko gogokidetasun harremana sortzen da eta, gure laguntza apurra eman badezakegu, sekulako poza ematen digu. Besteekin batera, herri honen parte sentitu nahi dugu.

Zenbait alderdi politiko eta erakundek, hedabide handiek lagunduta, boikot kanpaina politiko indartsua zabaldu zuten 2001ean zuen aurka. Nola gogoratzen duzue garai hura? Urak bere onera etorri dira edo oraindik gelditzen dira ordukoaren orbainak?

PIRRITX: Adore emateko ehunka elkartasun dei jaso nituen. Horixe izan zen zurrunbilo hartan zirrara handiena eragin zidana. Elkartasun olatu hark hunkitu egin ninduen. Horregatik, nola ez diet esango ikusleei «maite zaitut!», haiek hain ozen esan digutenean? Uste dut garenak garelako jaso genuela elkartasun uholde hura eta sekulako babesa jaso nuen lankideen aldetik ere. Hogei eta koska saio utzi zizkiguten bertan behera, eta gaur egun oraindik Euskal Herriko hiriburuetan Udalek zigortuta gauzkate.

Ordukoaren ordainak jasaten ari gara oraindik. Hala ere, badakigu aurrean ditugun haurrak sentsibilitate orotariko gurasoen seme-alabak direla eta heltzen direnean orotariko sentsibilitateak izango dituztela, eta halakoa izan behar du Euskal Herriak, koloretakoa, eta guk berdin-berdin ematen diegu denei musu, berdin besarkatzen ditugu eta berdin maite ditugu, eta uste dut agerian geratu dela hori.

PORROTX: Sinbolo bezala hartu gintuzten, beste asko beldurtzeko egurtzea merezi zuen talde bezala, zenbait musika talderekin gertatu izan den bezala. Guk orduan negar egin genuen, ezintasuna sentitu genuen, gutaz hitz egin eta gure iritziak ez zituztela argitaratzen ikusi genuen... Kaltetuak ez ginen gu bakarrik izan, ume piloa kaltetu zuten haien ilusioa zapuztean.

Aldiz, talde bezala batuta egon ginen, garbi ikusi genuen geure nortasunari eutsi behar geniola, diruaren gainetik dagoela duintasuna, eta nahiago izan genuen zenbait emanaldi galdu geure nortasuna eta duintasuna galdu baino. Horrek azkenean indartu egin gaitu, duintasuna galtzen ez duzunean zure aurka ari denak ere zu errespetatzen ikasten baitu. Gure lanari eta ildoari eutsi genien, gizarte-talde desberdinekin eskuz esku lanean jarraitzeak eman digu gaur egun daukaguna, eta hori ikasgai handia izan da guretzat, norbanako eta talde bezala indartzeko eta jarraitu behar dugun bidea zein den argi edukitzeko.

PIRRITX: Pasarte hark gogortu baino gehiago zaildu egin ninduen, helduago egin ninduen. Azken finean, guri tokatu zitzaiguna ez da kontu txiki bat besterik, askoz gauza larriagoak gertatzen ari dira gaur egun –hor dago Iñaki de Juanarekin egiten ari direna–. Jendeak eman zizkidan besarkadak ditut gogoan.

'Maite zaitut!', haurren esparruan ez ezik, helduen artean ere udako kanta izan da. Zuen eremua zabaltzen ari al zarete?

PIRRITX: Hasieran sekulako ezusteko atsegina izan zen guretzat. 2005eko azaroaren bukaeran estreinatu genuen 2006ko ikuskizun berria, eta orduan sortu zen 'Maite zaitut!' kanta. Ijitotxo bat zen pertsonaia nagusia eta hari, eta bide batez gure jarraitzaile guztiei, kantatu genien 'Maite zaitut!'. Oholtza gainetik abesti honekin ikus-entzuleen artean halako zurrunbilo berezia sortzen zela sumatu genuen, baina guretzat abesti bat gehiago besterik ez zen. Ekain aldera, Lasarteko jaietan, txosnetan behin eta berriro jartzen zutela konturatu ginen...

Gaur egun, seme-alabak ditugun aldetik, ez dugu ia gaugiroko bizitzarik egiten, eta pentsatu genuen herriko kontu bat izango zela, txosnetan saio bat egin genuelako eskerrak emateko modu bat. Uda osoan herri desberdinetako jaietan arrakasta handia izaten ari zela jakin genuen gero. Ezustean harrapatu gaitu. Haurren mugak gainditzeari buruz mezu bat igortzen dugunean, bakoitzak maila batean edo bestean jasoko du, eta gauza da abesti hau jendeak bere egin duela.

PORROTX: Musika umeentzat edo helduentzat den, norberak kozinatzeko duen moduaren araberakoa da. Umeei gustatzen zaie jolastea, eta hizkuntzarekin jolastuz oso gauza politak egin daitezke. Horregatik, umeentzat balio duenak, zergatik ez du balio behar helduentzat? Non dago muga? Askotan gauzak etiketatzeko joera dugu, baina, kontxo, haurrentzako gauzen artean badira gauza ederrak, eta baita helduentzako edo gazteentzako gauzen artean ere. Zergatik egin behar ditugu halako zatiketak? Esparru bakoitzak baditu bere ezaugarri bereziak, baina zergatik ez muga horiek lausoagoak egin eta une batean umeekin batera gozatu jarduera bat?

Begira, Tapiak 'Real politik' diskoa kaleratu zuenean nire ezagun baten umeak buruz ikasi zituen kanten hitzak; Koldo Izagirrerenak dira, oso landuak, baina umeak oso gogoko ditu. Agian hitzetatik zatitxo bat bakarrik ulertuko zuen, baina iritsi egin zitzaion. Gure ikuskizunetan urtebeteko haurrak ikusiko du gauza bat, bostekoak bi, bederatzi urtekoak lau eta joaten den helduak ikusiko ditu sei. Mugak eta etiketak jartzen ditugu, baina, heldu nahiz gazte izan, lasai asko egon gaitezke umeentzako saio bat ikusten eta gozatzen.

PIRRITX: Txikitan 'Nire herriko neskatxa maite' era batera ulertzen nuen eta orain beste batera ulertzen dut, baina orduan entzuten nuen eta orain ere entzuten dut.

Nola sortzen eta aukeratzen dituzue zuen kanten hitzak?

PORROTX: 'Ez dagoenarekin' kanta, gure ikuskizunean, estatua bati buruzkoa da, zeina ez dagoen baina badagoen. Hitzak idatzi nituenean kartzelan dudan iloba nuen gogoan. Kanta irekia da. Batek esan zidan udako maitasun bat gogorarazten ziola... Urlia hil zaionari, sendia gaixo dagoenari, eta berendia ez dakit non dagoenari... Bakoitzak bere egoerara eraman dezake kantaren esanahia. Guk diskoan sartu nahi genuen kartzelaren gaia, Euskal Herrian oso presente dagoelako, lau haur daude gaur egun kartzelan, eta gure taldean ere oso presente daukagu, beren senideekin harreman estua baitugu. Zergatik ez dira etortzen lau ume horiek gure saioetara?

Zergatik daude dauden tokian? Ez diete ezta gure musika entzuten ere uzten. Zergatik ez daude Euskal Herrian? Orduan keinu bat egin nahi genien haur horiei. Horrela sortzen dira gure kantak.

PIRRITX: Ikuskizunean badira aberats pare bat, Eurolio jauna eta Txanponi, eta 'Aberatsa naiz' kantarekin aberastasunaren gaiari buelta eman nahi genion. Denontzat balio dezaketen kantak, hitzak eta gaiak lantzen saiatzen gara, eta konturatu gara 2006ko uda osteko saioetara gero eta gazte gehiago etorri direla, eta polita da. Orain kalean ikusten gaituztenean ere agurtu egiten gaituzte, eta ederra da.

Punta-puntako kolaboratzaileak izan dituzue, eta zuena produktu oso landua dela ikusten da.

PIRRITX: Jendeari dei egin eta denek baiezkoa eman digute. Joselu Anaiak edo Su Ta Gar-ekin, esaterako, hainbat herritan topo egin izan dugu, guk arratsaldeko saioa bukatu eta haiek gauekorako soinu-proba egitera iristean. Badugu halako harreman bat eta gu ere gero eta irekiagoak gara halako lankidetzak eskatzeko. Lehen geuk egiten genuen dena eta orain elkarlanaren alde egiten dugu. Egia esan, hilabete osoa eman genuen buru-belarri estudioan, eta bazkalorduan sekulako festa sortzen zen egunero.

PORROTX: Penetan gaude orain eskoletara joaterik ez dugulako izango, baina guk ere hainbat lankidetza ditugu zenbait elkarte eta mugimendurekin, horrek gero eta denbora gehiago hartzen digu, eta denetara iristea ezinezkoa da. Orain aukeratzeko moduan gaude eta badira gogo bereziz egin nahi ditugun lan eta lankidetzak, Korrika Txikiari begira antolatu dugun kanta eta halako ekarpenak. Ideia pila dugu lantzeko, eta gure onena emanez landu nahi ditugu.

Euskal Herria Euskal Irri bihurtzea zen zuen helburua. Esan al daiteke zuen xedea lortu duzuela?

PIRRITX: Hori da gure eguneroko erronka eta bizitzaren aurrean dugun jarrera.

PORROTX: Euskal Herria oso bizirik dagoen herria da eta, barre egiten jarraitzen dugun artean, izaten jarraituko dugu. Herri gisa nahi duguna izaten ez digute utzi nahi, baina errealitate horren barnean sortzen diren gaiak koloretako begiekin aztertu nahi ditugu. Bai, Euskal Herria aldatzen ari da, jendea bere sentimenduak azaltzen ikasten ari da, konplexurik gabeko Euskal Herria sortzen ari da poliki-poliki. Koloretako begiekin begiratu behar zaio errealitateari, eta hori da gure erronka.