Didier Munduteguy, ametsaren uberari jarraitu zion nabigatzailea
2001eko martxoaren 25ean iritsi zen Didier Munduteguy baionarra Bretainiako Les Sables d'Olonne-ko portura, bere belaontzian munduari bira emanda. 135 egun, 15 ordu, 17 minutu eta 55 segundo behar izan zituen 26.403 itsas milia osatzeko. Balentria hura gogoratu dugu berarekin Artefakturako.
Bakarrik, eskalarik gabe, laguntza mediko edo tekniko barik, bere belaontzian munduari bira ematea zuen betiko ametsa Didier Munduteguyk (Baiona, 1953). Bere bizitzako Hornos lurmutur partikularra zen, nahitaez pasatu beharreko muga. Eta pasatu zuen, Vendee Globe lasterketa amaituta, «proiektu kolektibo» baten lemazain gisa, ametsak betetzeari darion bake eta lasaitasuna eskuratuta.
Bi hamarkada baino gehiago joan dira nabigatzaile baionarraren balentriatik, baina oso presente dauka irakaspena: «Betiko ametsa izan dut. Handinahia eta pretentziosoa da edo irudi lezake 'eskalarik gabe munduari bira egingo diot' esateak! Baina esaten baduzu, hitzari eutsi eta bururaino joan behar zara. Eta bururaino bazoaz, ni 2001ean bezala, horrek zeure buruarekin bakean utziko zaitu, zure ametsen Hornos lurmutur partikularra pasatzea izango delako».
Ahots pausatua du, umiltasunez mintzo da. Pentsatzekoa da Munduteguy abizenekoa izanik munduari bira egitera predestinatua zegoela, oso agerikoak diren esanahi eta errima gordetzen dituelako, baina euskal nabigatzaile honen kasuan itsasoarekiko pasioa, nabigazioarekiko zaletasuna, ez zetorkion etxetik. «Jakin ezazu nire familian inor ez zela marinela izan. Nire aitonetako bat errotaria zen eta bestea tren geltokiko arduraduna; nire gurasoak ez ziren batere itsasokoak, ez zuten nabigatzen, baina nire izenak munduari belaontzian bira ematea iradokitzen badu, hainbat hobe!».
70 urteetan sartua da eta bere esperientzien kutxan kolore eta latitude guztietako beldurrak eta pozak gordetzen ditu; etxe orratzen tamainako olatuekin, haize beldurgarriekin, tenperatura polarrekin, ia lorik egin gabe, isolatuta, zibilizazio orotik aldenduta, bakardadearen minak ondo ezagutzen ditu. Horiek guztiak gogo onez gogoratu ditu Artefaktuarekin, nabigazio mailan egin zuen balentriari egungo begietatik begiratuz, memoria destilatuz, atera zituen hainbat irakaspen partekatuz.
Garaipena lortzea ez da lasterketa irabaztea
Bretainiako Les Sables d'Olonne du hasiera eta helmuga Vendee Globe lasterketa mitikoak. Didier Munduteguyk badaki itsasoak gazitik eta gozotik ematen duela, badaki zer den lasterketa hasi eta ahalegina bertan behera uztea, badaki zer den hasi bezain pronto bukatzea. 1996. urtean, «lasterketa hasi eta egun gutxira, masta eraitsi nuen eta bertan behera utzi behar izan nuen; ontzia oso hondatua zegoen, zorrak, amorrazioak, galdutako konfiantza... Hori guztia berreraiki behar izan zen».
Garaipena ez zegoen jokoan bere kasuan, abentura eta lehia ez baitira eskutik helduta joaten, garaipena lortzea eta lasterketa irabaztea ez direlako sinonimo munduari bira egiteko proba batean.
Hautsitako masta kendu eta aparailu inprobisatua muntatuta, Les Sables-era bueltan zen 1996an, hiru korapiloko abiaduran, haizea alde izango balu hartu beharko lukeen abiadura baino hamar aldiz txikiagoan. Dena bota zuen itsasora; lau ordu kostatu zitzaion. Mastarik gabe, bere belaontzia ez zen jada maniobragarria. Elementu naturalek mugitzen zuten kortxo bat bilakatu zen. Gauzak are gehiago okertzeko, posizioko argiek mastari lagundu zioten ozeanoaren hondoraino eta, gauez, beste itsasontziek ezin zuten Munduteguyren ontzia detektatu. Baionarrak ongi daki tonaka energia, lan eta diru itsasotik behera botatzea zer den, bai. «Bizi zen ontzi izatetik ontzi hil batera pasatu ginen».
Eta garaiko kronikek kontatzen dutenaren arabera, latzak pasatu zituen, baina bere desgrazian zortea izan ez balu, auskalo! Ez ote zen bera itsaso azpian galduko? Haize-boladei aurre egiteko bela nagusia erriatu eta brankan jarritako oihal batekin nabigatzen zuen. Apar masek ontziaren bizkarra estaltzen zuten, eta Munduteguy ontziaren puntaraino arrastaka joan zen. Une horretan bertan, olatu erraldoi batek ontzia altxatu zuen eta, erortzean, bere boten azpiraino sartu zen, sartu ere. Masta erori zen, belekin. Eskerrak ez zegoen azpian, bertan harrapatuko zuelako. Ez zegoen zaurituta, baina bai izorratuta. Kroskoa ez zulatzeko zatiak kendu behar izan zituen, aparailu inprobisatua muntatzen saiatu zen Les Sables d'Olonnera bueltan sartzeko. Segur aski hura izan zen bere bizitzako sustorik handienetakoa. «Beldurra pasa nuen, bai, beldur handia».
Lasaitasuna eta betetasuna
2001eko martxoaren 25ean, aldiz, Sables d'Olonnen sartu zen munduari bira eginda, zientoka euskal herritar zain zituela. Han zituen ama eta neska-laguna, bere semeak, Biarritzeko ikastolako ikasleak, ehunka euskal herritar. 'Agur jaunak' inprobisatua kantatu zioten, txapela buruan, bizarra luze eta nahasi, emozioari ezin eutsiz, ia lau hilabetez munduko itsaso harroenak nabigatu zituenari. Baina bestelako sentimendua ere bazuen: «Iristea, lehenik eta behin, lasaitasuna da. Hainbeste lan eta ahaleginen ondorioa da! Betetasuna da. Marinel bezala zure lana egin izanak pertsonalki asebetetzen zaitu».
Belaontzian munduari bira egiteko neke betean jardun behar da, ia lorik egin gabe, norabidea beti mantenduz, itsasoaren eta eguraldiaren arazoei aurre eginez, bakar-bakarrik, naturaren indarraren kontrako borrokan. Hala ere, belaontzian nabigatzea plazerezko bidaia dela pentsatu eta, are, esan ere egingo dute zenbaitzuek. Beren ustea gezurtatzeko aski lukete Vendee Globen parte hartzea eta Hegoaldeko itsasoak ezagutzea.
Nabigatzaile gisa Vendee Globe lasterketaren benetako esanahia zein den galdetu diogu. «Ez dakit besteentzat zer den, baina niretzat itsasoan inoiz egin dudan ahalegin zailena izan da. Bakardadezko 135 egun dira, esperientzia oso indartsua, oso ezberdinak diren itsasoetan bizitakoa. Ekuatoreko eguzkia da, alisio haizeak, Hegoaldeko Itsasoko ekaitzak... Itsas adierazpen mailan, nabigazio mailan, oso konpletoa da. Eta, gainera, hiru lurmuturrak (Esperantza Onekoa, Leeuwin eta Hornos) eskalarik gabe pasatu zituzten aurreko marinelen uharari jarraitzen diogu. Eskatzen duen inplikazioagatik, nabigazio mailan, eta itsasoan izan beharreko jokabide pertsonal mailan, esperientzia totala da».
Vendee Globe, proiektu kolektiboa
Baina lasterketa bera baino lehen, Vendee Globe baino lehenago badago beste lasterketa bat, benetako maratoia, oztopo-lasterketa: aurrekontuak lortu behar dira, babesleak, finantziazioa ziurtatu, konfiantzak pilatu, sostengatu behar zaituen talde bat antolatu behar da, komunikaziorako profesionalak, eta gero beti datoz gerokoak, autografoak, elkarrizketak...
Buruarekin baieztatzen du nabigatzaile baionarrak. «Hala da, bai. Eta oso zaila da. Horrelako proiektu zail eta luzean konprometitzen garenean, aurretik egin beharreko guztia lasterketaren parte bezala hartu behar da, abenturaren parte bezala. Eta indartu egiten gara gauzak aurreratu eta ontzia konpondu ahala, babesleak aurkitzen goazen heinean, kalifikatzen garenean, irteera-puntuan gaudenean. Baina egia da aurretiko lan hori itsasbidearen parte oso garrantzitsua da».
Munduteguyren kasuan, 1996ko «porrot» haren ondoren berriz ametsaren ildoan itsasoratzeko, benetako elkartasun olatua altxatu zen Euskal Herrian, hego eta ipar; enpresa txiki eta administrazio askok lagundu zuten, euskal jende anonimo askoren bultzada jaso zuen. «Bai, eta une hartatik proiektuak pertsonala izateari utzi zion. Zeren abentura honetan sartzean, munduari bira emateko desirak kiskaltzen zaitu. Eta horrek, jakina, badu alde oso egoista eta intimista hori. Eta egun batetik bestera proiektuak eskutik ihes egiten dizu. 1996an gertatu zitzaidana erabat apartekoa izan zen. Perspektibaz hartu behar duzu, eta, era berean, soiltasunez. Oso hunkituta nengoen, are galduta ere bai, animo mezuak eta dirua bidaltzen dizun hainbeste jenderi nola bueltatu hori guztia? Nola egiten da hori? Berriz ekin behar zaio ahaleginari. Une hura ez zegoen inon idatzita, oraindik ere ez dakit zergatik gertatu zen, baina gertatu zen. Eta ikaragarri hunkitu ninduen. Jada ez zara ez jaun, ezta antolatzaile ere; ihes egiten dizu denak».
Lehiaketa eta abentura
Munduteguyrena nabigatzaile izateko desira izan da ezeren aurretik, Hegoaldeko itsasoetan bere ubera idaztekoa, bizitzak adinez edo zoritxarrez eragotzi baino lehen itsaso harro horiek deskubritzeko desira kiskaltzailea. «%100ean bizi nahi nuen esperientzia bat zen. Iritsiko nintzela banekien, baina ez, ordea, nola». Vendee Globe mitikoan parte hartu zuenerako, nabigazio ozeanikoetan esperientzia handikoa zen, marinel kartsua, ausarta. 1979tik itsas lasterketa ospetsuenak eginak zituen; Bretainiako Saint Malotik Guadalupeko Pointe-a-Pitreraino doan Ronaren Bidea (La Route du Rhum) edo Ingalaterrako Plymouthetik Rhode Islandeko Newporterainoko Transat lasterketa, esaterako.
Baina, esan bezala, 2001. urteko martxoaren 25 hartan Vendee Globe lasterketa 135 egun, 15 ordu, 17 minutu eta 55 segundoan bukatu zuen, 26.403 itsas milia eginda, munduari bira eginda, Ozeanoarekin gorputzez gorputz borrokatuz. Michel Desyoyeuax irabazleak baino 42 egun eta 15 ordu gehiago behar izan zituen proba amaitzeko. Bistakoa da Vendee Globen bi motatako nabigatzaileak daudela, lehiatzen diren nabigatzaileak eta nabigatzaile abenturazaleak. Berdinak al dira? Printzipio eta balio berak dituzten nabigatzaileak al dira?
Galdetu egin diogu: «Ez dakit. Dakidana da lasterketa hau irabazteko edo ni bezala abentura zoragarri bat bezala bizitzeko leku egokian egotearen erabateko ziurtasuna behar dela. Hau da, zure burua konprometitu beharra dago, zure motibazioen inguruan zalantzak izan gabe. Eta ziurtasun bat izan behar duzu nahitaez: 'amaitzeko lasterketa guztian borrokatuko naiz'. Irabazleen kasuan ez dakit, baina nik bizi izan nuen moduan, kosta ahala kosta bukatu behar nuela banekien, batez ere aurretik porrot bat izan baduzu, banekien nire buruarekin harmonian nengoela, bizi nituen egoera onak eta txarrak bizi nahi nituela, hor egon eta iritsi nahi nuela».
Marinel onena edo ontzi fidagarriena?
Munduteguyren belaontziak 'DDP 60e Sud' izena zuen. Ez zen punta-puntako ontzia, ez berriena, ezta teknologikoki aurreratuena ere. Jakin-mina pizten dute lasterketa hauetan erabiltzen dituzten gailu teknologikoek; nabigaziorako teknologiek hartzen dute garrantzia. Ontziak berak baino handiagoa? Lasterketa bera ere gerora erabiliko diren teknologiak garatzeko, fintzeko eta probatzeko aukera paregabea da. Baionako nabigatzaileak, baina, argi du:
«Lehenik eta behin, ontzia dago. Ontzia euskarri mekaniko bat da, tresna bat, eta, jakina, Vendee Globe bezalako lasterketa bat egiten dugunean ontzi mota ezberdinak daude. Nirea ontzi zaharra zen, 1990ean eraikia; beraz, ez zen punta-puntako teknologiekin egindakoa, itsas arkitektura mailan, belaren ikusmoldean, material elektronikoan edo pilotuan. Vendee Globean teknologikoki onena ez den ontzi batekin ateratzen garenean, ondo dakigu ezin dugula irabazi. Horrelakorik ezinezkoa da, beste ontzi guztiek lasterketa uzten ez badute bederen, eta hori desgrazia handia litzateke, gauza oso txar bat. Inportanteena nork bere ontziarekin egin dezakeena argi izatea da, zure ontziarekin noraino joan zaitezkeen jakitea, eta ontziak gehiegi ez sufritzeko gidatzen jakitea. Baina bai, teknologiak garrantzia du, bai, berak baldintzatzen duelako garaipena. Vendee Globe irabazten duten ontziak horretarako propio eraikitakoak dira, lasterketa baino hilabete batzuk lehenago sarritan».
Orduan zein da munduari bira egiten dion lasterketaren funtsa? Nork irabazten du, marinel onenak edo itsasontzi fidagarrienak? «Ez nuke halakorik esango. Vendee Globe irabazten duena marinel onena da. Marinel onena bere nabigazioagatik, bere kudeaketagatik, bere gaitasunagatik. Irabazlearen hierarkia teknikoaren inguruan ez dago zalantzarik, bakoitza bere gaitasunekin bururaino joan behar delako lasterketa irabazteko. Nik errespetu oso handia diet Vendee Globe irabazi duten marinelei, baina baita parte hartu eta bukatu duten marinel guztiei ere».
Nabigazioa bizitza-ekintza da
Hornos lurmuturra mundu mailako nabigazioan mugarri garrantzitsua izan da betidanik. Hango urak oso arriskutsuak dira, haizeak beldurgarri gogor jotzen du, olatu itzelak izaten dira, ur-laster eta korronteak, eta icebergak ere bertan daude. Belaontziarekin pasatzea, bakarrik, inolako laguntzarik gabe, muturreko esperientzia ez ezik, oso intimoa den bizipena ere bada. Larriminak, ezezagunari beldurra, inola ere gutxietsi ezin daitezkeen mehatxuak...
Munduteguyk ez ditu horiek guztiak ukatzen, baina ez die protagonismo nabarmenegia eman nahi: «Nabigazioa bizitza-ekintza bat da, ez heriotza-ekintza. Nire pasio suharrena zen itsasoa, ozeanoa. Ezagutzen ez nuena ezagutzera nindoan, ez nintzen sekula egon Hegoaldeko itsasoetan. Bide luze hori, uhara hori, nabigazio esperientzia zoragarria da. Eta ni zorionekoa izan nintzen, egiten ari nintzenarekin seguru nengoelako, aurrez aurre begiratzen niolako. Nire itsasontzian leku eta une egokian nintzen, biok batera ari ginen munduari bira ematen, eta hori zen orduan guk biok egin beharrekoa».
Baina Hornos lurmuturra metafora bat ere bada. Pertseberantzia, kuraia eta umiltasun handia behar baita denok daukagun geure Hornos lurmutur partikularra pasatzeko, bizitzan aurrera egiteko urratu behar diren mugak urratzeko. Lezioa eskaintzen du, bizitzarako aproposa. Baiezkoan dago Munduteguy: «Niretzat lorpen bat da; aurretik saiatu eta porrot egitea hain zaila izan zen! Ez bakarrik arazoak ematen zituelako, baita moralki ere. Munduari bira emateak nire buruarekin bakean utzi nau, nire bizitzako Hornoseko Lurmutur partikularra igarotzea ahalbidetu dit. Nik uste bere eskuekin lan egiten duen edonorentzat, edo proiektu pertsonal batean sartuta denarentzat, arrakasta izatea gauza bera dela. Baina lezioa... ez dakit, hitz potoloa da hori».
Euskal marinelek utzitako uberan
Bere itsas balentria aurrez munduari bira eman zioten beste euskal marinelen genealogiakoa kontsidera daiteke, mendiek bizkarra gordeta itsasoari begira bizi den herri bateko marinelen uberari jarraitzen diona. Handian pentsatuz, Juan Sebastian Elkanorena datorkigu gogora, eta Ipar Atlantikoa zeharkatzen zuten gure baleazaleenak, edo gertuago, Jose Luis Ugarte marinel getxoztarrarena, 64 urte zituela 1993an Vendee Globe bukatu zuena –Unai Basurko ahaztu gabe, 2008an lemarekin izandako arazoen ondoren Vendee Globe utzi zuena–.
Hunkitu egiten da galdera pausatze soilarekin, baina ez du uste halako laudorioak merezi dituenik: «Ez dagokit niri horrelakorik esatea. Hitz potoloegiak dira niretzat». Eta xumetasunez errepikatzen ditu bere motibazioak: «Nik bilatzen nuena zen amets hori ahalik eta ondraduen bizitzea, tranparik gabe. Porrotaren ondoren, itsasora bueltatu nahi nuen historia hau bukatzeko, gai nintzenaren bururaino joanez helmugara iristeko eta lagundu ninduen jende guztia eskertzeko, benetan proiektu partekatua izan zela ikus zezaten».
Horrelakoa da Didier Munduteguy euskal marinela. «Bakean nago itsasoarekin; egun oso harreman trankila gordetzen dut berarekin». Ametsa bete zuen eta amets beteko izatean bizi da egun abenturazale baionarra: nabigatzaileen eta marinelen balioak lau haizeetara zabalduz, milioika «lurtarren» ametsak piztuz.