«Errepresio oso bortitza izan zen, baina lortu genuen desagertzea hain kaltegarria zen derrigorrezko soldaduska»
Derrigorrezko soldaduskaren kontrako mugimendu bizia izan zen intsumisioarena. 80ko eta 90eko hamarkadatan bereziki aktiboa izan zen. Elkartasun zabala jaso zuten mugimendura batu ziren gazteek. Errepresioa ere sufritu zuten. Ostera, helburuetako bat lortu zuten: derrigorrezko zerbitzu militarra desagertzea. Garai haiek gogoratzen lagundu digu Santi Kirogak. Intsumiso izandakoa da bera, eta 1993an intsumisioaren alde aurkeztutako manifestuaren sinatzaileetako bat izan zen.
Gaurko egunez, 1993an, hamar intsumiso epaitu zituzten Iruñean. Ez zen gertaera ez ohikoa. Milaka gaztek egin zuten bat intsumisioarekin, batez ere 80ko eta 90eko hamarkadatan. Horietako bat izan zen Santi Kiroga. Orduan, Jarraiko militantea zen, eta hasieran derrigorrezko soldaduskara joan zen, gazte antolakundeak aurrera zeraman dinamikaren barruan. Laster heldu zen, ordea, eztabaida, eta intsumisioaren aldeko hautua egin zuen Jarraik. Baita Kirogak ere. Gerora, politikan aritu da, eta bertatik ere egin zuen lan intsumisioaren defentsan. Euskal Herriaren historiaren pasartetxo hau errepasatu dugu berarekin.
Nola gogoratzen duzu mugimendu intsumisoaren hasiera Euskal Herrian?
Momentu horretan gerraren aldeko dimentsio handia zegoen. Golfoko gerra zen une horretan, eta Estatu Batuetatik gaur egun ikusten dugun jarrera inperialista ikusten genuen. Era berean, interes handia zegoen arlo ekonomikoan, armagintzaren inguruan. Hori, mutur batean. Horren aurrean, gaur egun Gazako egoerarekin ikusten ari garen moduan, bazegoen mugimendu zabal bat antimilitarista zena eta ezkerreko ikuspegi bat zuena, mundu mailako herrien arteko elkartasunaren aldekoa.
Soldaduska oraindik derrigorrezkoa zen, eta orain ere batzuk hasi dira hori bultzatu nahian. Orduan batez ere Nafarroan, eta Katalunian ere bai, dinamika bat zabaldu zen derrigorrezko soldaduskaren aurkakoa. Jarrera antimilitarista eta antiinperialista batetik, eta ezkerreko ikuspegi oso garbi batekin. Gauza berri bat zen. Garai horretan idatzi zuen Jose Mari Esparzak 'Abajo las quintas'. Jende gaztea mugitu zen, batez ere ikasle mugimenduan, eta elkartasun handia zegoen, manifestazio erraldoiak egon ziren.
Errepresio gogorra jasan zuen.
Gainera, errepresioa intsumisoen kontra eta ingurukoen kontra. Garai horretan Arrotxapean bazegoen ospe handia hartu zuen apaiz bat, Patxi Larrainzar. ‘Apaiz gorria’ zen, eta berak parte hartu zuen manifestazioetan atxilotu nindutenean eta beste hainbatetan. Oso gogoan dut. Errepresioarekin jendeak atzera egitea nahi zuten, eta ez zuten lortu, inola ere. Errepresio oso bortitza izan zen, baina handik gutxira lortu genuen desagertzea hain kaltegarria zen derrigorrezko soldadutza. Egia esan, ez genuen lortu gure helburua zena, armadarekin, NATOrekin eta horrekin guztiarekin amaitzea, baina urrats bat izan zen zalantzarik gabe, eta oso polita izan zen nagusitu zen elkartasuna eta mugimendu zabal hori.
Babesa ere bildu zuen, sektore jakin batzuen aldetik izan ezik.
Ezkerretik eta abertzaletasunetik intsumisoen aldeko jarrera oso positiboa egon zen, eta zalantzarik gabe, gehiengo zabal bat zegoen jendartean. Horren aurrean, PSOE zegoen orduan gobernuan, eta UPN, PP eta alderdi horiek guztiak ere kontra zeuden. Argi geratu zen, NATOri esan zitzaion bezala, soldaduskari ere ezetz esan zitzaiola. Momentu horretan EHGAM bezalako taldeek ere lan handia egin zuten; garai horretan feminismoa ez zen hain potentea, baina oso aktibo egon zen taldea prozesu honetan. Garai horretan mugimendu antinuklearra ere oso indartsu zegoen, eta intsumisook hortik ere edan genuen.
«Ez genuen lortu gure helburua zena, armadarekin, NATOrekin eta horrekin guztiarekin amaitzea, baina urrats bat izan zen zalantzarik gabe, eta oso polita izan zen nagusitu zen elkartasuna eta mugimendu zabal hori»
Ondare kulturala ere utzi zuen intsumisioaren aldeko mugimenduak.
Zalantzarik gabe. Gu magma batean bizi ginen, eta zaila da intsumisioa ulertzea garaiko kontzertuak eta bestelako ekimenak kontuan hartu gabe. Gogoan dut garai horietako margolari eta marrazkilariak ere hor egon zirela. Uste dut Euskal Herriak berpizte polit bat izan zuela. Une berezia izan zen eta adierazpide ezberdinetan ikusi zen.
Egun armagintzaren presentzia hor dago, gerrak ikusten ditugu nonahi... Sektore atzerakoiak eta interes ekonomikoak. Gerora nola ikusi duzu antimilitarismoaren eboluzioa?
Nik uste dut mantendu izan dela jarrera antimilitarista bat. Beste kontu bat da mantentzen dela gure aurrean daukagun bortizkeria ere, eta izugarria dela. Ikusi dugu Israel astakeriak egiten Palestinan urteetan, baina orain bezalakorik nik ez nuen imajinatzen. Horren aurrean, ikusten dut Euskal Herria Gernikatik eta orain arte oso inplikatuta dagoela prozesu horretan. Hemen ere desmilitarizazio oso garrantzitsu bat gertatu da, alde batetik. Orduan gatazka armatua puri-purian zegoen eta gaur egun dauzkagun adierazpideak oso ezberdinak dira. Bestalde, bortizkeria handia ikusten dugu oraindik, adibidez Ertzaintzaren aldetik.
Lan handia egin zen, lan handia egin da, baina lan handia gelditzen da oraindik egiteko. Zorionez, gizartea aktibo ikusten dut prozesu horretan.