Herri harresia, «gizarte osoaren oihua»
Euskal gazteriarentzat mugarria izan zen Donostiako Aske Gunea, herri harresia, gerora beste herri batzuetan ere errepikatu zena. Zortzi gazteren aurkako atxiloketa sarekadari aurre egiteko artikulatu zen ezker abertzalea. Hamar egunez egon ziren Donostiako Bulebarrean, giza harresia eraikiz. Oier Lorente eta Egoi Alberdi izan ziren azkenean, 2013ko apirilaren 19ko goizaldean, Ertzaintzak atxilo hartu zituen gazteetako bi. Beraiekin hitz egin du NAIZek.
Gaurko egun batez duela hamaika urte, Ertzaintzaren oldarraldiarekin iratzarri zen Donostia, eta honen burrunba Euskal Herri osoan entzun zen, euskal gizartearen zati handi bat Bulebarrera begira baitzegoen. Goizaldean oldartu zen Ertzaintza Donostiako herri harresiaren aurka eta, azkenean, bertan zeuden sei gazte atxilotu zituen. Aurretik, Aske Gunearen lehendabiziko egunean, auzipetuta zegoen Ekaitz de Ibero gaztea atxilotu zuen. Imanol Vicentek Martuteneko espetxean aurkeztu zuen bere burua herri harresia desegin eta bost egunera, eta zazpi egunera, Nahikari Otaegik Aranjuezko espetxean aurkeztu zuen bere burua, zazpi hilabeteko alabarekin batera. Urrats hori eman aurretik, Ainara Lertxundi lankideak elkarrizketatu zuen gazte donostiar hau.
2013an, Donostiako bederatzi gazte, Segiko kide izatea egotzita, seina urteko espetxe zigorrera kondenatu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Sarekada berri hau gaitzetsi eta zailtzeko, euskal gazteria elkartasunaren adibide izan zen orduan. Aske Gunea eratu zuten Donostiako Bulebarrean, zortzi kide hauek babestu eta hauen atxiloketa ahalik eta denbora luzeenean saihesteko. Azkenean, hamar egun iraun zuen herri harresiak, eta nazioartean ere harrabotsa sortu zuen elkartasun keinuak.
NAIZek eta GARAk jarraipen berezia egin zuten, eta are gehiago, apirilaren 19an, atxiloketen ondotik, papereko edizio berezi bat atera zen eguerdian, antzinako eredua XXI. mendera ekarrita.
Emozio handiko egunak izan ziren horiek, alde batetik, euskal gazteriaren indarra agerian geratu zelako, baina baita ziurgabetasun bat zegoelako ere, Ertzaintza noiz eta nola oldartuko ote zen Bulebarrean, modu baketsuan, eserita zegoen jende andanaren aurka. Jende pilaketaren erdigunean zeuden auzipetutako sei gazte, Oier Lorente eta Egoi Alberdi ziren horietako bi, eta NAIZek beraiekin batera gogoratu nahi izan du duela 11 urte hiriaren erdigunean eratu zen mobilizazioa.
«Alde batetik, egun gogorrak izan ziren, egun luzeak, batez ere ziurgabetasun handia genuelako; ez genekien nola gertatuko zen atxiloketa, noiz izango zen... Estimulu asko izan ziren egun ezberdinetan. Era berean, egun oso bereziak eta oso politak izan ziren. Batez ere, une hartan hitz egiten zen elkartasunetik konpromisorako pauso bat ematea garrantzitsua zela ekimen hori burutu ahal izateko, eta azkenean ekimena posible izan zen hango jende guztiaren parte hartze aktiboagatik eta militante guztien militantzia praktikoa bertan egiteagatik», azaltzen du Lorentek.
Biek gogoratzen dute hasieratik zegoela desobedientziaren bitartez antolatzeko ideia bat, baina horrek jendearen inplikazioagatik hartu zuela forma. Hainbesteko elkartasun uholdea jasota, «suposatzen zen espetxera harro, indartsu eta tinko gindoazela» eta are gehiago, «harrotasun kolektibo bat ere azaleratuko zela».
Bide beretik, Alberdik oroitarazten du ziurgabetasunak «desgaste handia» eragin ziela, baina jendearen inplikazioarekin, arindu egin zela: «Egunero, gure etxeetatik Bulebarrera joateko eta bueltarako, zutabeak antolatu ziren. Jendetza egon zen gu egunero, momentu oro babesten. Hori ahaztezina da».
Izan ere, hasieran beraien etxeetara itzultzen ziren auzipetuak, baina apirilaren 16tik aurrera, atxilotze aginduaren berri jakin bezain pronto hala erabakita, gau eta egun, 24 orduz, egon ziren babespean hiriaren erdigunean. «Erresistentzia eta desobedientzia baketsua» oinarri hartuta, herri harresiak bi aldiz saihestu zuen sei gazte hauen atxiloketa.
Estatu espainolaren errepresioa euskal gazteriaren aurka puri-purian zegoen orduan. Euskal gazteriaren aurkako sarekadak –horietako asko Segiko kide izatea egotzita– ohiko bilakatu ziren azken hiruzpalau urteetan, eta Donostiako gazte horien kasua testuinguru horretan ulertu behar da, Alberdik gogoeta egiten duen legez: «Gure atxiloketa, testuinguru politiko eta estatu errepresioaren garai konkretu batean gertatu zen. Azkenean, estatu espainolak bere plangintza errepresiboaren barruan belaunaldi haustura bat egin nahi zuela iruditzen zait, eta horretarako, gazteriari eraso egin zion. Gazteriaren aurkako eraso horretan, bi-hiru-lau urtetan, Estatu espainolak gazte mordoa atxilotu zuen; eta gu testuinguru horretan izan ginen atxilotuak. Publikoki lanketa politikoa egiten genuelako, gazteria mobilizatzen genuelako eta beraien ikuspegitik borroka transmisio horretan haustura bat eragin nahi zutelako».
Haustura bat eragin nahi horretan, ezker abertzalearen mobilizazio gaitasuna azaleratu zen, eta Lorenteren ustetan, «euskal gazteriarentzat aberasgarria» izan zen mugimendua, konpromiso horretan «belaunaldi berriak azaldu baitziren, eta horiei ere, desobedientzia praktika erreferente berri horiek plaza horren inguruan martxan jarrita, tresna berri hori gauzatzeko aukera eman baitzitzaien». Ilusio berri baten pizgarri izan zen mugimendu bateko partaide aktibo sentitzea; eskubide politiko eta zibilen aldeko borrokan bakoitzak bere aletxoa jartzea, alegia.
Elkartasun uholdea baino, Lorentek nahiago du «konpromiso eta militantzia praktika uholdea» adiera erabiltzea. Teoriatik praktikara jo zelako, eta hori nabarmendu nahi du: «Ez zen elkartasun keinu bat izan, ehundaka pertsonak, egunez egun, beren egunerokoa alde batera utzi eta 24 orduko bere militantzia Bulebarreko plaza horren bueltan egin zuten; Bulebarreko plazan eguneroko parte hartze aktiboa suposatzen zuen».
«Esango nuke euskal gazteriatik harago joan zela. Zortzi gazte eta ume bat presondegira sartu behar gintuzten, eta horren aurkako erantzun masiboa gizartearena izan zen», azpimarratzen du Alberdik. «Herri harresia ez zen gazteriaren oihua soilik izan, gizarte osoaren oihu bat izan zen», dio. Era berean, azaltzen du momentuko egoerak ere eragin zuela mugimendu hori, aipatu Estatu espainolaren errepresioa puntu gorenean zegoelako, «gizartea ere aldaketa prozesu batean murgilduta zegoelako eta bere haserrea eta frustrazioa atera» behar zituelako.
Hain zuzen ere, ETAk iragarritako behin betiko su etenaren osteko garaiak ziren, Mariano Rajoy zen Estatu espainoleko presidentea, eta borroka armatuaren bukaeraren hasiera horretan, euskal gazteriaren aurkako zigorrak nabarmen areagotu ziren. Urte horren hasieran, Oreretako hiru gazte ezkutuan egon ziren, eta Donostiako Aske Gunearen ostean iritsi zen Ondarroako zubi harresia ere, Urtza Alkortaren –egun, Ondarroako alkatea– espetxeratzea saihesteko antolatua. Bost egunez luzatu zen erresistentzia harresia, eta hau deseginda, Alkorta espetxera bidean eraman zuten. Gasteizen ere beste herri harresi bat eratu zen, hiru gazteren atxilotzea saihesteko.
«Euskal Herriko historian zehar izan diren ehundaka kasu ezberdinetan bezala, agerian geratu zen orduan ere Euskal Herria eta ezker abertzalea gai direla antolatu eta borrokatzeko, egoera politiko ezberdinei dagozkien zailtasun horiei guztiei aurre egiteko», nabarmendu du Lorentek.
Modu horretan, gaur egun horrelako zerbait artikulatzea posible izango ote litzatekeen galdetuta, donostiarrak onartzen du «antolakunde independentistak ilegalizatzeko garaiak urrun» geratu direla «hainbat arrazoirengatik», baina iruditzen zaio «eskubide politiko zein sozialak egun ere babestu, zaindu eta borrokatzeko premia» daukala euskal gazteriak, eta prestatua ikusten duela «artikulatu eta antolatzeko».
Atxiloketa unea
Kasik bi orduko polizia operazioaren ostean, Ertzaintza harresiaren bihotzera sartu zen, eta bertan ziren sei gazteak preso eraman zituen. «Ertzaintzak modu oso oldarkorrean erantzun zuen herri harresiaren aurka, arrazoirik gabe jendea postura fortzatuetan eraman zuen, jendea jipoitzen ibili zen», oroitzen du Alberdik. Bertan zen Lander Arbelaitz kazetariaren aurka hartu zuten jarrera ulertezina ere aipatzen du.
«Uste dut beraiek oso urduri jarri zirela zenbat jende zegoen ikusita, eta beraiek ere ez zekiten oso ondo nola egin guregana iristeko. Oso bortizki sartu ziren eta biolentziaren erabilera beraiena izan zen, esklusiboa», nabarmendu du.
Egoi Alberdiren kasuan, presondegira egiten zuen bigarren aldia zen, eta onartzen du sentsazio oso ezberdinak bizi izan zituela. Lehen aldian, 19 urte zituen, eta orduan ere militantzia politikoagatik eraman zuten preso. Orduan, adin txikikoen moduluan sartu zuten, prebentiboentzako espetxean, Alcala Mecon. 2013ko atxiloketan, hasiera batean Aske Guneko lau gazte Zaballara eraman zituzten eta, «herri harresiaren osteko emozioak pil-pilean, ondo egon ginen, moralki eta fisikoki». Ondoren, Navalcarnerora lekualdatu zuten, Estatu espainolaren mendeku gosea dispertsioaren bortizkeriaren bidez ase nahiak eraginda. Lau urte egin zituen bertan, isolatuta, presondegiko preso politiko bakarra zelarik. Dueñasen bete zuen zigorra, oso-osorik, Oier Lorentek.
2017ko apirilaren 26an geratu zen aske Oier Lorente, eta urte bereko abuztuan Egoi Alberdi. Aske Guneko beste gazteei dagokionez, Aitor Olaizola apirilaren 17an atera zen Darocako kartzelatik; Adur Fernandez, apirilaren 23an, Valladolideko espetxetik; Mikel Arretxe, abuztuaren 14an, Soriako kartzelatik. Herri harresiaren bihotzean ez baina afera berean atxilotu zituzten beste hiru gazteei dagokienez, Ekaitz de Iberok 2016ko urtarrilaren 27an errekuperatu zuen askatasuna; eta Imanol Vicentek eta Nahikari Otaegik, 2017ko irailaren 28an eta 29an, hurrenez hurren.
Espetxetik atera berri, Lorente, Fernandez eta Olaizolak elkarrizketa bat eskaini zuten NAIZen, bideo honetan dago ikusgai.