Jokin Gorostidi, militante kontsekuentea
2006ko apirilaren 25ean Jokin Gorostidi hil zen. Une horietan 18/98 sumarioarengatik epaitu nahi zuten. Burgosko Prozesuan bi heriotza zigor jaso zituen. Bere ibilbide militanteko bi une baino ez dira horiek. Bikote eta kide izan zuen Itziar Aizpuruak elkarrekin bizitakoa jaso du testu honetan.
Bere garaiko pertsona euskalduna, abertzalea, ezkerrekoa, borrokalaria, militante kontsekuentea.
Harrokeriarik gabe hitz egiten entzun dut beti, apaltasunez. Bizitzaren gai larrienetan ere, naturaltasunez. Tratu suabea, irribarre goxoa, algararik ez; ironia punttua begietan. Entzuten zekiena. Errespetu bikaina, eta laguntza maitasunez bildua eskaintzen zuena, etxean izan, kanpoan, edo burdinarteko lekuetan, edonon...
Berezko dotoretasuna zuen hizketan eta janzkeran. Etxe apalean jaio zen Tolosan, 1944ko azaroaren 4an, Rondilla kaleko 14. zenbakian. Uharte, Amezketakoa ama, eta Urkizu, Tolosakoa aita, lanera etorritako baserritarren semea: Jokin Gorostidi Artola.
Gazte-gaztetatik mendia zuen maite, eta ahal zuen gehienetan joaten zen eskalatzera Tolosako Alpino-Uzturreko lagunekin. Bizikleta ere oso gogoko zuen. 13 urterekin lanean hasteko gogoa bizikletaren beharrak bultzatu zion. Eta esku-pilota ikustera ere gogo handiz joaten zen Tolosako Beotibar frontoira.
Jokinek, garai hartako neska-mutil gehienek bezala, ez zuen ikastetxe ospetsuetan ikasterik izan. Bere familia diruduna izan balitz, medikuntza ikasiko zuela esaten zuen, eta psikologia kontuak zituen gogoko. Kartzelan horrelako gaiekin ibili zen buru-belarri.
Tolosako Eskolapioetatik, delineatzaile ikasketak egitera eskola partikular batera joaten zen, zortzi orduko lanaldiaren ondoren. 13 urterekin hasi zen Tolosan, Metalurgiako Lantegi batean, aprendiz bezala.
1963tik ETAko militante. ETAko V. Biltzarraren bigarren zatira joateko, 1967ko martxoan, Ezker Abertzalearen sorrera izango zenera, kitapena eskatu behar izan zuen. Ondoren, beste lantegi batean lau orduko lanaldia eta ETAko militantzia tartekatu zituen, guardia zibilen eskuetatik alde egin behar izan zuen arte, 1967ko azaroan 22ra arte. Egun horretan, Jokin jaiotetxetik atera zen betiko. Ordutik, ETAko liberatua izan zen denbora osoan. Sasitan, atxilotu zuten arte.
Honela zioen: «ETA baitzen ekintza politikoan ziharduen erakunde bakarra garai hartan; katakonbetatik kanpora ausartzen zen bakarra. Non zeuden beren burua frankismoaren kontrako borrokalaritzat zutenen sigla guztiak? Gainera, giro abertzalearekin eta langile mugimenduarekin nuen harreman zuzen hari esker, goiz jabetu ahal izan nintzen gure herriak era berean jasaten duen nazio eta klase zapalkuntzaz».
Txabi Etxebarrietarekin
Itxura serioa, bizar estua eta ile beltza horiz tindatua izan arren, lasaitasunaren eta seriotasunaren irudia zerion. Begirada zuzena eta hitz patxadatsua. Tinkoa eta zuzena erabakiak aurrera eramaterakoan. Arduratsua eta zintzoa. Inork ez zukeen esango 23 urte besterik ez zeuzkatenik, Txabi Etxebarrieta eta biak Gipuzkoan lanean batera zebiltzan garaian.
«Elkarrekin lan egin genuen Gipuzkoan zortzi hilabetez, eta etxe berean bizi ginen, askotan ohe berean lo eginez».
Maitasuna eta begirunea zion Txabiri. Gainera, bazuten antzeko zerbait, irribarre ezti eta intentzioduna, eta batez ere, berezko «on aurpegia», laguna sekula salduko ez duten horien jitea.
Txabi benetan maitagarria zen, edonor bereganatzen zuen lehenbiziko hitzetan. Eta, hortik aurrera, berarekin solasaldiren bat izateko suertea izanez gero, zorionekoa harekin zegoena. Argia eta buruzagi kastakoa zela askok esan dute, eta egia hutsa da. Oso gaztea izan arren, asko zekien, baita entzuten ere. Goxoa eta sentibera zen.
Jokin eta Itziar
Jokinek eta biok 1966an ezagutu genuen elkar, eta hilabetetara elkartu ginen betirako. Oso garbi genuen gure artekoa: Euskal Herriaren zerbitzura elkarrenganako maitasunean.
Guztiak zirudien erraza, normala, abertzale kontsekuenteen artean, betiko legez. Euskal Herria odolean eta erraietan, senari jarraituz egindako bidea, ordukoa, garaikoa. Maitasunak eta amodioak gozatzen duten bide ederra; oraina biziz etorkizuna prestatzen.
Horrela, ilusioz eta maitasuna bor-bor zuela hil zuten Txabi Etxebarrieta Olarrainen, Tolosan, 1968ko ekainaren 7an. Berri zuzenik gabe, ez genekien bietatik nor erail zuten, elkarren enkontrura baitzihoazen. Txabi Donostiatik eta Jokin Eibartik, Beasaingo San Martin Loinatzeko Monumentuan elkartzeko.
Sentimenduak idatziz helaraztea zaila bada, minaren minezkoak ezinezko, esango nuke. Hemen barruan dauzkat biak irribarrez, gaur goizean gertatu izan balitz bezala, zirimola garratzean.
ETAk 1968ko abuztuaren 2an hil zuen Meliton Manzanas. Ez mendekuz ezta gorroto ekintzaz ere, Txabiren erailketagatik. Aspalditik aukeratutako ekintza zen. Manzanasek beregan biltzen zituelako Euskal Herriak jasaten zuen errepresioaren ezaugarri guztiak: 1936ko gerratean Francorekin, Munduko II. gerratean Hitlerren kolaboratzaile. Eta torturatzaile sadiko oso ezaguna Gipuzkoako borrokalari guztientzat ... Ahantzezina!
Atxiloketa eta Burgosko Prozesua
1969ko martxoaren 8an atxilotu gintuzten Jokin eta biok gurasoen etxean, baita aita eta neba ere. Feminismoak ez zuen oraindik inguru hauetan ez izenik ez egunik. Ez noakizue aurreko errepresioa, Gobernu Zibileko 17 egunak, torturak, eta abarrak aipatzera. Euskal herritarrok txapeldun gara kontu hauetan, bai jasateko unean, baita aurrera ekin eta gainditzerakoan ere.
«1970. urtea aipatu behar dut. Francoren Erregimenak ETAko 16 kideri guztiz sumarioko gerra kontseiluan sei heriotza zigor eta ehunka urte eskatzen zizkigun»
1970. urtea aipatu behar dut. Francoren Erregimenak ETAko 16 kideri guztiz sumarioko gerra kontseiluan sei heriotza zigor eta ehunka urte eskatzen zizkigun. Burgosko Prozesua izenarekin ezaguna izango zen aurrerantzean. Akusatuak izatetik akusatzaile izatera pasatu ginen, militarrei desesperazioa sortu arte. Azken egunean, 'Eusko Gudariak' abestuz agurtu genituen; ezpatari aurre eginez, esku burdinez izan arren, ukabila altxatuta agur esan genien... betiko ahal balitz!
Epaile militarren hitza azkena izanik, eta, sei kidek heriotza banako eskaera zutenez, bederatzi heriotzakoa bihurtu zuten sententzia. Jokin zen bi heriotzara kondenatutako bat, 1970eko abenduaren 28an.
30era arteko itxaronaldi horretan, hil ala bizi ote zen gorabehera, bizirik hil bihurtu zitzaidan niri; barrurik gabe, hustuta nintzen, hilotz. Begiak zabalik eta hitz bakarra eztarritik ezpainetara: «Jokin, deitu nazazu!!!». Bigarren heriotza zigor hark ez zuen itxaropenerako bide luzerik eskaini, eta berarekin igaro nahi nituen azken orduak, fusilatzera eraman aurretik. Nire baitan, bere hozia eramango nuke bizitzara! Gure maitasunaren ikur.
HERRIAri zenbat zor diogun ez daki inork. Handik eta beste zenbait ataka hertsi, zail, ezinezko ziruditenetatik atera gaituzue borrokari esker. Bizitza osoa ez da nahikoa izan Jokinentzat esker ona adierazteko. Espero dut bera falta denetik nire azkena eman arte saiatzea bide horretan.
Herrialde eta herritarren arteko elkartasunaren ispilu izan bazen Burgosko Gobernu Militarrean epaitzen ari ziren euskal abertzale taldea, Euskal Herriaren ASKATASUNA, kate lodiz loturik, itotze zorian zegoelako izan zen.
Heriotza zigor eskaera zuten sei kideek, abokatuen ahotik bederatzira igo zutela entzutean, Jokinen erantzuna hauxe izan zen: «Primeran! Honek gure Herria hobeto mobilizatzeko balio izango du». Eta abokatuen aldetik erantzun haserretua jaso zuenean, hau berea: «Zergatik? Ez al dugu mezu hori kalean iragarri? Ez al dugu esan gure bizia emateko prest gaudela? Zertan gabiltza orduan?».
«'Prest nago asumitu behar den guztia asumitzeko'. Esaldi honek Jokinen bizitza osoa laburbiltzen du».
«Prest nago asumitu behar den guztia asumitzeko». Esaldi honek Jokinen bizitza osoa laburbiltzen du. Izan ere, bere pentsamendu politikoa helburu bezala izan du beti, eta Euskal Estatu Librea (batua, euskalduna eta sozialista) izan du amets. Jokin beti prest egon da etsaiak gure herriari jartzen zion prezioa ordaintzeko.
Bere garaiko pertsona militantea izan da Jokin, HERRIA buru-bihotzean. Gogorra? Hezurrak behar direla gogorrak zioen, eta ez pertsonak. Egoera guztietan samurra izaten jakin izan du, eta bizitzak eskaini izan diona eskertu du. Hil ala biziko ataka estu hori maiz ezagutu du, eta ez diot inoiz entzun kexa txikiena ere. Gaixotasun larriak jasan izan ditu, hilzorian ere egon da, eta bere arretan ibilitako guztiak txunditu izan dira zetorkionari aurre egiteko zeukan indarragatik.
Burgosko Prozesuko hamahiru gizonetatik, Jokin bakarrik bidali zuten Cartagenako presondegira: «Rebeldes e Inadaptados». Barre egiten zion izendapen horri, baina irten eta gero, 1977an, Franco hil ostean, euskal herritarrak oroituko diren bezala, euskal presoen aldeko borroka gogor eta tinkoaren ondoren, Adolfo Suarezen erantzuna errepresioa areagotzea izan zen; zazpi hildako eragin zituen euskal herritarren manifestaldietan. Herriari esker, 1976-77an preso guztiak kaleratu behar izan gintuzten sasi-amnistiaren bidez, eta kanpoko herrialdeetara bidali azkenetakoak. Jokin, beste batzuekin, Belgikara deportatu zuten 1977ko maiatzaren 22an.
Askatasun Ibilaldia, Telesforo Monzon eta HB
Isilean, lagun talde batekin, Hego Euskal Herrira itzuli zen uztailaren 18an; Askatasun Ibilaldian parte hartu zuen, eta Telesforo Monzonekin zuen harremana sendotu egin zen elkarren arteko tratu zuzen eta zintzoan, Herri Batasunaren barnean.
Jokinek honela zioen: «EAJk Francoren garaian jokatu zuen papera kontuan harturik, hau da, herria zuzentzeko izan zuen ausardiarik eta gaitasunik eza, ETAk berehala eskuratu zuen abertzaletasunaren abangoardia, Euskal Herriko burujabetzaren aldeko jendearen aglutinatzaile papera, hain zuzen ere. Beraz, Francoren garaian ETA erreferentzia ukaezina izan zen, eta frankismoaren kontrako borrokan buruan egon zen».
1978. urtean Trantsizio urtea deritzona hasi zen, eta 1982ra arte iraun zuen. Altsasuko Mahaikoek, ANV, ESB, HASI eta LAIAk, herri koalizioaren beharra ikusita, zetozen hauteskundeei begira Herri Batasuna izena eman zioten. Eta urriaren 19an izan zen aurkezpen ofiziala, Laguntza Batzorde Nazionalarekin batera, Bergarako UNEDen. Laguntza Batzordea hamabi pertsonak alderdietatik at osatzen zuten. Azken hauen artean zegoen Jokin Gorostidi.
«HBren proiektu berria abertzalea zen; zabala, gutxiengo demokratiko batzuen defentsa, herrikoia, askotarikoa eta hauteskundeei begirakoa»
Proiektu berri hau abertzalea zen; zabala, gutxiengo demokratiko batzuen defentsa, herrikoia, askotarikoa eta hauteskundeei begirakoa. Ordura arte herriak aurrera eramandako borrokak amnistiaren aldekoak, zentral nuklearren aurkakoak, langileen aldekoak eta feminismoaren bidekoak zirenak bildu behar zituen. Izan ere, frankismoaren aurka jardun zuten guztiek bere tokia behar zuten Euskal Herriak burujabetza lor zedin, ezkerreko independentzia eraikitzeko.
Adolfo Suarezen Gobernua Francorik gabeko frankismoaren jarraipena zen. Erreforma Politikoaren sustatzailea, frankismoak bizirik jarrai zezan. Ezker Abertzaleak, eta ez inolako beste alderdi abertzalek, Erreforma Politikoari tinko erantzun zion Haustura Demokratikoaren aldeko hautua eginez KAS Alternatibaren puntuetan oinarriturik, eta hona ekarri gaitu. Hemen gaude. Inolako zalantzarik gabe, Ezker Abertzaleak eta ez beste inork, mugarria markatu zuen Euskal Herria askatasunerantz daraman bidean.
Jokinen hitzak: «Herriak bi eskubide nagusi ditu. Bata, autodeterminazioa da, herriaren eskubide gisa, eta ez opari gisa. Eta bestea, lurralde batasuna, hori gabe ez baitago Euskal Herririk. Herriari hitza eman behar zaio. Horregatik, gure helburua bi onarpen horiek lortzea da, eta hori lortzeko azken muturreraino joateko prest gaude. Horrek dakartzan ondorioak ez dira guk bilatutakoak izango. Guk ez diogu autodeterminazioari eta herriaren askatasunari preziorik jartzen, etsaiak jartzen dio, eta guk hori ordaintzeko prest egon behar dugu, herriak egun batean irabaz dezan».
Filosofia politiko xume hau izan zuen oinarri Jokinek, bere ibilbide osoan, Ezker Abertzalean jaio eta hil arte. Behar zen lanean eta tokian, militante borrokalari arduratsu.
Zituen karguetan –izan Mahai Nazionaleko kide, Tolosako zinegotzi aldi batean, Gasteizko parlamentari hiru legealditan, Herri Batasuneko Diruzaintzako arduradun nazionala, edo Kanpo Harremanetako sailean euskal deportatu politikoen ardura– beti lotzen zuen bere lana euskal herritarren kezkekin, ohi zen bezala, parte hartuz itxialdietan, gose grebetan, hitzaldietan, behar zen tokian eta unean.
Zentzu honetan, Jokinek parte zuzena hartu izan du hauteskunde guztietan, kartzelan egon ezik. Eta oroitzapen goxoa zuen Europako hauteskundeetako kanpainan kide gazte batekin Espainiako lurraldeetan boto eske ibili zenekoa. Pozik ziharduen! Noski, alaitasun eta itxaropenez abertzale guztiontzat hain gogoko izan ziren bi erreferendumen emaitzekin: Espainiako Konstituzioa arbuiatu zenekoa, 1978ko abenduaren 6an, eta NATOri Hego Euskal Herrian ezetz borobila eman zitzaionekoa, 1986ko martxoaren 12an. Euskal herritarren burujabetzaren aldeko hautu zuzenak dira hauek, inoiz ahantzi behar ez ditugunak.
ETAren eta Espainiar Gobernuaren arteko elkarrizketak zabaltzea ere izan zuen Jokinek lanbide, negoziazioa helburu zela, Telesforo Monzon eta Xanti Brouardekin batera.
Bi saiakera hauen adibide gisa: Pierre Guidoni frantziar Gobernuaren enbaxadoreak Madrilen gonbidapena iragarri zion Ezker Abertzaleari. Eta Xanti eta Jokin joan ziren beregana erantzunarekin. Bi hilabete geroago erail zuten mezularia: Xanti Brouard, 1984ko azaroaren 20an. Hori izan zen Espainia eta Frantziaren erantzuna abertzale ororentzat, pertsona maitatu eta eredugarri hura erailtzea.
«Miarritzera joan zen Jokin 1980ko otsailaren 7an, Txomin Iturbe eta Antton Etxebesterekin hitz egitera, jasotako proposamen bati buruz. Tirokatuak izan ziren, hirurak auto baten barruan zirela».
Miarritzera joan zen Jokin 1980ko otsailaren 7an, Txomin Iturbe eta Antton Etxebesterekin hitz egitera, jasotako proposamen bati buruz. Tirokatuak izan ziren hirurak auto baten barruan zirela. Txomin Iturbe zauritu zuten. Hirurak atxilotu ondoren, Baionako kartzelara eraman zituzten. Frantziako Gobernuaren interbentzio larria, eta erantzun garbia.
Berriz, kartzela
Bigarren kartzelaldia Langraizen izan zen, 1979ko otsailaren 3an eramana. Arabako Foru Aldundian, Herri Batasuneko hainbat hautetsi eta mahaikide bildu ginen euskal preso eta errefuxiatuen egoera larria salatzeko. Jokin bertan zegoen.
Euskal Herrian Erreforma frankista izaten ari zen erantzuna euskal herritarren aldetik baretu nahian, 1981eko otsailaren 4an, PNV, UCD, AP eta PSOEk bira bat antolatu zieten Espainiako errege-erreginei. Lehen aldiz zetozen Euskal Herrira. Eta, biraren azkenengo ekitaldirako, Juan Carlos I.ari Gernikako Juntetxea prestatu zioten bere hitzaldirako. Bertan bildu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzarkide eta parlamentariak. Juan Carlos I.ak hitza hartu zuenean, 'Eusko Gudariak' abesten hasi ziren Herri Batasuneko hautetsiak. Irudi honek munduari buelta eman zion. PNVren poliziek, «berroziek», atera zituzten bertatik.
1982ko apirilaren 21ean, Auzitegi Gorenak 'Eusko Gudariak' abestu zutenak epaitzea erabaki zuen, eta 50.000 pezetako fidantza jartzea. Herri Batasunak ez ordaintzea erabaki zuen. Kartzelara eraman zituzten. Horien artean, Jokin Gorostidi. Laugarren kartzelaldia.
EEk ordaindu zuen fidantza... Egonezin politiko ankerra zintzotasunaren aurrean.
Jokin Gorostidi euskal deportatuenganako biran zela, 1993ko apirilaren 22an, Cabo Verdetik itzuli zen Euskal Herrira oso larri, legionella harturik. Hilzorian egon zen ZIUn 55 egun. 1994an ezintasun nagusia eman zioten edozein lanetarako. Hala eta guztiz, ahal zuenean deportatuen aldeko lanean jarraitu zuen.
'Tarinena' Debako aldizkarian, legionellak zer eragin zion galdetzean Jokini, hau izan zen bere erantzuna: «Neukan lana alde batera uztea. Baina, aurrera begiratzen dut, eta pasatutakoa pasatuta dago. Oso pozik agurtuko dut bukatzen den 1993. urte hau, oso baikorra izan delako abertzaleentzat, eta 1994ko urteari sekulako itxaropenarekin itxaroten diot».
1998ko martxoan, Polizia eta Guardia Zibila Jokinen bila izan ziren Donostiako Onkologikoan eta ospitaleetan. Deban, Guardia Zibila kaleko jantziekin ibili zen. Jokinek alde egitea lortu zuen.
2000. urtearen hasieran, Jokinen bila etxera agertu ziren. Susmoa harturik, alde eginda zegoen. Eta otsailaren 7an, bere burua aurkeztu zuen Madrilgo Auzitegi Nazionalean, abokatuak lagunduta. Garzonek 18/98 sumarioan deportatuaren aldeko lanagatik epaitu nahi zuen.
2003ko abenduaren 17an Garzonen aginduz atxilotu zuten bosgarren aldiz Deban. Sumario berria, oraindik instrukziorik gabe.
Heriotza eta Auzitegi Nazionala
2006ko apirilaren 24an, Jokinek 18/98ko epaiketan aurkeztu behar zuen bere burua Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratzeko. Hiru egun lehenago, trenean bihotzekoak jota, elkarrekin etxera gindoazela Donostiako Ospitalera eraman nuen hilzorian. 21etik 25era Garzonek eta Auzitegi Nazionalak jarraipen estua egin zioten Jokini Donostiako Ospitaleko ZIUan. Ez zuten sinesten hilzorian zegoenik. 2006ko apirilaren 25ean hiltzat eman zuten. Bere gorpua jaso nezan, Madrildik bidali behar zuten baimena ematen zuen faxa. Bahituta egon zen denbora guztian, hilik egonda ere. Nire amorru bizian, eta Jokinekiko maitasunez blai nintzela, guztiaren eta guztien gainetik Madrili kasurik egin gabe, non aurki nintzaketen jakin bazekitela oihukatuz, gorpua hartu eta Debako Udalera herritarren artera ekarri genuen.
Jokinen esaldia: «Esan behar dut errepresioak ezingo didala inoiz eragotzi Euskal Herriarekin eta Euskal Herriarentzat gogoz bizitzea».
Jokinek idatzirik utzi zituen azken hitzak 2005eko abenduan Debako Idaztinoan; 18/98an auzipetutako kideak bere egin zituen, eta, epailearen aurrean alegazioetan esan zuen azken esaldia. «1970. urtean Burgosko Prozesua 31/69 Sumarioan bi heriotza zigor jaso nituen. 2005. urtean, berriz, 18/98 auzian. Atzo eta gaur Espainiako Estatu gerraren estrategiak bahitua izan naiz. Euskal Herriak hitza eta erabakia behar du, eta hori lortu arte ez gaituzte isilduko. Utzi bakean Euskal Herria!!! Atzo, gaur eta beti: GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!».