«Hil baino hamabost egun lehenago Fresnes kartzelako ospitalean ingresatu zuten eta, ospitaleko medikuek baieztatu zutenez, birikak erabat hondatuta zeuzkan. Nire ahizpa eta biok horren lekuko izan ginen kartzelan egin genion azken bisitan, honek irauten zuen denboraren erdia behar izan baitzuen bere zeldatik bisita-gelara iristeko. Kartzelako arduradunek, bere osasunaren arazo larrien aurrean, ez ikusiarena egiten zuten. Indarrik gabe, inpotente sentitzen zela esan zigun Pellok», gogoratu zuen bere arreba Muxi Mariñelarenak heriotzaren 30. urteurrena bete zenean egindako agerraldian.
1993ko maiatzaren 15ean, Etxarri Aranazko Pello Mariñelarena presoa Parisko Antoine Beclere ospitalean hil zen. Hogeita bederatzi urte zituen. Hara eraman zuten maiatzaren 12an Fresnes espetxeko ospitaletik. Bertako ZIUan hamabi egun ingresatuta egon zen. Haren familiak eta gertukoek hainbatetan salatu zutenez, gaixotasun larri batek jota, espetxeko «arretarik ezak» eraman zuen heriotzaraino.
Preso zegoen La Santeko espetxean hiru hilabetez min gogorra eta infekzioak pairatu zituen arren, espetxeko zuzendaritzak eta zerbitzu medikuek ez zuten artatu, Amnistiaren Aldeko Batzordeak ohartarazi zuenez. Bihotzekoak jota hil zela esatera mugatu zen bertsio ofiziala. 1,9 metroko altuerarekin, 70 kilo soilik pisatzen zituen ospitalean.
Albistea zabaldu bezain laster, manifestazioak eta protestak biderkatu ziren Euskal Herriko txoko guztietan. Sakanan greba orokorra egin zuten eta Etxarri Aranazko Udalak herriko seme kuttuna izendatu zuen Mariñelarena.
Herri Batasunak Estatu frantsesari leporatu zion heriotzaren ardura. «Gure herriaren kontrako errepresio espainolaren kolaboratzaile ona izatetik, errepresio horren parte zuzena izatera pasa da». «Bere aurretik beste zortzi preso hil dituen kartzela sistema beraren biktima izan da. Euskal preso politikoak suntsitzea bilatzen duen estrategiaren biktima izan da», salatu zuen.
1987an, droga mendekotasuna gainditzeko Galiziako zentro batean zegoela, Mariñelarenak ihesari eman behar izan zion, Polizia espainolak Buruntza komandoko kideak zirela leporatuta bere bi lagun atxilotu eta torturatu zituela jakitean.
«Polizia bere bila joan zen Galiziara, pairatzen zuen droga mendekotasunetik sendatzen ari zen zentrora, baina ordurako Pello alde egina zegoen. 1990eko azaroaren 29an atxilotu zuten Nantesen Teodoro Meabe eta Joseba Begoña Ibarrarekin batera. La Santen espetxeratu zuten. Denbora luzez soilik bere amari eman zioten bisita eskubidea. 1993ko apirilean hiesa diagnostikatu zioten eta handik hilabetera hil zen.
«Pellok, gaztea zela hil zen arren, bizitzea tokatu zitzaizkion esperientzia guztietatik ikasi zuen, hauek positiboak ala negatiboak izan. Ondorioz, kartzelak fisikoki hil bazuen ere, bere esentzia aberatsak gurekin dirau. Berak horrela adierazi zuen: 'Entzierro madarikatua, jakin badakit, bizi izan ginen egun haien eta askatasun-nahien prezioa zarela; gaur egun, ordea, dagoeneko gure herriaren bihotzean bizi gara'», plazaratu zuen agerraldi hartan arrebak.
Bere lagun eta gertukoak bat datoz Pello oso pertsona sentikorra zela esatean. Sentiberatasun hori, bereziki, egiten zituen erretratuetan islatzen zen. Espetxetik etxekoei bidali zien azken artelanak, ordea, barruko ondoeza eta mina adierazten zituen. Ekaitzak margotzen zituen garai horretan. Lagun bati agurtzeko eskutitz bat bidali zion, Aralarren elkar topo egingo zutela esanez.
Ofizioz igeltseroa zen –lankide baten enpresa propioa jarria zuen–, margotzeko grina handia zuen. Artelan ugari egin zituen. Preso zegoela, unibertsitatean Arte Ederrak ikasteko eskaera egin zuen.
Ehunetik gora koadro egin zituen –klandestinitatean lehenbizi eta kartzelan ondoren–, olioz, akuarelaz, ikatz-ziriz edo sanginaz, baita bakarren bat bolalumaz ere. Autore ezagunen lanek iradokitakoak zein bere baitatik sortutakoak. Estilo aniztasuna sumatzen da haren obran, pintura-joera desberdinen eragina. Eta pinturarekin batera, beste zaletasun bat ere garatu zuen ihesean eta kartzelan: poesia.
1993an, etxarriarra hil ondoren, Amnistiaren Aldeko Batzordeak margo eta idatzi horietako asko bildu zituen eta 'Pello' izenburuko liburuan argitaratu zituen. 2016ko maiatzean, 26. urteurrenean, 'Hau Trena!' eta 'Guk ibilitakoak gureak dira' erakusketa antolatu zuten Etxarrin, Mariñelarenaren obra artistikoa erakusteko eta hark bezala gaixotasun larriak zituztenen askatasuna exijitzeko.
Egun, Etxeraten datuen arabera –2024ko otsailaren 19an eguneratuta–, gaixotasun larriak dituzten hamalau euskal preso daude.
Jon Anzaren desagerpenaren berri
2009. urteko maiatzaren 15ean, Jon Anza preso ohiaren eta iheslari politikoaren familiak agerraldia egin zuen apirilaren 18az geroztik desagertuta zegoela salatzeko. Egun horretan, goizeko zazpietan Baionatik Okzitaniako Tolosarako trena hartu zuen, ETArekin zita bat baitzuen han. Bere bikotekideak tren geltokian utzi zuen. Bizirik ikusi zuen azken pertsona izan zen.
Anzarena bidaia motza izan behar zen. Buruko minbiziaren kontra eman zizkioten botikak eraman zituen gainean, baina egun gutxitarako. Bere berririk ez izateak senideen eta lagunen kezka piztu zuen. «Non da Jon?» galdera eta bere argazkia Euskal Herri osoan zabaldu ziren, eta boluntario taldeek bilaketa lana egin zuten.
2010eko martxoaren 11n Purpaneko ospitaleko gorputegian «azaldu» zen Anzaren gorpua. Hamaika hilabete zeramatzan bertan identifikatu gabe. Martxoaren 15ean autopsia egin zioten. Ospitaleak esan zuenez, hiru aldiz ohartarazi zituen Polizia eta Fiskaltza identifikatu gabeko paziente bat zutela-eta. 2009ko apirilaren 30ean erdiguneko kale batean topatu zuten eta ospitalera eraman zuten. Maiatzaren 11n hil zen, konortea berreskuratu gabe.
Bere desagerpenaren 15. urteurrena bete den honetan, egia jakiteko esperantzarik ez duela galtzen adierazi du familiak.
Tolosako Auzitegiak 2013an itxi zuen desagerpena argitzeko auzibidea, eta 2015ean Parisko Auzitegiak familiaren salaketa bertan behera utzi zuen.
Anzak 47 urte zituen. Kartzelan 21 urtez preso egon ostean –Carabanchel, Alcala Meco, Puerto II, Herrera, Daroca, Bonxe, Puerto I, Ceuta, Tenerife eta azkenik, Puerto I berriro–, aske gelditu zen 2002an. Aske gelditu eta egun gutxitara GARAk Donostiako erredakzioan egindako elkarrizketan, sakabanaketa eta horren ondorioak salatu zituen.
Donostian hiru urtez bizitzen egon ondoren, Ahetzera joan zen 2005eko bukaeran bizi zuen presioa zela eta.
Landabururen kontrako atentatua Zarautzen
2001eko maiatzaren 15ean, Gorka Landaburu kazetariak ETAk bidalitako lehergailu bat ireki zuen bere etxean. Bi egun lehenago, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ziren. Hori dela eta, gutun-azal batean ezkutatuta zegoen. Zauri larriak jasan zituen.
«Zorionez, 150 gramo dinamitako gutun-azalak ez ninduen bete-betean harrapatu, eta zorionez, ez nuen maiatzaren hamalauko gauean ireki, alaba nire ondoan zegoenean, hamabostekoan baizik. Hauteskundeen ondoren nekatuta eta ohi baino beranduago ireki nuen ditxosozko gutun-azala. Eskuak txikitu zizkidaten, itsu geratu nintzen begi batetik, berrosatze luzea...», adierazi zuen.