1977/2024 , May 17

Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
Interview
Edurne Pasaban
Mendizalea

«Hamalau zortzimilakoak bukatzeak amets bat bete izana suposatu zuen niretzat»

2010eko maiatzaren 17an Edurne Pasaban tolosarrak bere ametsa bete zuen. Hamalau zortzimilakoak osatzea lortu zuen egun horretan, Shisha Pangmako gailurrera iritsi ostean. Egun hori «zoriontasunez» gogoratzen du beti, baina egungo begiradatik «oso urruti» gelditzen zaiola aitortu du GARArekin eginiko elkarrizketan.

Edurne Pasaban alpinista tolosarrak hamalau zortzimilakoak osatu zituen 2010eko maiatzaren 17an.
Edurne Pasaban alpinista tolosarrak hamalau zortzimilakoak osatu zituen 2010eko maiatzaren 17an. (Maialen ANDRES | FOKU)

Nola gogoratzen duzu 2010eko maiatzaren 17a?

Zoriontasunez. Egun hori niretzat beti garrantzitsua izango da, bizitzako proiekturik garrantzitsuenetariko bat bukatu nuen eta. Baina gaur egungo perspektibatik oso urruti ikusten dut, beste bizitza bat bizi izan banu bezala. Batzuetan pentsatzen dut bi bizitza desberdin bizi izan ditudala, eta horrela ikusten dut, urruti, baina zoriontasunez.

Zer suposatu du zuretzat hamalau zortzimilakoak osatu izanak?

Gauza asko. Hamalau zortzimilakoak bukatu eta mendizaletasunari denbora guztia dedikatzea ez zen erabaki erraza izan. Horiek osatu izanak amets bat betetzea suposatu zuen. Bai garai horretan baita orain ere, mendizaletasunetik bizitzea ez da erraza. Hamalau zortzimilakoak egin eta horretaz bizitzea amets bat izan da.

Zer eman eta zer kendu dizu mendiak?

Zer eman didan? Nik uste zoriontasuna. Pertsona batek bizitzan bere bidea bilatu behar du, eta nik nire bidea mendizaletasunean aurkitu nuen, mendiak eskalatzen, zortzimilakoak egiten, Himalaiarekin harremanean.

«Askotan, errazak direla uste dugun horiek gero zailak bihurtzen dira. Horrela ikusten dut orain Shisha Pangma»

Batzuetan bizitzak bide desberdinak jartzen dizkizu eta bide bat edo beste jarraitu behar duzu. Bide guztiak ez dira errazak, baina bizitzan hartu dituzun erabakiak, onak ala txarrak izan, zuk nahi zenituenak izan direla jakiteak osotasun bat ematen dit.

Zer kendu didan? Gauza asko. Lagunak kendu dizkit, lagun asko galdu ditut bidean. Dena den, ez nuke «kendu» aditza erabiliko.

Egia da zenbait gauza egin gabe utzi ditudala, adibidez, hamalau zortzimilakoetan nengoen hartan, emakume bezala, amatasuna, bikote harremana… Eta gauza horiek ez ziren errazak izan; zenbait gauza, amatasuna esaterako, gerorako utzi behar izan nituen. Egia da baita ere, bizitza luzea dela eta denerako denbora dagoela.

Lehenengo zortzimilakoa Everest izan zen 2001ean. Zer suposatu zuen zuretzat?

Hiru bat saiakera egin nituen aurretik. Horietan huts egin ostean, 2001ean Everest eskalatzeak eta gora igotzeak nire buruarenganako konfiantza handia eman zidan.

«Everest igo nuenean ez nuen pentsatu zortzimilakoak bukatuko nituenik. Gainera, ez nuen burua horretan, Himalaia hobby moduan ikusten nuen»

Himalaian eskalatzen hasi nintzenean 24 urte nituen. Nire inguruak nigan konfiantza zuen, baina Himalaiaren mundua handia da eta jendeak zuregan sinistu behar du, eta beharbada Everesteko gailurrak sinesgarritasuna eman zidan. Gerora begirako lehenengo pauso handia izan zen.

Pentsatu al zenuen momentu horretan beste hamahiru zortzimilako osatuko zenituela?

Inola ere ez. Everest igo nuenean ez nuen pentsatu zortzimilakoak bukatuko nituenik. Gainera, ez nuen burua horretan, Himalaia hobby moduan ikusten nuen. Hara joan, ondo pasa eta kitto. Ez nintzen gai sentitzen.

«Euskal Herrira iritsi eta herriak nola babestu ninduen eta nire lana nola aitortu zuen izugarria izan zen»

Egia da momentu horretan talde ahaltsu bat topatu nuela; italiarrekin hasi nintzen eskalatzen, oso irakasle onak ziren. Baina, esan bezala, momentu horretan ez nuen nire burua hamalau zortzimilakoetan ikusten.

Zer sentitzen duzu Shisha Pangma izena aipatzean?

Pisua, egia esan. Shisha Pangma azken zortzimilakoa izan zen, maiatzaren 17an egin genuena. Baina asko kostatu zitzaigun. Badaude zortzimilako batzuk lehenengo saiakeran egin ditudanak, baina, zailenetakoa izan ez arren, Shisha Pangma bost alditan saiatu naiz igotzen.

Askotan, errazak direla uste dugun horiek gero zailak bihurtzen dira. Horrela ikusten dut orain Shisha Pangma. Beharbada garai horretan ez genion zuen garrantzia ematen.

Katmandutik atera, Shisha Pangmara igo eta itzuli arte 30 egun pasatu ziren. Zeintzuk izan ziren momenturik gogorrenak eta ederrenak?

Annapurnaren gailurra apirilaren 17an egin nuen, eta Shisha Pangmarena maiatzaren 17an. Hilabete ez zen pasatu batetik bestera. Momentu ederrenak azkeneko txanpako horiek izan ziren.

Hamalau zortzimilakoen atzetik zebilen neska korear bat zegoen, berari Annapurna bakarrik gelditzen zitzaion. Gogorrena lehiakortasun hori izan zen; nork bukatuko ote zuen lehenago. Bagenekien korearraren inguruan zenbait zurrumurru zeudela, baina guk lehenengoak bukatu nahi genuen. Tarte horretan, Annapurna igo zuen, eta teorikoki ni bigarrena izan nintzen hamalau zortzimilakoak bukatzen.

Ederrena nire ametsa bete izana da, hamalau zortzimilakoak bukatu nituela.

Hamalau urte igaro dira. Nola baloratzen dituzu orain orduan jaso zenituen kritikak?

Kritikak egon ziren, baina beste askok nire lana balorean jarri zuten. Horrelako gizarte batean bizi gara, batzuek beti kritikatzen dute besteen lana eta horri aurre egin behar zaio. Egia esateko, ez dut sentitzen kritika handiegirik egon zenik, kontrakoa baizik, jendeak oso goxo hartu ninduen eta oso ondo sentitu nintzen.

Emakumea izateagatik kritika gogorragoak jaso zenituela uste al duzu?

Ez dakit. Kritikatzea gustatzen zaion gizarte batean gaude. Beti esaten dut. Nepaletik, bertako biztanleetatik eta budismotik gehien gustatzen zaidana da jendea bere buruaz arduratzen dela, ez dela kezkatzen ondokoak egiten duenarekin.

Gure gizartean, ordea, asko kezkatzen gaitu ondokoak egiten duenak, eta hori txarra da norberarentzat ere, zeren norbait kritikatzen duzunean, gaizki sentitzen zara.

«Mendian behar dena jende ona da. Ez ona teknikoki soilik, baizik eta pertsona onak, mendiarekiko sentitzen duten maitasuna erakusteko prest daudenak eta betiere mendiari errespetua diotenak»

Emakumea izateagatik jaso ditut kritikak. Adibidez, hamalau zortzimilakoak bukatu nituenean esan zuten gizon talde batean nengoelako bukatu nituela. Nik horri barre egiten diot, zeren zortzimilakoak osatu dituzten gizonen espedizioak gizonez osatuta daude eta inork ez ditu epaitzen; ni, ordea, bai.

Hamalau zortzimilakoak igotzen lehen emakumea izateak motxilaren pisua areagotu al du?

Ez. Erreferente bihurtzen zara gazteentzat eta jendearentzat, baina horrek ez du esanahi motxila oso kargaturik duzunik. Ni beti saiatu naiz, zortzimilakoak bukatu ala ez, Edurne Pasaban bera izaten. Etxean gurasoek balore batzuk erakutsi zizkidaten eta balore horiek aurrera eraman ditut.

Azken zortzimilakoa igo eta etxera itzulitakoan, zer-nolako sentsazioa izan zenuen?

Oso ona. Euskal Herrira iritsi eta herriak nola hartu eta babestu ninduen eta nire lana nola aitortu zuen izugarria izan zen. Euskaldun bezala oso ondo sentitu nintzen. Herriaren maitasuna izugarri sentitu nuen.

Zein gomendio luzatuko zenioke alpinista hasiberri bati?

Pertsona onez inguratzea. Mendian behar dena jende ona da. Ez ona teknikoki soilik, baizik eta pertsona onak, mendiarekiko sentitzen duten maitasuna erakusteko prest daudenak eta betiere mendiari errespetua diotenak. Gogorra da, eta askotan kontuz ibili beharreko lekua da. Ikasi eta jende onez inguratu; horiek dira emango nituzkeen gomendioak.