1977/2024 , June 1

Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

NAIZ, egitasmo oso baten zutoin

Duela hamabi urte NAIZ sortu zen. 1998an Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea (EKHE) eratu zen eta bere lehen proiektua GARA egunkaria kaleratzea izan zen. Proiektuak aurrera egin ahala, NAIZ mugarri bat izan da, funtsezkoa. Iñaki Altuna zuzendariari eskatu dio Artefaktuak horren gaineko gogoeta.

NAIZ berria aurkezteko NAIZ Irratian egindako programa.
NAIZ berria aurkezteko NAIZ Irratian egindako programa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

NAIZek hamabi urte bete ditu gaur, barneko zein kanpoko mugarriz josita. Mugarri horiek markatu dute 2012ko ekainaren 1ean garai berri baterako komunikabide gisa aurkeztu zena: kanpokoak Euskal Herria eta munduan izandako gertaera garrantzitsuei dagozkie; barrukoak, berriz, NAIZen bertan gertatutako aldaketei. Horiek erabat eraldatu dute komunikabide honen diseinua, baita kazetaritza egiteko modua ere.

NAIZ sareratu genuenean, hilabete batzuk baino ez ziren igaro ETAk borroka armatuaren behin betiko amaiera dekretatu zuenetik, mapa politikoan aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari ziren –batez ere Bilduren jaiotzarekin, une batez Podemosen gorakadak hautsak harrotu bazituen ere–, gerora gainbehera egingo zuen Kataluniako prozesuak abiadura hartu zuen bizi-bizi, eta, horrela, denbora honetan hamaika gertaera metatu dira. Hamabi urtek askorako ematen dute, baita pandemia baterako eta zenbait gerratetarako ere. Genozidio bat ere badugu oraintxe munduan, Palestinan.

NAIZ erreferentzia bilakatu da euskal herritarrentzat, egunerokoan informazioa, iritziak eta gai askoren gaineko argibideak jasotzeko

Sortu zenekoa eta gaur egungo NAIZ oso ezberdinak dira. NAIZek eboluzionatu egin du eta zenbaitetan iraultzak ere egin ditu, inflexio-puntu nabarmenekin. Hobekuntzan izandako intentsitate horrek erreferentzia bilakatu du euskal herritarrentzat, egunerokoan informazioa, iritziak eta gai askoren gaineko argibideak jasotzeko.

Egindako aldaketek eragina izan dute NAIZen izaeran bertan: interneteko hedabide izatetik plataforma 'transmedia' izatera igaro da. Adibidez, NAIZ Irratia sortzeak eragin erabakigarria izan du horretan. Irratia 2019an hasi zen emititzen, eta orduz geroztik garatzen ari da, bere eskaintza hobetzea ahalbidetzen ari diren estudio berri, zabal eta moderno batzuk eraiki ostean.

Gainera, NAIZ beste hedabide eta argitalpen batzuen euskarri da, besteak beste, GARA egunkariarena edo Ipar Euskal Herrian oinarritutako Mediabask proiektu gero eta indartsuago eta erreferentzialarena.

Aktualitateari lotutako informazio-edukiei beste eduki batzuk gehitu zaizkie, ludikoak, historikoak edo hezigarriak. Kontzertuak eta dokumentalak eskaini ditugu, bi adibide aipatzearren. Gure produktuak ekoiztuz edo beste batzuenak, elkarlanean, eskainiz. Artefaktuaren ekimena garatzen ari gara oraintxe.

Eraldaketa eta hobekuntza bide horren kapitulu erabakigarrienetako bat 2020ko azaroan egindako NAIZ berritzearekin gertatu zen, pandemia gorabehera. Diseinuan izandako erabateko aldaketa batek orrialdea modernizatu zuen.

NAIZeko portada zaharra.

Hala ere, ez zen aldaketa estetiko hutsa izan. Hilabeteetan luzatu zen berritze-prozesu horretan, erredakzioaren funtzionamendu berri bat eta edukiak lantzeko modu berri bat ere ezarri ziren. Paperezko produktuak egiteko osatutako erredakzioen egitura klasikotik, internetetik abiatzen den lan eredu osoagora, edukiak hainbat formatu eta euskarritan aurkeztea ahalbidetuz.

Hiru trantsizio

Ikuspuntua zabaltzen badugu, 1998an EKHEren sorrerarekin, 1999an GARA plazaratzearekin eta ondoren etorritako denarekin osatutako proiektu honetan hiru trantsizio nagusi burutu ditugula ondorioztatu ahal dugu. Eta horiek behar bezala egiteko, 25 urte hauetako ibilbidearen erdian sortutako NAIZ ezinbesteko lanabesa izan da.

Lehen trantsizioa politiko-editoriala dugu. Euskal Herrian hasitako aro berriaz ari gara, gatazka politikoaren adierazpenak aldatzeko ahaleginarena. GARAk protagonismo berezia izan zuen horretan guztian, eta baita NAIZek ere. Hamabi urteotan albiste nagusiak berak aurreratu baititu sarean.

Bigarrena trantsizio digitala izan da. Egunkari bat ginen ibilbidea hasi genuenean, aspaldiko eskemari lotua. Nahitaez, egoerak eta teknologiak behartutako erronkari aurre egin behar izan genion. Maila handi batean egin dugu trantsizio hori, nahiz eta eremu honek ez duen berez amaierarik eta aurrerantzean ere egokitze iraunkorrak izan beharko duen ardatza. NAIZ da trantsizio horren zutoin nagusia. Hamabi urteotan sendotu dena.

Hirugarren trantsizioa belaunaldi trantsizioa izan da. GARA sortu genuenean ia lantalde osoa 'Egin'-etik zatorren. Bistan da orduz geroztik errealitate hori arian-arian aldatzen joan dela. NAIZ Irratiko lantalde gaztea ikustea besterik ez dago.

Bide emankorra izan da, betiere gure misioa ahaztu gabe egin duguna. Horrek ematen baitio zentzua gure lanari. Gure proiektuak ekarpena egin nahi die Euskal Herriari eta euskal herritarrei, informazioaren eta iritziaren bitartez. Eragina izan nahi dugu, baina ez eragin hutsala. Herri honetan dauden korapilo nagusiak askatzen laguntzea eta etorkizun aske baten alde egitea dugu eginkizun.