Demetradze eta Josu
Hil ala biziko partida zen. Reala eta Osasuna ziren aurrez aurre Donostiako Anoetan. 2001eko ekainaren 17an, gaur duela 23 urte. Lehen mailari eusteko, Miguel Angel Lotina entrenatzaile zuten gorritxoek irabazi behar zuten, bai ala bai, eta halaxe gertatu zen. Donostiako harmailetan denak pozik, Iruñetik etorritakoak eta baita bertakoak ere. Horien artean zegoen Aitor Agirrezabal, gaur gure lankide dena. Artefaktuarentzat idatzi du egun hari buruz.
12 urte eskas nituen modu kontziente batean Osasuna lehen aldiz Lehen Mailan ikusi nuenean. Ez dut 1994ko jaitsiera gogoan. Eta agian berriro ikusiko ez nuela pentsatuz, aitak Donostiara eraman ninduen. Aitaren lehengusu gipuzkoarrek bi bazkide txartel utzi zizkiguten. Egosten ari zenaren pista gisa har daiteke orain.
Aita, Josetxo osaba, honen seme Josu eta laurok joan ginen zelaira. Gazteagoa da Josu, orduan 9 urte baino ez zituen legazpiarrak, eta 1998tik bazkide, gaur egun arte. Realzale sutsua zen garai hartan. Eta umea. Galtzea ez zen aukera bat. Denek dute gogoan Gyorgy Demetradze aurrelari georgiarra. Nik Josu dut gogoan.
Esango nuke Demetradze eta Josu zirela Anoetan gertatzen ari zena konpartitzen ez zuten bakarrak. Iltzatuta daukat aurrelari txuri-urdinaren presioa 85. minutuan eta Josuren haserre aurpegia 90 minutuetan zehar, Oviedo taldearen jarraitzailea bailitzan. 23 urte igarota, oroitzapen hori ukatzen du. «Ba egia esan ez dut gogoan haserre nengoela, baina ez nau harritzen. Txikitan oso realzalea nintzen eta ez bazuen irabazten haserretu egiten nintzen». Agian hori dela-eta ez du gogoan. Realak galtzen zuen beste partida bat baino ez zen. Ez ziren gutxi izan urte hartan.
Hala ere, jarrera hark ez duela Osasunarekin zerikusirik argitzen du. «Igual zitzaidan zein zen arerioa eta haren egoera». Ez da gorritxoen aurkako ezer pertsonala. «Jarraitzaile izaten jarraitzen dut, baina emaitzek gaur egun ez didate lehen bezainbeste eragiten. Txikia nintzenean gaizki...»
12 urteko niarentzat han gertatzen ari zenak ez zuen txarretik ezer. Are gehiago, logikak bultzatutako zerbait zen. Etxean Osasuna eta Reala izan dira, betidanik, jarraitu beharreko futbol taldeak. Beraz, bata arriskuan egonda, nola ez zion besteak salbamendu-uztaila botako?
Oroitzapenak urte hauetan guztietan jantzi ditu Josuk. «Gogoratu baino gehiago, entzun edo kontatu didatena da. Batez ere, Demetradzeren jokaldi famatu hura, non gol sartzera joan zen eta Anoeta guztia bere kontra hasi zen. Baita Toshack-en jokalari batzuekiko haserrea ere, ez baitzuen ulertzen zergatik ez zuten partida irabazi nahi».
Inongo eraso asmorik gabeko baloi jabetza amaigabeak, iskina batean galtzen ziren kontraeraso garbiak edo orduan urruti zegoen harmailan bukatzen zuten jaurtiketak (Idiakezen bat ongi gogoan daukat) ikuskizun miresgarria ziren ume iruindarrarentzat. Legazpiarrarentzat, ordea, iraina. Zer esanik ez, harmaila bera. Mujika taldearen alboan genituen eserlekuak, eta Osasunaren aldeko oihuak baino ez ditut gogoan. Inora ez zihoazen Realaren kontraeraso horietan, aldiz, txistu hotsa gailentzen zen. Anoeta zaharrean harmailak presiorik ezin zuela egin dioenak ez zuen egun hura bizi izan.
Gaur egun ezinezkoa litzateke arratsalde horretan Donostian gertatutakoa errepikatzea. Hainbat jokaldi biralak egingo lirateke eta moraltasunaren sareek gogor kondenatuko zituzketen Alberto, Idiakez, Aranzabal eta gainerakoak. Segur aski, ez soilik sareek. Demetradzerentzat, aldiz, Asturiasko Printzipe saria. Edo, gutxienez, Oviedon kontratu bat.
Xalotasuna galdu dugu 23 urte hauetan, baina gustatuko litzaidake futbolaren eta herritartasunaren izenean halako egoera bat errepikatzeko aukera izatea. Kiroletik haratago, Osasuna Lehen Mailan mantentzea baino sendoagoa da halakoek sortzen duten oroitzapena.