1977/2024 , July 5

Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Patxi Usobiagak ehuneko ehun eman zuenekoa

Munduko Kopa bi eta Europako Txapelketa irabazita zeuzkan, besteak beste, 28 urterekin. Munduko txapelketan bigarren egina zuen hiru aldiz, eta laugarrenean asmatu zuen, Txinan, falta zuen titulua lortuz.

Patxi Usobiaga txapelduna GARAren lehen orrialdean
Patxi Usobiaga txapelduna GARAren lehen orrialdean (GARA)

«Usobiagak, azkenean, urre irrikatua lortu du munduko txapelketa batean» nabarmendu zuen GARAk lehen orrialdean 2009ko uztailaren 6an. Bertan ageri den irudia ezin esanguratsuagoa da. Protagonistaren aurpegian eta gorputz osoan laburbiltzen dira haren hainbat sentsazio eta ibilbide baten inguruko informazioa: poza, tentsioa, kemena, indarra, adorea, lana...

Patxi Usobiagak zailtasun diziplinako bere lehen Munduko Txapelketa irabazi zuen Txinan 2009ko uztailaren 5ean, hiru bigarren postu jarraian lortu ondoren. Eskalatzaile eibartarra ez zen berria kirol horretan, egun hartakoa ez zuen lehenengo garaipena, baina bai falta zuena: «Arrakastaz beteriko kirol ibilbide bati falta zitzaion titulu handien artean bakarra. 28 urterekin lortu ditu jada zailtasun-eskalatzaile batek lor ditzakeen titulu nagusiak; izan ere, 2006an eta 2007an Munduko Kopa irabazi zuen, eta 2008an Europako Txapelketa ere eskuratu zuen», zioen GARAko albisteak.

Usobiagak berak esana zuen nazioarteko hitzordu nagusia zuela helburu. Ordura arte Munduko Kopa bi zituen, nazioarteko masterrik garrantzitsuenak eta munduko hiru txapelketatan bigarren postua jarraian. Eta laugarrenean asmatu zuen. Bikain jardun zuen eibartarrak.

Bere lehen adierazpenetan, Usobiaga zoriontsu agertu zen oso: «Azkenean atera dudan arantza bat zen. Lehiaketa honekin obsesionatuta nengoen; azken bi urte hauetan gauero egon naiz berarekin ametsetan. Oso pozik nago lehiaketa ziklo bat itxi dudalako».

Egun bi geroago, Eibarrek omendu egin zuen herriko semea, «munduko eskalatzailerik onena», GARAk zioenez. Atsedenaldi laburra izan zuen, ordea, egun berean Estatu frantseseko Chamonix herrira joan behar zuen eta, asteburuan lehiatzen jarraitzeko. Omenaldiaren egunetik, herriko rokodromoak haren izena du.

Usobiaga 2011n, eskalada utziko zuela iragarri zuenean (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Orduan kontatu zituen txapelketako zenbait gorabehera: «Xehetasun guztiak aztertuta nituen; finalera pasatu, eskalatu, eta erotu egin nintzen, artean ez bainuen irabazia, baina ehuneko ehun emateko helburua bete nuen».

Hain zuzen ere, helburu horren berri eman zion Amaia U. Lasagabasterri urte bi lehenago: «Ehuneko ehuna eman, nik dakidan moduan eskalatu, eta gero ikusiko dugu zeintzuk diren emaitzak. Noski, gustatuko litzaidake dena irabaztea, baina horretarako gauza asko egin behar dira, lan asko egin behar da, txapelketa asko pasatu behar dira... Oso zaila da». Bistan da Usobiaga gauza asko, lan asko egina eta txapelketa asko pasatuta dagoela.

Ordurako, lehiaketa eskaladatik kanpo ere beste erronka asko gaindituta zegoen, biderik gogorrenak eta zailenak eginez.

2011n, auto istripu batek utzi zizkion ondorioak zirela-eta utzi zuen eskalada. Surfean jardun zuen denbora batez. Baina eskaladaren harra egotzi ezinik, eta lehen lerrotik aldenduta ibili ondoren, 2017ko apirilean, Andoni Arabaolazak GARAn kontatu zuenez, «ate nagusitik» itzuli zen muturreko zailtasunera, berriro 9a+ gradura iritsita.

Ordura arteko hamaika balentria aipa litezke, baina luze joko luke bai lehiaketetan bai arrokan egin duen ibilbide ikaragarri osoaren berri emateak. Eta eskaladara itzuli bazen, itzuli zen. 2020ko ekainean, berriro Arabaolazak kontatuta jakin genuenez, Usobiaga «9a mailaren 'magiara'» itzuli zen aurreko urtean lepoan egin zioten ebakuntza baten arrastoak gainditu ostean, Coll de Nargo-n (Lleida) dagoen La Fuga bideari «puntu gorria jarriz». Maila horretara itzultzeak ilusio handia egin ziola esan zuen eskalatzaile eibartarrak orduan.

Ilusioa, duela 15 urte munduko txapelketa irabazi zueneko irudian, besteak beste, agertzen duena.