Zerbait handia gertatu behar du uztailaren 7 batean Iruñean poz eta jai tamainaren termometroak nabarmen gora egiteko. Bada, 1985eko San Fermin egunean, zerbait handitzat hartu zuten Iruñean eta Euskal Herri osoan euskal preso biren ihesaldia. Arretaguneak Iruñetik Donostiara egin zuen, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia preso politikoek Martuteneko kartzelatik ihes egin zutelako albistea zabaldu orduko.
12.00ak aldera alde egin zuten, Imanol Larzabal kantariak kartzela hartan egin zuen kontzertu baten ostean. Iheslariek kontzertua amaitu arte itxaron behar izan zuten, beren ezkutalekuak erabiltzen ari baitziren: musika ekipoko bafleak. Haien barruan sartuta, ekipoa zeraman furgonetan atera ziren Martuteneko kartzelatik. Hango arduradunek bazkalosteko kontaketa egin arte ez zuten sumatu haien falta.
Berehala zabaldu zen albistea, eta harekin batera poza eta algara. Presoen ihesaldiek, iheslariek oro har, halako samurtasuna eragiten dute jendartearen parte handi batean, halako elkartasuna, ihes egiten duena oinazetik aldentzen baita, eskuarki ihesean jarraitzeko, eta uste izatekoa da ez dutela erraz sosegurik lortuko («Kartzelan egon denaren gogoa/ kartzelara itzultzen da beti...»). Kontzienteki nahiz inkontzienteki, poza eragiten dute ihesek. Sarrionandia eta Pikabearenak ospakizun nabarmena ere eragin zuen, abesti baten bidez gaur artean dirauena. Gainera, iheslari horiek ezagunak ziren, batez ere Sarrionandia, ordurako euskal literaturaren erreferenteetako bat baitzen.
Atxilotuak eta kartzelatu bat
Polizia, jakina, ez zen besoak uztarturik geratu, eta Imanol kantaria atxilotu zuen, eta harekin batera beste bost lagun, tartean Josu Landa idazle eta kazetaria. Espetxeratu ere egin zuten; horregatik, berehala antolatu zen Landaren askatasunaren aldeko ekimena. Iker Bizkarguenagak duela hiru urte GARAn gogoratu zuenez, euskal kulturako pertsona ezagun batzuek, tartean Joan Mari Torrealdai eta Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' idazleek, batzorde bat antolatu zuten.
Batzorde hark sinadura bilketa bat bultzatu zuen Landaren askatasuna eskatzeko, euskal literaturako, kulturako eta beste arloetako izen esanguratsu ugari bilduta, baita Kataluniako eta Estatu espainoleko beste politikari, erakundeetako ordezkari, kazetari eta gizarte eragile asko ere.
Aldi berean, Espainiako Polizia Mikel Albisu idazle donostiarraren bila zebilen. Albisuk, 'Mikel Antza' goitizenaz ezagunagoa denak, Fernando Pessoaren 'O Marineiro' antzezlana zuzendu zuen, Sarrionandiak euskaratutako obra, hain zuzen. Bitxikeria gisa, uztailaren 8an ihesaren berri eman zuen ale berean, 'Mikel Antza'-ri egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen 'Egin'-ek, 'Antza'-ren esaldi hau nabarmenduz: «Teatroak bere funtzio politikoa berreskuratu behar du».
Poliziak ihesa prestatu eta gauzatzea egotzi zion 'Antza'-ri, eta klandestinitatera igaro behar izan zuen, 2004an atxilotu zuten arte. 15 urte eman zituen Estatu frantseseko kartzeletan.
Iñaki Pikabea (Errenteria, 1947) 1978ko abendutik zegoen preso. 1980an, lehen hauteskunde autonomikoetan, Herri Batasunaren zerrendan aurkeztu zen eta parlamentari hautatu zuten. Sarrionandiarekin Martuteneko espetxetik ihes egin zuenerako sei urte eta erdi beteak zituen espetxean.
1987ko urriaren 2an atxilotu zuten Senperen, hanka batean balaz zaurituta, Frantziako Estatuak euskal errefuxiatuen kolektiboaren aurka inoiz egindako ekintzarik handienetako baten bezperan. Hurrengo urtean Estatu espainolera estraditatu eta bertan kartzelatu zuten, 2000. urteko martxoan libre geratu zen arte.
Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) sobera ezaguna zen Martutenetik ihes egin zuenerako, bere ibilbide literarioa zela eta. Izan ere, bost urte lehenago kartzelara sartu zenean, idazle saritua zen bere poesia eta narrazio lanengatik. Ondoren, kartzelan eta erbestean obra trinko eta oso balioetsia egin zuen. Haren kartzelaldia eta erbestealdia oso presente daude haren obran.
Filologia eta Soziologia ikasketak egin zituen Sarrionandiak Deustuko Unibertsitatean, eta Fonetika eskolak eman zituen Bergarako UNEDen, 1980ko azaroan atxilotu zuten arte.
2021ean bueltatu zen etxera, bost kartzela urte eta erbesteko beste 36ren ostean.
«Denok dantzatu dugun abestia»
Beharbada euskal presoen ihesik ezagunena da, eta dudarik gabe kantatu eta dantzatuena, euskal kantarik ezagunenetako bat iradoki baitzuen, 'Sarri, Sarri' izenekoa. Frederick 'Toots' Hibbertek Toots and the Maytals bere taldearentzat egin zuen 'Chatty Chatty' kantako musika baliatuta, ihesaren gaineko hitz umoretsuak idatzi zituen Fermin Muguruza musikariak, eta arrakasta itzela izan zuen Euskal Herri osoan; baita kanpoan ere. Gaztetan haren doinuan salto egin ez duen amaren seme-alaba gutxi dira Euskal Herrian, nonbait, Patxi Lopez lehendakariak aitortu zuenez.
Iurretako idazlea Euskal Herrira itzulitakoan, Muguruzarekin elkartu zen Irunen, Mosku auzoko Eskina tabernan, hain zuzen, bertan grabatu baitzen orain dela 37 urte 'Sarri, Sarri' abestiaren bideoa, gaur arte dirauen ospakizun hura. 2013an Ruper Ordorika abeslari eta Sarrionandiaren lagunak abesti horren bertsio eder bat grabatu zuen 'Azukre koxkorrak' diskorako.