II. Mundu Gerran onartutako lege bat aitzakia hartuta, Frantziako Gobernua Ipar Euskal Herrian bizi ziren errefuxiatuak kanporatzen hasi zen. Ehundik gora izan ziren Polizia frantziarraren eskuetatik Polizia espainiarraren eskuetara pasa zirenak; lehena, 1986ko uztailaren 19an, Txema Lopez Varona antiguatarra. Errefuxiatu hauetariko gehienek tortura ankerrak pairatu zituztela salatu zuten.
«Poliziatik Poliziara, Parisek Madrilen esku utzi du Lopez Varona errefuxiatua». Titular honekin eman zuen jakitera orduko 'Egin'-ek Antiguako auzotarraren atxilotzea, neurriak sortu zuen nahasmen eta ezinegona ezkutatu gabe.
Gaueko hamarrak eta hamar eta erdiak bitartean atxilotu zuen Frantziako Poliziaren patruila batek Txema Lopez Varona Donibane Lohizunen, inolako dokumenturik eskatu gabe. Hura zen donostiarraren inguruko azken berria, bi estatuetako barne sailek Madrilen inkomunikatuta zutela baino ez baitzuten jakitera eman.
Orduko azal berak errefuxiatuen inguruan bizi zen giro nahasiaren berri ematen zigun, Espainiako polizia errefuxiatuen alde antolatutako martxa baten aurka gogor oldartu zela erakusten baitigu, argazki eta guzti.
Gauza da 1984tik aurrera Françoise Mitterrand Eliseoan eta Felipe Gonzalez Moncloan zirela, ETAren aurkako borroka ordura arte espero ez zen etapa berri batean sartua zen, Ipar Euskal Herrira joandako iheslariei Errefuxiatu Estatutua kenduta eta herrialde urrunetarako lehen deportazioak hasita. Hala ere, Ibai Azparrenek GARAn gertakarien 35.urteurrenaren harira argitaratutako erreportaje eder honetan azaltzen denez, 1986an Paris pauso bat aurrerago joan zen, Jacques Chirac Gobernuko presidente egin zenetik.
Eskuineko politikariak espainiar Estatua Europako Batasunera sartzearen aurka agertu izan ziren, baina PSOEk NATOren aurrean izandako ziabogaren ostean, Bidasoaren bi aldeetako agintarien artean harremanak hurbiltzen joan ziren, eta ugariak izan ziren bi Estatuen artean egindako segurtasun bilerak.
Eta 1986ko uztailaren 19an, elkarlan horren ostean, Frantziak inork gutxik esperotako aurrerapauso bat eman zuen, 1945. urteko azaroaren 2an onartutako «erabateko urgentziazko» jardunbide babestua.
Lege honen arabera, «erabateko urgentziazko kasu batean... atzerritar baten kanporatzea posible izango da, bere presentzia iritzi publikoarentzat mehatxu larri bat denean».
Prozedura honen arabera, Espainiako poliziaren esku utzi zuten Txema Lopez Varona; bera ez zen Madrilgo Gobernuak Interpoli igorritako errefuxiatuen zerrendan agertzen, baina zerrenda luze batean lehena izan zen, inolako berme eta zigorrik gabe Poliziaren eskuetatik Poliziaren eskuetara pasa zirenena. Eta trago bera pasa behar izan zuten gehienen antzera, antiguatarrak torturatua izan zela salatu zuen.
Tortura testigantzak
'Tortura Frantzian' txostenean, Euskal Memoriak errefuxiatu hauen zenbait testigantza jasotzen ditu. Juan Ramon Nafarrete Artetxek, esaterako, gau osoa eman zuen PAFaren Dantxarineako muga postuan armairu bati lotuta. Azaldu zuenez, polizia batzuen eskuetatik beste polizia batzuen eskuetara joateko bidean, «ordubetean bi geldialdi egon ziren, zeinetan kotxetik ateratzen ninduten eta topatzen zituzten adarrekin jotzen ninduten. Forentse bati tratu txarrak jaso nituela azaldu nion eta, forentseak alde egin bezain laster, brigadako kide batek nigana jauzi egin zuen ero batek bezala, 'ea ze eskubide nuen nik kolpetxo batzuengatik kexatzeko, benetan merezi nuena heriotza bazen'»
Villabonako Jose Luis Artola 'Ortzi' errefuxiatuak ere bere aitortza egin zuen, eta azaldu zuen nola muga pasatu eta berehala joka hasi zitzaizkion. «Okerrena barrabiletan atximur egiten zidatenean zen, orain batek eta hurrena besteak, minaren eraginez ia konortea galtzeraino».
Josu Muguruza errefuxiatu, preso, kazetari eta Herri Batasuneko hautetsia izan eta gero Madrilgo Alcala hotelean eraildakoa ere prozedura berarekin atxilotu zuten, eta bere salaketaren arabera, gorputzeko zenbait ataletan elektrizitatea ipini zioten. Arnaldo Otegi beraren kasua ere biltzen du txosten honek. Egungo EH Bilduko koordinatzaile orokorrak elektrodo sesioak pairatu zituen, kolpeak eta zigarrokinekin egindako erredurak, Intxaurrondokoa zirudien kuartel batean, nahiz eta ezin izan zuen ziurtatu, begiak tapaturik egon zelako. Emakumeek ere pairatu zuten errepresio molde berri hura, eta Milagros Erbiti Treku izan zen prozedura honekin kanporatutako lehen emakumea.
Jardunbide honek goia 1987ko urriaren 3an jo zuen, frantziar Estatuak euskal errefuxiatuen aurkako operaziorik handienetako bat burutu zuenean. 2.000 polizia inguruk hartu zuten parte operazio horretan; 200 atxilotu baino gehiago, espainiar Poliziaren eskuetan utzitako beste 60, 15 deportatu eta hamarnaka espetxeratu utzi zituen. Euren etxeetan ume eta agureak ere harrapatu zituzten Paristik zuzendutako polizia ekintza hartan.
«Razzia» poliziala
Ondorengo egunetan Ipar Euskal Herriko herrietako erakusleiho asko «razzia» haren aurkako kartelekin esnatu ziren, eta Bidasoatik hegoaldera egindako irakurketaren arabera, entrega haiek GALekin amaitzeagatik jasotako ordain bat baino ez ziren. Chiracen Gobernuaren etapan, GALek ekintza armatu bakarra egin zuen, 1987ko uztailaren 24an, Juan Carlos Garcia Goena hilik suertatu zen atentatua.
Bestelako ordainik ere izan zuen Frantziaren laguntza hark, nahiz eta Felipe Gonzalezek dena ukatu. 1986. urtea amaitu aurretik, Espainiak 18 Super-Puma helikoptero frantziar erosi zituen, eta hexagonoko enpresariek Bidasoatik hegoaldera hasitako trenbideen modernizazio prozesuan parte hartu zuten.
1988ko hauteskundeetan Chiracek gobernua galdu zuen, Pierre Joxe berriz ere Barne ministro izendatu zuten eta berehala amaitu zuen Frantziak urgentziazko prozedura horrekin, 16 hilabetez 176 euskaldun Espainiako poliziaren esku utzita –hauetariko 105 aske geratu ziren–.
Baina euskaldunak Poliziaren eskuetatik beste polizia batzuen eskuetara pasatze hori ez zen betiko amaitu. 90eko hamarkadan, 1994. urtetik aurrera, Frantziako kartzeletan euren zigorrak bete zituzten euskal presoek antzerako prozedura bat jasan behar izan zuten, mugan Guardia Zibilaren esku geratuta, honek zekarren guztiarekin –torturak eta auto erruztatze testigantzak barne–.