1977/2024 , July 23

Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura
Interview
Eduardo Izarzugaza 'Eskarolo'
Aurrera Begira memoria historikoaren aldeko elkartea

«Beraiek presioa egiten badigute kasu hau estaltzeko, guk atera egingo dugu»

Otxandioko herriak ez du Luzia Urigoitia ahantzi. Epaitegietako bidea agortuta, 1987ko uztailaren 23an gertatua dokumental batean biltzea erabaki du herritar talde batek, ebidentziak ikuslearen eskura jarriz, ahal bezain garden, ondorioak norberak atera ditzan. Aurten ikusiko du argia.

Eduardo Izarzugaza, Luzia Urigoitiaren dokumentala egiten ari den lantaldeko kidea.
Eduardo Izarzugaza, Luzia Urigoitiaren dokumentala egiten ari den lantaldeko kidea. (Monika Del Valle | FOKU)

Noiz eta zergatik erabaki duzue Luzia Urigoitiaren kasuaren gaineko dokumentala egitea?

Lutxi hil zenetik, Otxandion beti egin izan dugu omenaldi bat gogoratzeko zer gertatu zen, hura salatzeko, eta urtero Guardia Zibilaren aldetik kristoren presioa jasan izan dugu. 2015ean lau pertsona atxilotu zituzten terrorismoa goratu zela argudiatuz, eta kondenatu ere egin zituzten. Balorazioa egin genuen, eta ondorioztatu genuen beti atzetik bageneuzkan ezkutatzeko zenbait gauza bazituztelako zela: Lutxiren kasua estatu estolderia kasu garbi bat da, Barrionuevo, Vera, Roldan… zeuden hor sartuta, frogak manipulatu ziren, zerbait nahiko iluna egon da beti hor tartean.

Eta dokumentalaren bidez historiaren zati hori jasotzea erabaki zenuten.

Kasua berriro juridikoki zabal zedin ahalegindu ginen lehendabizi. Familiarekin kontaktuan jarri ginen, bere egunean nahiko erreta amaitu baitzuten ate guztiak itxita zituztela eta kasua argitzeko oztopo pila bat zeudela ikusita, eta ondo ikusten zutela esan ziguten. Ezin izan genuen sumarioa berriro ireki zedin lortu, gaur egun oso zaila baita froga edo deklarazio berriak agertzea, eta historia hau beste modu batera kalera atera behar genuela uste genuen. Azkenean, beraiek presioa egiten badigute kasu hau estaltzeko, guk atera egingo dugu.

Nortzuk zaudete lan honen atzean?

Talde bat sortu genuen Otxandion, Aurrera Begira memoria historikoaren aldeko elkartea. Herrian asanblada bat egin genuen eta familiarekin ere hitz egin genuen, noski, ea zer moduz ikusten zuten jakiteko, guk argi eta garbi eduki baitugu familiaren baimenik gabe ez genuela egingo ezer.

Herritik sortutako dokumentala da, baina kanpo laguntza ere bilatu duzue.

Dokumentalak egiten esperientzia zeukan norbait behar genuen, eta Lander Garrorekin jarri ginen harremanetan lagun baten bidez. Hasieratik prest egon zen aurrera eramateko. Herrikide batek kamera enpresa bat ere badu, eta horrela joan ginen taldea osatzen. Finantzaziorako sare bat ere osatu genuen, herriko jende askok ipini du dirua proiektu hau aurrera atera dadin.

«Estatuko funtzionario batek, gure zergetatik kobratzen duenak eta eredu eman behar duenak, ezin duela horrela jokatu, begia begi truk, hortza hortz truk»

Elkarrizketaren aurretik aipatu didazu zuk 16 urte zenituela Luzia Urigoitia hil zutenean. Nola bizi izan zenuten hura herrian?

Urte horietan egoera nahiko gogorra zen Euskal Herrian, eta Otxandion kristoren errepresioa bizi genuen; atxilotu asko egon zen herrian, jende askok egin zuen ihes Ipar Euskal Herrira eta hainbat familiatan bizi izan ziren kasu gogorrak. Hamasei urterekin, kontzientzia politiko handiagoa hartzen hasi ginen, Guardia Zibila, GALen istorio guztia… Gogoan dut Herrikora etorri eta gazte bati «GAL» margotu ziotela aurpegian, errepresioa handia zen gure inguruan. Eta Lutxirena, ginga izan zen.

Nahasmena handia izan zen hasieran, bertsio ezberdinak zabaldu ziren hedabideen bidez.

'El Pais' izan zen garondoko tiroaren titularra eman zuen lehenetarikoa, eta gero nik uste abisu bat eman zitzaiela komunikabideei, Pedro J. Ramirezen 'Diario 16' eta beste batzuk operazioa garbia izan zela eta abar esaten hasi zirelako. Argi dago estatu estolderia kasu bat dela, frogen manipulazioa egon zelako eta komunikabideek eta Barne Ministerioak ere euren papera jokatu zutelako, dena exekuzio bat izan zela ezkutatzeko. Ze Lutxi eta bere komandoa aspaldidanik jarraitzen zituzten, eta bere kideak kalean atxilotu zituzten. Eurek nahi izanez gero, bazeukaten operazio garbi bat egitea.

Kalean, euskal gizartean, inork sinetsi zuen bertsio poliziala?

Jende batek hasieratik ikusi zuen garbi exekuzio bat izan zela. Baina egoera oso konplexua zen, batzuek sinetsi egingo zuten eta beste batzuk poztu ere egingo ziren.

Otxandion herriko jaiak ziren hura gertatu zenean, eta alkatetzan zegoen EAJk ez zuen festa eten. Omenaldia egin zitzaion egunean erromeria zen egitekoa, eta ez zen egin musika taldeak jotzeari uko egin ziolako, ez EAJk bertan behera utzi zuelako. Eta hurrengo egunean jaiak jarraitu egin zuen, sokamuturra… Konfrontazioa handia izan zen herrian bertan.

(Monika DEL VALLE | FOKU)

Familia eta lagunentzat mingarria izango zen, noski, herriko alaba bat horrela hil eta Udalak jarrera hori hartzea.

Bai. Bere familian denak ez ziren ezker abertzalekoak, eta gerora ere asko sufritu dute, kasua zabaldu eta itxi egin delako maiz, eta oztopoz oztopo ibili direlako sumarioa behin betiko itxi arte. Eta herrian bertan ere, mural bat egin genuen eta ezabatu egin ziguten; beste bat egin genuen prentsako titularrekin, eta hura ere ezabatzeko agindu zuten. Kasu hau desagerrarazi nahi izan dute.

Cesid-en paperak agertu zirenean, izan zen arduradunak prozesatzeko aukera. Baina ez zen kasua argitu.

Estali egin zuten dena. Are gehiago, 2015ean, Lutxiren kasua jada Eusko Jaurlaritzaren argitu gabeko kasuen zerrendan sartua zegoela, lehen aipatu dizudan sarekada egin zuten, omenaldi bategatik. Beraz, gertatu zena nahiko nabaria edo, behintzat, bertsio ofiziala zalantzan jartzeko modukoa den arren, errepresioak eta atxiloketek jarraitu egin dute.

Dokumentalerako, dokumentazio lan bat egingo zenuten. Nora jo duzue informazio bila?

Informazioa beti izan dugu, hamargarren urteurrenean erakusketa bat egin genuen egunkarietan agertu zenarekin eta hori izan da oinarria, gero, interneten, abokatuekin, Paco Etxeberriarekin [mediku forentsea, bera izan zen pisuan sartzen lehenetarikoa], kuadrillaren bidez… Alde batetik eta bestetik jaso dugu informazioa.

Testigantzak ere jaso dituzue, beraz.

Ez dut spoiler-ik egingo, baina bai, elkarrizketak jada eginda ditugu eta zati fikzionatu bat ere egongo da. Argi genuen dokumental garden bat egin nahi genuela, bertsio biak jasota.

Zergatik uste duzu kasua ez dela sekula argitu?

Garai hartan argi dago ze paper jokatu zuen Intxaurrondok, eta PSOEK berak; bazekiten han zer gertatzen zen eta beste aldera begiratzen zuten. 1999an sumarioa zabaldu zenean eduki zuten epaiketa Rafael Verak eta abokatuak, [Jorge] Argotek. Roldanek argi esan zuen frogak manipulatu zituela Manuel Pindado kapitainak eta hori Verak bazekiela. Baina artxibatu egin zuten.

Roldanen adierazpen horiek «nahasgarriak» zirela argudiatu zuten orduan.

Hori da. Honen guztiaren atzean kristoren inpunitatea egon da eta inor kasua argitzen saiatzen zen aldi oro estaltzen saiatu dira beraiek. Horregatik ikusten genuen kasu hau beste era batera agertzeko beharra, dokumental moduan kasu honetan, hemen eta hemendik kanpo ere zabaltzeko. Ez dadila barne kontsumorako izan, hurrengo belaunaldiek jakin behar baitute hemen zer gertatu zen.

«Historia ofizial horretatik atera nahi nuke. Ikus dadila zer gertatu zen. Hemen gatazka bat egon da, konfrontazio bat, eta errelatoak ezin du bakarra izan»

Familiak zer dio proiektu honetaz?

Baietz esan ziguten, aurrera egiteko dokumentalarekin, baina hasieran ez zuten parte hartu nahi izan: nik uste etsipena sentitzen dutela beste ezer baino gehiago, hor egon dira horrenbeste urtez eta «hauek berriro datoz hona hau egingo dutela esanez, eta zertarako?» pentsa dezakete agian. Azkenean, familiako kide batek parte hartuko du. Emaitza ikustean, beraiek eta beste herritarrak poztuko direla uste dut.

Dokumentalak zer ibilbide izatea aurreikusten duzue?

Aurten amaitzea espero dugu. Otxandion aurkeztuko dugu eta gero Landerrek [Garro, zuzendaria] jokatuko du paper handiena, bera baita jaialdietan eta abar esperientzia duena. Gero, gure asmoa da Euskal Herrian eta hemendik kanpo zabaltzea.

Bertsio ezberdinak biltzen saiatu zarela aipatu duzu lehen. Ondorioak ikusleak ateratzea nahi duzue, beraz.

Bai, bai. Gure asmoa da daukagun informazioa modu gardenean ematea. Zabalkundean pentsatzen hasi ginenean eztabaidak izan genituen gure artean, ez baita berdin Zabalzaren gaineko dokumental bat egitea, bera autobus gidaria izanik, edo ETAko militante baten gainekoa. Guk ez dugu ezer ezkutatuko, Lutxi ETAko militantea zen, baina argi dugu Estatuko funtzionario batek, gure zergetatik kobratzen duenak eta eredu eman behar duenak, ezin duela horrela jokatu, begia begi truk, hortza hortz truk, eta gainera, gertatutakoa estali eta ikerketa oztopatu. Kontakizun gardena egiten badugu, jendeak aterako ditu bere ondorioak.

Zerekin nahiko zenuke geratzea ikuslea?

Historia ofizial horretatik ateratzea nahi nuke. Ikus dadila zer gertatu zen. Hemen gatazka bat egon da, konfrontazio bat, eta errelatoak ezin du bakarra izan, gaiztoak eta txintxoak seinalatuz. Azkenean, istorio hau hasi genuen jakiteko zer gertatu zen Lutxirekin, eta transmisio hori egitea lortzen badugu, gu pozik. Gero, bakoitzak edukiko du bere iritzia, baina uste dugu horrenbeste merezi dutela Lutxik, bere familiak eta Otxandioko herriak.