1977/2024 , July 27

Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura
Interview
Maialen Chourraut
Piraguista

«Helmuga pasatu eta egin duzula ikustea… momentu hori bizitzea da domina»

Krakoviatik, entrenamenduen agenda estuan tartea eginda, telefonoz hartu gaitu Maialen Chourrautek. Oraindik ez daki ur bizietako eslalomeko Munduko Kopatik zilarra eskuetan itzuliko dela. Parisko Olinpiar Jokoetan buru-belarri dabil orain, baina atzera begira jarri dugu, etorkizuna iraganetik hasita marrazten baita.

Maialen Chourraut piraguista, Donostian.
Maialen Chourraut piraguista, Donostian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Olinpiar Jokoetako hiru domina dituzu. Nola oroitzen duzu Londreseko lehen hura?

Londresera zerbait polita egiteko aukerarekin iritsi nintzen, sailkapen-probak irabazi nituen eta, finalean, haize pixka bat zebilen eta ez nuen jaitsiera oso ona egin, eta hirugarren geratu nintzen. Postu horrek min pixka bat egin zidan, irabazteko aukera bazegoela ikusten nuelako, baina, aldi berean, ekipoak eslalomean lehen aldiz domina bat irabazi zuen. Aurrekontu aldetik oso justu ibiltzen ginen, domina baten beharrean geunden. Domina hori taldearena zela sentitu nuen.

Rion final bikaina egin zenuen, 100etik jaitsiz.

Londresekoa eta gero oso maila altuan nengoen, nire bizitzako forma hoberenean, baina nire gorputzean, nire buruan, ama izatea ate joka zebilen. Ama eta kirolari, biak izan nahi nuen. Ama izan nintzen, baina gure kirol-proiektua aurrera ateratzen ere jarraitu genuen: 2009tik 2016ra Munduko Txapelketa guztietako sailkapen-probak irabazi nituen (2013koa kenduta, ama izan nintzelako eta ez nuelako jokatu), baina horietatik final bakar bat ere ez nuen irabazi. Eta Xabik [Etxaniz, entrenatzailea eta bikotea] egunero gogorarazten zidan irabazi behar direnak finalak direla. Beraz, prestakuntza guztia final azkar bat egitera bideratu genuen: helburua nabigazio solido batekin korteak pasatu eta finalean dena ematea izan zen. Sailkapen-probetarako kortea justu pasatu genuen eta finalaurrekoan zirkuitua aldatu eta 101eko denbora egin genuen lehen hirurok. Finalean, leku batean denbora pixka bat galdu nuen eta iruditu zitzaidan Londreseko erreplika bat zela, jaisten ari nintzela iruditu zitzaidan txapeldun olinpiko izateko aukera hori galtzen zihoala, baina mugara iritsi eta denbora ikusi nuenean… 98koa izan zen, banekien txapeldun olinpiko nintzela, denbora hori ez zuela inork hobetuko. Sekulako eromena izan zen: ziklo olinpiko horretan ama izan nintzen eta egunero amesten nuen txapeldun olinpiko nintzela, eta lortu egin genuen.

Aipatu duzun bezala, bi olinpiada horien artean jaio zen zuen alaba, 2013ko ekainean. Buruhausteak ekarri zizkizuen puzzlea nola antolatu pentsatzeak?

Guraso izatea erabakitzen duten guztiek bizi dute aldaketa handi bat. Gure kasuan, ez genekien gure proiektua onartua izango zen, babesik izango genuen edo erotzat hartuko gintuzten… Banuen gauza bat alde: domina olinpiko bat lortu berri nuen eta horrek pisua izango zuen gero Riora joan ahal izateko. Inork ez zidan trabarik jarri, babestuta sentitu nintzen eta gure modura egin genituen gauzak, guk erabaki genuen ze lehiaketatara joan, ze ordutegi eduki etxean entrenatzen genuenean… Prozesua oso aberatsa izan zen, asko disfrutatu nuen, bai amatasuna nik nahi bezala bizi izan nuelako haurraren lehenengo hilabete horietan eta baita kirolari bezala nire proiektua aurrera ateratzeko gaitasuna eduki nuelako ere.

«Gehiago kostatzen da nesken estadioa betetzea, eta hori guztion ardura da: guk gehiago saltzen badugu mutilena, gehiago kostako da neskena saltzea»

Gauza bat da batek zerbait egin dezakeela sinestea: bestea, albokoen babesa izatea. Funtsezkoa izan da zuretzat?

Babes hori gabe ezinezkoa izango zatekeen. Batetik, gauzak guk nahi bezala egiteko, eta, bestetik, sekulako inbertsio ekonomikoa izan zelako. Azken finean, gure etxean sartzen zen diru guztia zaintzailea ordaintzeko zen: zaintzailearen kontratua, zaintzailearen bidaiak… Baina zer nahi genuen, aberastu edo gure bizitza kalitatea zaindu? Inbertitutakoa bueltan etortzen da, esperientzia modura edo errendimendu modura.

Kritikak jaso zenituen haurdun zinela piraguan ibiltzeagatik. Nola bizi izan zenuen momentu hori, justifikatu behar hori?

Kritikak beti jasoko dituzu. Ez da normalena haurdun dagoen pertsona bat ur bizitan ikustea eta egon ziren kritika batzuk, baina zergatik eman inportantzia, kanpotik, ez dakien batek esan duen horri? Dena oso planifikatuta genuen, jarraipen bat geneukan eta dena ondo zihoan, haurdunaldiko datuek alaba ondo ari zela hazten erakusten zuten, eta hori da garrantzitsua. Nik horrenbeste desiratzen nuen haurra zen, ez nizkion ba nire buruari harriak botako...

Hainbatetan aipatu duzu prozesuaz disfrutatzearen garrantzia, baina dominak ere hor daude. Ze esanahi du zuretzat domina batek?

Rioko domina hori lortzea batez ere momentua bizitzea izan zen; lortu duzula ikustea eromen hutsa izan zen.

Rion bertan dezente entrenatu genuen, eta muga pasatzen nuen bakoitzean nire bisualizazioa domina horretan zegoen, lehiaketa horretan hoberena izate horretan. Obsesioa nuen horrekin, egunero hamar-hamabi-hamasei aldiz muga hori gurutzatu eta beti bisualizatzen nuen hori, egunero Rioko katilu batean gosaltzen nuen eta, egunero, Xabik gogorarazten zidan final horren bila gindoazela, ez sailkapen-probak irabaztera. Eta muga pasatu eta egin duzula ikusten duzunean… momentu hori bizitzea da domina, ez gero domina hori eskuetan edukitzea.

Etxera itzulita omenaldiz omenaldi ibili zinen, herrikideen eskutik Lasarten, Atletico San Sebastian klubak ere egin zizun ekitaldia... Nola oroitzen duzu hura guztia?

Ni horrek pixka bat inpaktatu egin ninduen. Oihartzun horrek, zenbat jende dagoen zu bultzatzen, momentu hori bizitzen… Azkenean, nik nire proiektua modu oso neurekoian bizi dut, nire egoa dago hor, itsututa egoten naiz nirearekin, eta ondoren konturatu naiz zenbat jende dagoen hor atzean, eta arnasa mozten zait. Handi geratzen zait.

(Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Joko Olinpikoetan, kanoa Tokion izan zen lehen aldiz olinpiko emakumeentzat.

Ni hasi nintzenean neskek kanoa ez zuten egiten, ez genuen planteatu ere egiten guk ere kanoa egin nahi genuela, eta taldean desberdintasun handia zegoen mutilek hiru kategoria zituztelako eta neskek bakarra (taldean hiru neska eta mutil dezente ginen, eta beraiek non lehiatu hauta zezaketen), eta hori orain berdindu egin dute. Profesionalizatuagoak dauden kiroletan ez dabiltza berdintasunez eta ekonomikoki ere mutilen kategoriek diru gehiago mugitzen dute, baina gurea kirol txikia da, diru gutxi mugitzen duena. Esan beharra daukat guk beti tratu berdina jaso izan dugula, bai neskek eta bai mutilek, nahiz eta denborarekin konturatu garen ez genituela aukera berdinak. Klubean neskek eta mutilek beti elkarrekin entrenatu eta lehiatu izan dugu, eta hori oso aberasgarria izan da, ikusten duzulako ez zaiola garrantzi gehiago ematen mutilek egiten duten horri. Gauza oso oinarrizkoa da hau, baina kirol guztietan ez da horrela.

'Geldiezinak' egitasmoaren aurkezpenean esan zenuen emakume kirolariak ikusarazteko norbaitek zuengan jarri behar duela arreta. Egun ere funtsezkoa da kanpoko bultzada hori emakumezko kirolarien lana ikusarazteko?

Noski. Oso beharrezkoa. Sekulako diferentzia dago ikusgarritasun horretan. Gure kirolean, normalean neskok mutilek baino lehenago lehiatzen dugu, ordu hoberena mutilentzat izaten da, eta horrek oihartzun handiagoa izatea dakar; kirol profesionalizatuetan eragin hori ikaragarria da. Estadioetan ikusten da hori, gehiago kostatzen da nesken estadioa betetzea, eta hori guztion ardura da: guk gehiago saltzen badugu mutilena, gehiago kostako da neskena saltzea. Indar gehiago egin behar da nesken kirola saltzeko eta esfortzu handiagoa egin behar da, gizartean oraindik aldaketak ez direlako lortu. Oso urruti gaude berdintasunetik, eta kirolean horren isla ikusten da.

Orain Pariserako ari zara entrenatzen. Ze helbururekin zoaz?

Helburua nire maila hoberena ematea da, korteak pasatzen joatea eta nabigazio solido eta azkar bat lortzea. Emaitzak horrekin etortzen dira.

Entrenamendu plangintza gogorra duzue goi mailan zabiltzaten kirolariek. Nolakoa da zure entrenamendu egun bat?

Denboraldiaren eta gauden tokiaren arabera aldatzen da. Orain, adibidez, lau asteko entrenamendu ofizialak izango ditugu Parisen, eta oso garrantzitsua da lehiatu behar dugun kanal horretan ibiltzea. Goizean eta arratsaldean ordu bana izango dugu kanalean entrenatzeko, baina ordu horiek aurretik prestatu egin behar dira, sesioak osatu… Entrenamenduetan bideoak ateratzen dira eta horiek aztertzen ditugu, eta, aldi berean, sesio fisikoak ditugu gimnasioan. Kanaleko entrenamenduak badirudi gutxi direla, baina gorputza erabat txikitzen da, oso kirol espresiboa da, abiatze asko daude, indarra isometrikoki asko lantzen da eta artikulazioak, sorbaldak eta ukondoak nahiko ukituta uzten ditu. Hori ere tratatu behar da, gorputza ahalik eta ondoen errekuperatzeko hurrengo saiorako, reseteatu eta zerotik hasteko, karga horiek pilatu gabe.

«Riokoa sekulako eromena izan zen: ziklo olinpiko horretan ama izan nintzen eta egunero amesten nuen txapeldun olinpiko nintzela, eta lortu egin genuen»

Etxean nagoenean, nire entrenamendu ordutegia eskolakoa izaten da: 9etan alaba ikastolara sartutakoan entrenatzen dut eta 12.30ean etxera joaten gara bazkaltzera. Gero, bazkalostean, beste sesio bat edo deskantsua, tokatzen dena. Saiatzen naiz arratsaldeetan libre egoten, familiaren erritmoarekin bat egiteko.

Eta entrenamenduak ere aldatzen dira bizitzan zauden momentuaren arabera. Baditut 41 urte, eta gorputza ez da 20 nituenean bezala errekuperatzen, kargak errazago pilatzen dira.

Eta burua nola entrenatzen da?

2020tik Joxean Arruzarekin nabil, bere Tescal proiektuan. Entrenamenduetan ez baduzu alderdi mentala lantzen, lehiaketetan oso zaila da burua kontrolatzea. Niri entrenatzea asko gustatzen zait, baina badira momentu gogor asko, ez zaizkizulako gauzak nahi bezala irteten edo iristen zarelako nahiko mugan dauden neke puntuetara, eta buruak ez du berdin erantzuten. Garrantzitsua da jakitea non zauden, zergatik eta zer ari den gertatzen, gauzak gehiegi korapilatu aurretik jakiteko zer ari zaizun gertatzen eta nola frenatu, burua bere tokian jartzeko.

Baduzu zure buruari errepikatzen diozun mantra edo esaldiren bat?

Ez naiz bere buruari «hemen nago eta hor noa, dena ondo egingo dut» eta halakoak esaten dizkion pertsona. Nire buruarekin duda asko izaten ditut, eta etortzen zaizkidan pentsamendu txar horiekin funtzionatzen didana da momentuan zer egin behar dudan jakitea. Ez daukat hitz magikorik, baina askotan «Maialen STOP» izaten da formula, momentua bizi behar dudala, presente egon, egin behar dudan horretan jarri fokua.

Orain Parisen duzu fokua. Paris eta gero, zer etorriko da?

Ez dakit. Piraguista naiz eta piraguista izaten jarraituko dut Paris eta gero ere, denboraldiak jarraituko du eta oraindik lehiatzen jarraituko dudala uste dut. Pixka bat galdu egiten naiz «eta gero zer?» horretan, ze egia da gazteak fuerte datozela eta edozein momentutan ekiporako hautaketa froga horietan ere kanpoan geratu naitekeela. Eta kanpoan geratzen banaiz, ba beste erabaki bat hartu beharko dugu. Aurten, «Parisko Joko Olinpikoetarako ez banaiz sailkatzen, agian uzteko momentua izango da» pentsamendua etortzen zitzaidan burura, baina hautatu gintuzten eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Momentu hau orain delako.