«'Okupazioa' hedatzen da Iruñean». Titular hau 2004ko abuztuaren 16an agertu zen GARAn, duela hogei urte. Iturraman ireki berri zen gaztetxeari buruzko informazioa jasotzen zuen Martxelo Diazek idatzitako testuak. Tamalez, titularra zaharkituta geratu zen azkar. Izan ere, egunkariak kioskoetara iristerakoan, hasia zen Euskal Jai husteko operazioa.
Diaz eta Jaione Dorai kazetariek azaldu zutenez, Iruñeko udaltzainak, foruzaingoak eta Espainiako poliziak goizeko 6.30ean agertu ziren Alde Zaharrean gaztetxea husteko, UPN eta CDNren mehatxua zena errealitate bilakatuz.
Auzokideek eltze-joaldia egin zuten polizien presentziaz ohartarazteko, baina ordurako itxiak ziren San Agustin eta Merced kaleetako sarbide guztiak, eta 8.00 aldera poliziek gaztetxeko atea bota zuten hondeamakina batekin. 25 gazte atxilotu zituzten barruan, eta bi teilatura igo ziren. Bertatik agurtu zituzten elkartasuna adierazteko kanpoaldean elkartu ziren lagunak.
Kargak izan ziren kalean eta egoerak okerrera egin zuen 9.00etan, hondeamakina batek gaztetxeko horma bota zuenean, barruan jendea zegoela kontuan hartu gabe. 40 lagun kateatu ziren barrualdean eraikitako bunkerretan. Makinen lanen ondorioz, eraikina beraien gainean erortzeko arriskua zegoen, bitartekaritza lana egiten ari zirenek ohartarazi zutenez. Baina operazioa ez zen eten.
«Ez digute kasurik egiten. Barruan jendea dagoela eta eraikina eror dakiekeela esaten ari gara, baina ez dute ezer jakin nahi», esan zuten kanpoan bildutakoek, eta Enrike Miranda arkitektoak adierazi zien udaltzainei arriskua zegoela. Ohartarazi zuenez, zaurituren bat izanez gero langileen errua izango zatekeen.
Protestak eta barrikadak
Protestak biderkatu ziren poliziek operazioa aurrera eramaten zuten bitartean. Ehunka lagun bildu ziren Gaztelu plazan gaztetxearen alde, Yolanda Barcina alkatearen jarrera salatuz.
Poliziaren jazarpena nabaria zen, eta kargak izan ziren Alde Zaharreko kale ezberdinetan. Poliziak katedralean sartu ziren bertan errefuxiatu ziren gazteak atxilotzeko. Gauean ere barrikadak egin zituzten gazteek Arrotxapean, eta zenbait lagun kateatu ziren Nafarroako Jauregiko burdin hesian.
Iruña Berria plataformak UPN, PSN eta CDNren jarrera salatu zuen, eta Aralarrek ere arbuiatu egin zuen «aplikatzen ari den jarrera erabat autoritario eta errepresiboa». IUNko ordezkariak ere haserre agertu ziren, eta UPNk gaztetxearekin izandako «iluntasuna» kritikatu zuten. Halaber, hondeamakina bat Alde Zaharrean sartzeak dakarren segurtasun eza nabarmendu zuten. Izan ere, bizilagun batzuek etxeetan pitzadurak agertu zirela ohartarazi zuten.
Sei lagunen erresistentzia
Abuztuaren 18an, hondeamakinak eraikinaren hormak botatzen zituen bitartean, sei gaztek barruan jarraitzen zuten. Teilatura igo ziren, Alde Zaharreko bizilagunen babesa jasoz. Eltze-joaldiak errepikatu ziren, baita polizien kargak ere. Bi egunetan 55 lagun atxilotu zituzten poliziek.
Iruñeko peñek babesa adierazi zieten gazteei, erakunde publikoen «arduragabekeria, errespetu falta, nagusikeria eta harropuzkeria» kritikatuz. Orreaga Fundazioak, bestalde, indarkeria instituzionala salatu zuen, eta Segik gaztetxearen aurkako erasoa euskal gazteria osoaren aurkako erasoa zela nabarmendu zuen. EHGAMek, berriz, Euskal Jai Iruñeko «atmosfera itxian haize freskoa» izan zela azpimarratu zuen.
Teilatuan ziren gazteak abuztuaren 19an atxilotuak izan ziren, goizeko 7.45 aldera. Aske geratu ondoren azaldu zutenez, gaztetxearen barruan ziren agenteek harriak, gomazko pilotak eta gasak jaurti zizkieten gauean. Gazte batek harri baten kolpea jaso zuen bizkarrean.
Elkartasuna nagusi
Hurrengo egunetan elkartasun keinu ugari izan ziren. «Geldiezina den mugimendu baten hasieraren aurrean gaude», azpimarratu zuten gazteek, abuztuaren 21ean kalera atera zirenek. Milaka lagunek parte hartu zuten Iruñeko erdigunea zeharkatu zuen manifestazioan. Protesta eraikin baten okupazioarekin amaitu zen, Compania kalean.
Bi egun geroago, abuztuaren 22an, espainiar poliziak eta udaltzainak agertu ziren gaztetxe berria hustera. Poliziek gas negar-eragilea erabili zuten operazio horretan, eta gazte bat ospitalera eraman behar izan zuten.
Barcinak Miguel Sanz buru zuen Nafarroako Gobernuaren laguntza izan zuen, baita Espainiako agintariena ere. Oposizioko alderdiak, sindikatuak eta auzokideak, ordea, aurka agertu ziren. Eta gazteek borrokan jarraitzeko beharra azpimarratu zuten. «Euskal Jai eraitsiko dute, baina ez gure ametsak», adierazi zuten, «udaberri autogestionatua hasi berria» zela gaineratuz.