1977/2024 , September 1

Joseba Salbador Goikoetxea

Beslango sarraskia, Kaukasoko zorigaitza

334 hildako –horietatik 186 haurrak– eta 800 zauritu inguru. Zenbaki beldurgarri horiekin amaitu zen txetxeniar talde islamiar armatu batek errusiar armadaren irteera exijitzeko Osetiako eskola batean gauzatu zuen bahiketa. Hamarkada bat geroago, Estrasburgoko auzitegiak Errusia zigortu zuen gehiegizko indarra erabiltzeagatik.

Hiru eguneko bahiketaren amaieran argitaratuutako albistea.
Hiru eguneko bahiketaren amaieran argitaratuutako albistea. (GARA)

2004ko irailak 1, goizeko 9.30ak, ikasturte berriko lehen eguna, Ipar Osetiako Beslango ikastetxe batean. Une horretan, zenbait kamioitan zihoazen 30 ekintzaile txetxeniar armatu 7 eta 18 urte bitarteko ikasleak zeuden irakaskuntza ertaineko zentrora iritsi ziren.

Lehen tiroketa batean, bost polizia hil zituzten eta jarraian ikastetxera sartu ziren, barruan zeuden 1.181 pertsona bahituz, gehienak adin txikikoak. Bideo irudietan ikusi ahal izan zenez, bahituak gimnasioan elkartu zituzten eta eraikuntza lehergailuz bete zuten, errusiar indarrak sartu ezkero lehertu egingo zituztela mehatxatuz.

Errusiar Gobernuak ez zuela indarra erabiliko agindu zuen lehen une batean eta elkarrizketak hasi zituzten, Leonid Roshal pediatraren bitartekaritzarekin. Txetxeniar komandoaren eskakizuna hauxe zen: errusiar armada Txetxeniatik ateratzea. Izan ere, lehen guda amaitu ostean (1994-1996) Vladimir Putinek bere kontrolpean zegoen gobernua jarri zuen Groznin eta 1999an bigarren gudua hasi zen.

Beslango erasoa ez zen txetxeniarren lehena izan. Bi urte lehenago, Moskuko teatroan beste eraso bat egin zuten, eta Grozniko errusiarren aldeko gobernuaren kontra beste hainbat eraso egin zituen, bonba-kamioiak erabiliz. 2004ko maiatzaren 9an Grozniko gobernuko Ajmat Kadyrov erahil zuten.

Eskaera, beraz, ez zen berria, eta hurrengo egunean hainbat harreman izan ziren bahitzaile eta bitartekariaren artean, eta ume txikiak zituzten amak ateratzen utzi zituzten. Hala ere, ez ziren adostasun batera iritsi eta arratsalde horretan bertan hainbat eztanda izan ziren, egoerak okerrera eginez.

Medikuen sarrera

Irailaren 3an, txetxeniarrek medikuen sarrera onartu zuten hildakoen gorpuak eraman ahal izateko. Baina une horretan, eztanda bat izan zen eta errusiar armadak barrura sartzea erabaki zuten, mota guztietako indarrak erabiliz: soldaduak, Barne Ministerioko talde bereziak, helikoptero militarrak eta tanke bat.

Eraso honek txetxeniarren erreakzioa eragin zuen eta gainean zeramatzaten lehergailuak eztandarazi zituzten, sekulako kaosa sortuz. Bahitutako pertsona batzuk ihes egitea lortu zuten, baina hamar orduko anabasaren ostean, 334 pertsona hil ziren, horietatik erdia baino gehiago (186) haurrak. Zaurituak 800 inguru izan ziren.

Krisiaren amaiera odoltsuak erreakzioak sortu zituen nazioartean, baina ez gehiegi. Europear gobernuek gertakarien gaitzespena saihestu zuten, eta prentsa bakarrik izan zen sarraskia salatu zuena. Horrela, europear zein estatubatuar egunkariek ezbaian jarri zituzten krisia konpontzeko Vladimir Putinek hartutako erabakiak. Osetian bertan, hildakoak lurperatzen zituzten bitartean, biztanleek ez zuten Putin salatu nahi izan eta eskualdeko indar militarrei egotzi zieten gertatutakoa.

Hamahiru urte beranduago, 2017ko apirilaren 13an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak (ECHR) zigorra jarri zion Errusiari Beslaneko sarraskia saihesteko nahikoa egin ez izanagatik eta hezkuntza zentroaren bahiketa amaitzeko soldaduek erabilitako gehiegizko indar hilgarriagatik.

Bere epaian, auzitegiak Errusiako Gobernua biktimei eta haien senideei 2,95 milioi euroko kalte-ordaina ematera kondenatu zuen, eta Errusiako Gobernuak ez zuela eraso hori saihesteko prebentzio-neurririk hartu ezarri zuen, agintariek «informazio zehatz nahikoa» zutelako hezkuntza erakunde baten aurka atentatu terrorista planifikatzen ari zela adierazten zuena.

Uzbekistan

Kaspio itsasoaren bestaldean, eta hamarkada bat lehenago, Uzbekistan estatu independente bihurtu zen, bi egun lehenago Azerbaiyanek egin zuen bezala. SESBetik bereiztu zen bederatzigarren errepublika izan zen. Baina Baltikoan gertatu zen ez bezala, Uzbekistanen ez zuten hainbesteko poza adierazi.

Perestroika abiatu ondoren, Uzbekistan edozein liberalizazio motaren aurka deklaratu zen eta SESBren defendatzaile sutsutzat agertu zen. Izan ere, 1991n, Mikhail Gorbatxovek SESBren egiturari eusteko erreferenduma antolatu zuenean, uzbekoen gehiengo handi baten erantzuna baiezkoa izan zen.

Hala ere, hainbat negoziazioren ostean, sobietar errepublika gehienek, Uzbekistan barne, SESB berritua (Sobietar Errepublika Burujabeen Batasuna) eratzen zuen itun berri bat onartu zuten eta errepublika hauek burujabe bihurtu zituen. Beraz, Uzbekistanek bere independentzia bilatu ez bazuen ere, Karimov eta bere gobernua errealitate berrietara egokitu ziren.