1977/2024 , September 2

Artefaktua

Zinemira, euskal zinemaren saila Zinemaldian

Egitarau ofizialetik kanpo egun bateko tartea izatetik, euskal zinema Zinemaldiaren parte izatera igaro da. 2009tik aurrera Zinemira izeneko sail propioa izan du, Imanol Uribek jaso zuen lehen saria eta garai hartan Lakuako Kultura sailburua zen Blanca Urgellek eta Zinemaldiko zuzendaria zen Mikel Olacireguik aurkeztu zuten.

2023ko edizioan, Paco Sagarzazu aktoreak jaso zuen Zinemira saria.
2023ko edizioan, Paco Sagarzazu aktoreak jaso zuen Zinemira saria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Garai batean euskal zinemari egun bateko tartea eskaintzen zitzaion Zinemaldiko egitarau ofizialetik kanpo. Urteak igaro ahala, Zinemaldiaren parte izatea lortu zuen, eta azken hamabost urteetan sail propio bat izan du. Hain zuzen ere, 2009ko irailaren 2an aurkeztu zuten Zinemira, Euskal Zinemaren Panorama izenarekin. Patxi Lopezekin Lakuako Kultura sailburua izandako Blanca Urgellek eta Zinemaldiko zuzendaria zen Mikel Olacireguik eman zuten egitasmoaren berri Gasteizko Gobernuak Donostian duen egoitzan egindako agerraldian.

Olacireguik azaldu zuenez, bi helburu zehatzekin sortu zen sail berria. Alde batetik, euskal zinemaren normalizazioa ekartzeko eta, bestetik, sortzaileen artean «lehiakortasuna» eragiteko. Zinemaldiko zuzendariak aitortu zuen aldaketa horrek alde onak eta txarrak eragingo zituela: «Positiboa da oso euskal zinemari eskainitako sail bat izatea eta Zinemaldiak irauten duen egun guztietan bertan ekoitzi diren filmez gozatu ahal izatea. Beste alde batetik, esan beharra dago soilik bederatzi filmek parte hartuko dutela sail honetan, eta beste asko kanpoan geratu direla».

Izan ere, jaialdiaren antolatzaileek 30 pelikula inguru aztertu zituzten aukeraketa egin aurretik. Horrela, aurreko urteetan egiten zen Euskal Zinemaren Egunean bertako ekoizpen guztiak eskaintzen bazituzten ere, hortik aurrera hautatuek soilik izan dute jendaurrean ikusgai izateko aukera.

Blanca Urgell Lakuako sailburu zenak eta Mikel Olaciregui Zinemaldiko zuzendari zenak aurkeztu zuten Zinemira. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Iratxe Fresnedak, Ikus-entzunezko komunikazioan irakasleak, ondoko hitzekin nabarmendu zuen Zinemiraren sorrera GARA egunkarian 2010ean idatzitako iritzi-artikuluan:«Zinemira izan da Mikel Olacireguiren taldearen erabaki on nagusietako bat. Lehen Euskal Zinemaren Eguna bazen ere, gaur egungo saila aurrekoaren aldean funtsezko zerbait da: Zinemirak euskal proiekzioak Zinemaldiaren ohiko zirkuituan integratzen ditu. Beste ikusle mota batzuengana hurbiltzeko modu adimentsua da, euskal ekoizpenak jatorrizko «habitatetik» kanpo «ateratzeaz» gain, pase gehiago eskaintzen direlarik. Zinemira erakusleiho garrantzitsua da gure zinemarentzat, Donostiako Zinemalditik beste leku batzuetara eta beste begirada batzuetara iristeko».

Sei estreinaldi eta gala

Esan bezala, bederatzi film eskaini zituzten Zinemira martxan jarri zen lehen urtean. Horietako hiru areto komertzialetatik igaro ziren aurretik eta bi aldiz ikusi ahal izan ziren Zinemaldian. Besteak beste, Berlingo zinemaldian saritutako ‘Ander’ (Roberto Caston), Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak Palestina, Israel eta Zisjordaniako lurretan filmatutako ‘Checkpoint Rock’ dokumentala eta Aizpea Goenagak zuzendutako ‘Sukalde kontuak’ komedia.

Horrez gain, sei estreinaldi egon ziren: ‘Itsasoaren alaba’ (Josu Martinez), ‘Zinema eta bizitza’ (Arkaitz Basterra), ‘Rough Winds’ (Andrea Olabarria), ‘Umurage’ (Gorka Gamarra Gaztañaga), ‘Zuzendu, mesedez!’ (Juan Miguel Gutierrez) eta ‘Lainoak margotzeko makina’ (Patxo Telleria eta Aitor Mazo).

Azken pelikula honen emanaldia Victoria Eugenian antolaturiko Euskal Zinemaren gala egunean eskaini zuten. Era berean, Imanol Uribe zuzendariak Zinemira saria jaso zuen. Nahiz eta Euskal Herritik kanpo jaiotakoa izan, San Salvadorren jaio baitzen 1950ean, euskal ekoizpenean «berebiziko garrantzia» izan duen profesionala dela nabarmendu zuten. ‘El proceso de Burgos’ (1979), ‘La fuga de Segovia’ (1981) eta ‘La muerte de Mikel’ (1984), egoera politikoari lotutako lanak izan dira Uriberen ibilbidean itzal gehien lortu dutenak. Haien atzetik, beste genero batzuk ere landu ditu, ‘Adios pequeña’ (1986), ‘El rey pasmado’ (1991) –biekin Urrezko Maskorra irabazi zuen–, ‘Dias contados’ (1994) eta ‘Bwana’ (1996) izeneko filmekin.

Imanol Uribek jaso zuen lehen Zinemira saria 2009an. (Gari GARAIALDE / FOKU)
Imanol Uribek jaso zuen lehen Zinemira saria 2009an. (Gari GARAIALDE / FOKU)

Uribek hunkituta jaso zuen saria Alex de la Iglesia lagunaren eskutik. Nabarmendu zuenez, «erantzukizun handia da sari hau niretzat, lehenengoa bainaiz. Hemendik aurrera bizitza luzea izatea opa diot».

Uriberen ostean, Alex Angulok jaso zuen saria 2010ean. Aktore bizkaitarra 2014an hil zen auto istripu batean, Errioxan pelikula bat grabatzera zihoala. Hain zuzen ere, ‘Bendita calamidad’ izeneko filma. 61 urte zituen hil zenean. Irakasle ikasketak egin arren, irakaskuntza utzi eta interpretazioan murgildu zen 80ko hamarkadatik aurrera. Pelikula askotan aritu zen, eta Goya sarietarako ere hiru aldiz izendatua izan zen aktore nagusi gisa Alex de la Iglesiaren ‘El día de la Bestia’ eta ‘Muertos de risa’ filmetan egindako lanarengatik, eta baita Oskar Aibarren ‘Gran Vazquez’ pelikularengatik ere.

Era berean, Zinemira saria ondokoek jaso dute: Elias Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramon Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramon Agirrek (2018), Jose Maria ‘Txepe’ Larak (2019), Sara Bilbatuak (2019), Kimuak programak (2021), Txema Areizagak (2022) eta Paco Sagarzazuk (2023).

Azken honek Ane Gabarainen eskutik jaso zuen oroigarria Victoria Eugenian, eta, hitzartze labur batean, aktore ofizioa ohoratu zuen eta gurasoei eskaini zien saria.

«Dagoeneko gurasoak baino zaharragoa izanik, aitak 49 –goizegi [joan zen]– eta amak 81 –goizegi–, beren aita putatibo izendatzen dut neure burua, haien oroimena babestu eta sari maitagarri hau eskaintzeko; izan ere, inspirazio nahikoa eman zidaten, ez bigarren mailako, ez hirugarren mailako, ez leheneko, baizik eta, besterik gabe, aktore izateko, komediante izateko, hori izan bainaiz urte hauetan guztietan, argi eta itzalekin, gizaki oro bezala», esan zuen Sagarzazuk.

Beste alde batetik, gaur egun Irizar Saria ere banatzen da Zinemiran parte hartzen duten filmen artean, eta Kimuak katalogoko film laburren aukeraketa ere egiten da. Aldi berean, iaz aurreneko aldiz eman zuten Egile Berriak saria, eta ‘20.000 especies de abejas’ filmaren zuzendari Estibaliz Urresolak jaso zuen.