1977/2024 , September 9

Artefaktua

Lesbosko «infernuaren» kontakizuna GAUR8-tik iritsi zitzaigun, Idoia Moreno erizainaren eskutik

Morian sutea izan baino urte eta erdi lehenago, bertan bizi zen muturreko egoera deskribatu zuen Idoia Moreno MSFko boluntarioak, GAUR8ri emandako elkarrizketa zabal batean. «Infernu» hark ez zeukan arrazoi bakarra, eta itxaropenerako ia arrazoirik ez zegoen Morian.

Idoia Moreno MSFko kidea elkarrizketatu zuen GAUR8k.
Idoia Moreno MSFko kidea elkarrizketatu zuen GAUR8k. (Endika PORTILLO | FOKU)

Azken urteetan zabal jorratu da GARAren orrialdeetan pertsona errefuxiatuek giza eskubideen Europan bizi duten trataera eta, zehazki, eman beharreko harreraren ordez Lesbosen aurkitutako «infernuaren» inguruko kontakizun ugari jaso dira bere orrialdeetan.

Pablo Ruiz de Aretxabaleta kazetariari emandako elkarrizketa zabal batean, Idoia Moreno MSFko erizainak deskribatu zuen GAUR8n «infernua» zer den, eguneroko hamaika egoera gordin azaleratu zituen, istorio eta une zehatzak kontatuz.

Moria infernu gisa marraztea egoeraren deskribapen orokor bat zen, baina errealitateak askoz aurpegi latzago bat erakusten zuen, eta egunerokoaren datuak plazaratu zituen: komun bakarra 35 lagunentzat; dutxa bakarra ehunentzat, milaka lagun medikurik gabe, janaria eskuratzeak suposatzen zuen arriskua, liskarrak, asilo eskubidearen inguruko ziurgabetasuna, euren herrialdeetara itzuliak izateko aukera...

«Moria ez da errefuxiatu esparru bat, kontzentrazio esparrua baizik. Europako migrazio politika kontzentrazio esparru bat irekitzen ari da, literalki. Ezin diegu ezta 'errefuxiatu' deitu ere. Errefuxiatuek badituzte nolabaiteko eskubide berezi batzuk, biktimak direlako; Lesbosen, ordea, ez dute inolako eskubiderik. Guztiz ezeztatuta daude, giza duintasunaren falta erabatekoa da, infernua da. Gizagabetasuna nagusi da. Europan baditugu animaliak garajeetan, Lesbosen ditugun milaka pertsona horiek baino hobeto», kontatu zuen.

Haur txikiek zein adinekoek bizi zituzten baldintzak zehaztu zituen: «Kanpin dendak ez dira iragazgaitzak ere. Zero graduko tenperaturan daude, elurpean, elurretan egunero, eta ez dute inolako dirurik arropa erosteko. Beraz, negu honetan umeak hilko dira hotzagatik edo gaixotasunengatik». Kontakizun beldurgarri horretan, janaria bera arazo handi bat zen, eta ez soilik horren eskasia edo kalitate txarragatik, baizik eta janariaren banaketa unerik arriskutsuena bilakatu zelako.

Adibide zehatzetara joanez, aipatu zuen Gobernu greziarrak mediku bakarra zeukala esparru osorako, eta beste bi mediku boluntario zeudela «parazetamol pixkatxo bat emateko». Gaueko 22.00etatik 8.00 arte medikurik ez zegoen bertan, hizkuntza ezberdinak egonik komunikatzeko arazoak zeuden... Sei urteko ume epileptikoaren kasua ere gogoratu zuen, burezur haustura zuen bi urteko haur siriarrarena.... Morenok «ez du inoiz ikusi Lesboseko bizi baldintza latzetan dagoen itxaropen faltarik, infernu batetik ihes egin eta beste infernu batera iritsi direnen itxaropen falta», zioen elkarrizketaren sarrerak.

Beste mezu bat utzi zuen erizainak elkarrizketan, pertsona errefuxiatuei aurpegia jartzearen beharra aldarrikatuz, gogora ekarriz «errefuxiatuak irudikatzen ditugunean, gizonezkoak» datozkigula burura, «baina Lesbosen milaka familia» daudela.