Hogei alderdi, sindikatu eta antolakundek baino gehiagok, haien artean EAJk eta HBk, irtenbide politiko negoziatua eskatzen duen itun historikoa sinatu dute. 1998ko irailaren 12a da, eta Euskal Herriaren agertoki politikoa irauli duen akordioa aurkeztu dute. Lau egun beranduago su-etena iragarri zuen ETAk, itxaropenari bigarren errail bat zabalduz.
Hogei euskal eragile baino gehiago ageri dira elkarrekin argazkian. Haien artean, euskal alderdi, sindikatu eta antolakunde nagusietako ordezkariak, oso sentsibilitate politiko ezberdinak, Euskal Herria eta Estatu espainol eta frantsesaren arteko gatazkari irtenbide politiko negoziatua emateko eskatuz.
Espektatiba berriak zabaldu ditu lehen irudi horrek euskal gizartean. Lizarra-Garaziko itun historikoaren lehen argazkia da. Gerora, 40 erakunderen babesa jasoko zuen Donibane Garazin.
Ordezkari politikoen urratsaren ondoan, ETAk mugarik gabeko su-etena iragarri zuen egun batzuk beranduago, gizartea buru zuen agertoki berriari bide emanez. Agertoki berri bat zabaltzera zihoan Euskal Herrian, eta harekin, politika arlotik harago zihoan egoera ezezagun bat.
Lizarrako Frai Diegoren Etxean sinatu zenak Euskal Herrian prozesu demokratiko bat garatzeko oinarriak jartzen zituen. Irlandako Foroaren hirugarren batzarraren emaitza izan zen, Ostiral Santuko Akordioan inspiratua. Izan ere, testuan Irlandako Bake Akordioaren faktore eragileak jaso zituzten, Euskal Herrian izan zitekeen balizko aplikazioa aztertzeari begira.
Ikuspegi eta familia politiko ezberdinak ordezkatzen dituzten sinatzaileen artean, EAJ eta Herri Batasuna (HB) alderdiak daude. Ordura arte ikusi ez zen itun zabala posible egin zuten elkarrizketa haietan, jeltzaleen aldetik Joseba Egibar, Juan Maria Ollora eta Gorka Agirre parte hartzen ari dira. Urte hasieratik elkarrekin biltzen aritu dira. HBren aldetik, Mahai Nazionalaren espetxeratzearen ondorioz, lehen lerrora heldu berriak diren Arnaldo Otegi eta Joseba Permach dira interlokutoreak, Iñigo Iruin abokatuarekin batera.
Bi euskal alderdi nagusien ondoan, EA, IU, Batzarre eta Zutik daude sinatzaileen artean. Sindikatuen aldetik, oso ordezkaritza zabala dago: ELA, LAB, EHNE, ESK-CUIS, STEE-EILAS, Ezker Sindikala eta Hiru. Gogoa, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Senideak, Bakea Orain, Elkarri, Egizan, Herria 2000 Eliza, Gernika Batzordea eta Autodeterminazioaren Biltzarrak dira sinatu duten herri mugimenduko erakundeak.
Politikatik haragoko proiekzioa
Akordioaren irismena ulertzeko, garaian bizi zen une politikora itzuli behar da. Urtebete lehenago Miguel Angel Blanco PPko zinegotziaren bahiketa eta heriotza baliatuz Jose Maria Aznarrek eta Mayor Orejak eraikitako estrategia laburbiltzen zuen «A por ellos» lemapean altxatutako olatuaren erdian, akordioa sinatu baino bi hilabete lehenago 'Egin' egunkaria itxi zuen Polizia espainolak, Baltasar Garzon epailearen aginduz.
Alternatiba Demokratikoa azaltzen zuen bideoaren zabalpenagatik, kartzelatua izango zen HBko zuzendaritza, eta oraindik indarrean zegoen Ajuria Enearen Itunak bere egina zuen biolentoen eta demokraten arteko bereizketak bere horretan jarraitzen zuen. Hitza eta erabakia Euskal Herriaren eskuetan jartzen zuen akordio zabalak euskal gizartean altxatutako harresi ugari botako zituen.
Testuinguru politiko horretan, itunaren lehen formulazio publikoak, irudiak berak, goitik behera aldatu zuen garaiko eszena politikoa. Zenbait oinarri jartzen zituen, euskal gatazka politikoaren jatorriaren formulaziotik hasita; «Jatorri eta izaera politikoko gatazka historiko» gisa deskribatuz eta horren neurrirako soluziobide politiko bat aldarrikatuz.
Horrekin batera, jarraitu beharreko bidea zehazten zuen itunak, betorik gabe euskal gizartearen parte hartzea behar zuen elkarrizketa eta negoziazio prozesua planteatuz.
'Euskadi Informacion'-en azalean, Belfasten jada Britaniar Armadako soldadurik ez zegoela zioen informazio gune txiki batek. Haren gainean, bost zutabetara emandako albistean, «Euskal Herriak hitza eta erabakia eskatzen du» zioen lerroburu nagusiak, bakearen bidea marrazten zuen akordioak zuen izaera historikoa nabarmenduz.
Izan ere, zenbait baldintza zehazten zituen. Inplikatutako eragileekiko bazterketarik gabeko negoziazioa aldarrikatzen zuen, euskal gizartearen esku hartzea izan behar zuena eta aniztasun politikoa errespetatu behar zuena; proiektu guztiak lortzeko baldintza berdinetan garatu behar zen elkarrizketa, eszenatokia defendatuz.
Lehen adierazpenen artean, itunak irekitzen zituen «aukera berriak eta itxaropen handiak» azpimarratu zituen Jose Elorrieta ELA sindikatuko idazkari nagusiak, zehaztuz prozesuak inongo betorik ez zuela jartzen. Rafael Larreina EAko idazkari nagusiak testuari babesik eskaini ez ziotenetan jarri zuen fokua, erantzukizunez jokatzeko eskatzeko. Ildo beretik, Antton Karrera IUko Gipuzkoako koordinatzaileak PP eta PSOEren teilatuan jarri zuen pilota, prozesuak aurrera egin aldera.
Beste eragile batzuek, Pernando Barrena Mahai Nazionaleko ordezkariak kasu, sinatzaileen ordezkaritza zabala nabarmendu zuten eta gero eta isolatuago agertzen zen irtenbide poliziala aipatu zuten. Unionismoa zen ateak zabalik zituen akordiotik kanpo kokatu zen ardatz politiko bakarra.
Julen Zelarain Amnistiaren aldeko Batzordeetako koordinatzaileak akordioak errepresaliatuentzat suposatzen zuen itxaropenean jarri zuen begirada: «Ondorioak izango ditu errepresaliatuengan, batez ere gatazkaren izaera politikoa onartzen duelako testuak. Horrek, noski, presoen izaera politikoa onartzera eraman behar du». «Gainera, indarkeria ETArekin lotzeko ohitura horretatik aldentzen da, orain indarkeria mota guztiez hitz egiten da», erantsi zuen Zelarainek.
Unionismoaren erreakzio zitala
Akordioak zabaldutako itxaropenak erakunde sinatzaile nagusietako ordezkarien adierazpenetan izan zuen isla. LABeko idazkari nagusia zen Rafa Diez Usabiagaren esanetan, «oso egun inportantea da euskal herritar guztientzat». Gero erantsi zuenez, «hemendik atera den deklarazioak tren berri bat» jarri zuen martxan, «eszenatoki berrira joateko trena, hain zuzen ere. Gatazka honi irtenbide bat ematen saiatu behar gara, eta hori ari gara egiten akordio honen bidez».
Itunaren testu osoa argitaratu zuen 'Euskadi Informacion'-ek, baita sinatzaileen zerrenda eskaini ere. Lehen erreakzioen artean, era berean, alderdi unionistek izan zuten erreakzio zitala jaso zuen kronikak. EAJk hartutako bide berriak hautsak harrotu zituen PPren alderdi unionistaren esanetan, bake proposamenez hitz egiten zuten bitartean ETA bere komandoak berrantolatzen ari baitzen, hiltzen jarraitzeko.
Akordioa ezagutzera eman eta lau egun beranduago, komunikatu zabal batean, bide berriari ongi etorria eman zion eta erabateko eta mugarik gabeko su-etena iragarri zuen erakunde armatuak, agertoki berria independentziaren bidean urrats berriak egiteko «aukera paregabea» izango zela nabarmenduz.
Zabal jorratu da GARAko orrialdeetan Lizarra-Garaziko akordioak izan zuen garrantzia eta proiekzioa, Euskal Herriak bizi zuen egoera bereziki tentsionatu batean itunak sortu zuen itxaropenagatik eta agertoki politikoan unionismoak ezarrita zuen diskurtsoa hausteagatik.
Itunak euskal politikagintzan eragin zuen aldi ilusionagarria garaian EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izan zen Xabier Arzallluzek deskribatu zuen ZAZPIKAri emandako elkarrizketa batean, une politiko hura bere «bizitzako unerik ederrena» bailitzan deskribatuz, Artefaktuak gogora ekarri duenez.