1977/2024 , September 15

Sydneyko 2000ko olinpiar jokoak: horrela jokatu ziren GARAren erredakzioan

Gertakarien oroitzapena eta kazetaritza lana eskutik joan dira azken hamarkadatako memoria ariketa den Artefaktuan, baina gutxiagotan jarri dugu azpimarra erredakzio barruko lanean. Sydneyko 2000. urteko olinpiar jokoetara bidaiatuko dugu hemen, fokua kazetaritza lanaren intrahistorian jarriz, «sekulakoa» izan zen-eta.

2000. urteko irailaren 15ean hasi ziren Sydneyko Olinpiar Jokoak.
2000. urteko irailaren 15ean hasi ziren Sydneyko Olinpiar Jokoak. (Olympic.Org | EUROPA PRESS)

Jokoak irailean izan ziren, gaur bezalako hilaren 15 batean hasi eta urriaren 1era bitarte. Kirol ekitaldiak hasi aurretik, Sydneyko jokoen inguruan gertatzen zen guztiaren berri emateko makineria osoa jarri zuen martxan GARAk, informazioaren ertz ezberdinak jorratuz.

Hasi aurreko egunetan, informazio landua eskaini zuen olinpiar jokoen historia berreskuratuz. Dominak, errekorrak, kirol ezberdinetako protagonistak, azpiegitura olinpikoen ezaugarriak.... Sydneyko egoitza olinpikoaren informazio-argazki zehatz horretan, tokiko natura gunen kontserbazioari oso adi egon ziren jokoak marrazten ziren, esaterako; baina kirol probekin eta horien inguruko giroarekin lotutako beste datu asko landu ziren, eta horrek lantaldearen ahalegin berezia eskatzen zuen.

Izan ere, informazio asko sorrarazten duten olinpiar jokoak bezalako ekitaldi baten aurrean, albiste agentzien bulegoetara mugatzen ez zen lanketa berezi bat ezarri zuen Juan Carlos Elorza Kirolak saileko arduraduna zenak. Horrek lan mardula eskatzen zuen erredakzioan, baina, kirol zaletuetatik harago, irakurlearen gozamenerako orrialde ugari utzi zuen opari.

«Sekziotik eman genuen kirol olinpiko garrantzitsuenen –atletismoa, igeriketa eta gimnasia– eta txirrindularitza edota eskubaloia bezalako besteen berri. Ordutegiak askorako ematen zuen, finalak goizez izaten zirelako. Telebistara konektatuta egoten ginen goizetik gauera 15 egunetan», gogoratu du Miren Saez garaian kirol erredaktorea izan zenak.

Oroitu duenez, «motorrak berotu» nahi zituen Elorzak, «erreportaje onekin, horietako asko berak idatzita». Hortaz, lehiaketa hasi baino hiru egun lehenago hasi ziren orrialde bereziak prestatzen; erreportajeak eta aurretiko testuak eginez». Horren adibide gisa, plaza lortu zuten 34 euskal atletak eta sartzeko atarian geratu zirenak aurkezteko egin zuten lana aipatu du.

Erreportaje eta elkarrizketen ondoan, Graphic News-en infografiak baliatuta, ingelesetik itzulita, hipikatik hasita eta tirora arte, kirol olinpiko guztien inguruko azalpenak argitaratu ziren, bakoitzaren egutegiak, erronkak...

Kronika txikietarako eta beste kirol gutxituetarako France Press agentziara jotzen zuten, informazio laburrak baina bitxiak bidaltzen baitzituen nazioarteko informazio agentziak. Itzultzaile automatikorik existitzen ez zen garai batean, frantsesetik zuzenean itzulpena egin, testua orraztu eta forma ematen zien sekzioko beste kide batek, Imanol Intziartek. «Sekulako egurra» izan omen zen joko haien jarraipen informatiboa.

Saenzek gogoratu duenez, kontuan hartu behar da orduko mugikorrek hitz egiteko baino ez zutela balio, erredakzioetan berria zen Interneten erabilera eta mantso zebilen ordenagailuan. Horrez gain, gaurko eduki kopurutik oso urrun zegoen sarea. Informazio gehiena etxeko uztakoa zen; beraz, berezko kontaktuekin egindakoak edota telebistan zuzeneko emanaldiak ikusita idatzitakoak.

Euskal kirolarien ondoan

«Jokoetan lehiatu behar ziren euskal kirolari guztiak edo ia guztiak elkarrizketatu genituen Sydneyra joan aurretik», nabarmendu du Saenzek. Haietako batzuk GARAko erredakziotik pasatu ziren Australiara bidaiatu aurretik, haien planak kontatzeko.

Protagonista nagusien ondoan, izan ziren «luxuzko kolaboratzaileak» ere, azpimarratu duenez, eta horien artean Marta Redondo arabarrarena aipatu du: «Igeriketan goi-mailako entrenatzailea den Judimendiko kirolaria Sydneyn egon zen, eta lehenengo astean zehar igerilekuan gertatzen zen guztiaren inguruko primerako iruzkin teknikoak egiten zizkigun».

«Gimnasia artistikoaz, adibidez, beste 'krak' batek laguntzen zigun; Iñigo Barrenetxea gimnastak, jokoetan parte hartu zuen Alex Barrenetxea euskal gimnasta bakarraren anaiak Bilbotik idazten zuen», erantsi du.

Hirugarren informatzaile nabarmen bat aipatu du, Diego Garcia azkoitiarra, gizonezko maratoiaren inguruko komentarioa idatzi zuena. «Bartzelonako Olinpiar jokoetan hartu zuen parte proba horretan 1992an, baita Atlantakoetan ere, 1996an. Lehen ordezkoa zen Sydneyko jokoetarako, baina azkenean ez zuen bertan parte hartu. Sei hilabete beranduago hil zen miokardopatia arritmogeniko baten ondorioz».

Sekulako lan taldea osatu zuten, kolaboratzaile handien laguntzarekin, egun oraindik ere eduki eta diseinuaren ikuspuntutik erakargarri egiten diren orrialde sorta memoriarako utzi zuena.