1977/2024 , September 18

Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Nafarroa Oinez 94: Guardia Zibilak besta xehatu arren, «goiti goiti, Bidasoan bideosoan»

1994ko irailaren 18an Guardia Zibilak kolpeka puskatu zuen Berako Nafarroa Oinez. Biharamuneko 'Egin'-en azalean jaso zenez, gas negar-eragileak eta gomazko pilotak jaurti zituzten Labiaga Ikastolaren bestaz gozatzen ari zen jendetzaren kontra; gainera, ehunka pertsona kolpatu eta 50 zauritu zituzten, horietako hiru larri. 30 urte igaro dira, eta beratarrei begiak betetzen zaizkie oraindik egun hura oroitzean.

Ezker-eskuin, Koro Artieda, Joxan Oiz, Helena Santesteban, Iñaki Castillo eta Espe Zelaieta, 1996an inauguratu zuten ikastola berria gibelean dutela. Justu ikastolaren 50. urteurreneko lehen ekitaldia egin duten egunean atera dugu argazkia.
Ezker-eskuin, Koro Artieda, Joxan Oiz, Helena Santesteban, Iñaki Castillo eta Espe Zelaieta, 1996an inauguratu zuten ikastola berria gibelean dutela. Justu ikastolaren 50. urteurreneko lehen ekitaldia egin duten egunean atera dugu argazkia. (Iñigo URIZ | FOKU)

1994ko Berako Nafarroa Oinez mugarri bat izan behar zen: urte osora zabaldu zen jai eredu berri bat, guztiz positiboa, askotariko ekintzaz betetako egun zoragarri bat eta marka guztiak hautsi zituen partaidetza, 80.000 euskaltzale, Labiaga Ikastolaren proiektua bermatzen.

Baina eguna bukatzear zela, eltzetzuen 35 Nissan Patrol azaldu ziren eta bestaz disfrutatzen ari zen jende oldearen kontra gas negar-eragilea eta gomazko pilotak botatzen hasi ziren. Bera borroka eremu bilakatu zen, eta polizien bortizkeriaren aitzinean babeslekurik topatu ezinean gelditu ziren haur, gazte eta helduak. Ehunka lagunek hartu zuten min, eta hiru zauritu larri izan ziren.

Jaiaren antolatzaileak giza ezkutu bezala paratu ziren, eta horri esker lortu zuten erasoaren intentsitatea jaistea eta herriaren irteerak irekitzea.

1994ko irailaren 19ko 'Egin'-en azala.


Bi karga

Iñaki Castillo gurasoa da. 94ko Oinez-i buruz argitaratu ziren prentsa artikuluen bilduma mardul batekin etorri da elkarrizketara. Tarteka irakurraldi bat egiten die semeekin batera.

«Egun hartan txosnen koordinazioan ibili nintzen. Goizean langarra egin zuen, baina gero eguzkia atera zen eta eguna zoragarri zihoan». Egon ziren Guardia Zibilarekin arazo batzuk, baina tamalez hori ez zen berria. Kuartela ibilbidearen barnean zegoen, eta bandera espainol handi bat jarri zuten propio. Goizean, bi patrol zirkuitutik pasatu ziren kontrako norabidean.

16.30 aldera berriz pasatu ziren, sirenak piztuta eta argiekin keinuka, eta istiluak sortu ziren bestan zen jendearekin. Kuarteletik bereizi gabeko karga bati ekin zioten orduan.

«Lasterka joan ginen alkatea, Manuel Iriarte zena, eta antolatzaileak, pegatinak jarrita, bakea eskatzera», kontatu du Castillok. Giza kate bat osatu zuten guardia zibilen eta bestan parte hartzen ari zen jendearen artean, megafonotik lasaitasun mezuak zabaltzen zituzten bitartean.

17.30 aldera barealdia iritsi zela uste izan zuten. 35 patrol Berara bidean ziren, ordea. Eta 19.30ean berriro kargatu zuten, anitzez gogorrago. Alkatea zein ikastolako ordezkariak polizien buruekin negoziatzen saiatzen ziren bitartean, bi giza kate osatu zituzten, bata Legia karrikan, jendea bertatik atera zedin, eta bigarrena Iamotenean. «Katean ginela, pilotakadak jaso genituen. Anitzek mendira jo zuten eskapo».

Esperimentua

Gauean, herritarrak eta antolatzaileak harriak eta kristalak kentzen eta su barrikadak itzaltzen saiatu ziren, armak erakusten zituzten dozenaka guardia zibilen begiradapean. Txosnetatik botilak eta bestako materiala ebasten ere harrapatu zituzten eltzetzuak.

Labiagako kide batzuk, ikastolara bidean, kuartela atzean utzita. (Iñigo URIZ)

Antolatzaileek garbi dute erasoa aurrez antolatua izan zela, esperimentu gisa: «Halako herri ekimen bat xehatzen saiatuko bagina?».

Herritarrek ongi gogoan dute jasandako indarkeria eta pasatutako beldurra. «Amorrua eta desesperazioa» gailentzen zaizkio Castillori. Joxan Oiz bestaren koordinatzaileak, aldiz, «inpotentzia» aipatu du, «hondarra eskuetan desegiten denean bezala, egina genuen zerbait hala desegin zen bat-batean».

Biharamuna

Biharamunean, herritarrak garbitzen eta kalteak konpontzen ibili ziren, burumakur, eta, gainera, egunkari batzuetan gezurrak irakurri behar. 'Abc'-k, adibidez, hala zioen: «ETAren aldeko hiru mila pertsonek Guardia Zibilaren kuartelari egindako erasoak tragedia bat eragin ahal izan zuen».

Juan Cruz Alli Nafarroako lehendakariak nahiz Gobernu espainiarraren ordezkaritzak bat egin zuten Guardia Zibilaren bertsioarekin. Herrian, ordea, ederki ikusi eta sufritu zuten gertatutakoa, eta kolektibo, erakunde eta alderdi politiko ugarik aho batez salatu zuten polizien esku hartzea.

Legalizazioaren alde

Oizek testuingurua jarri die gertaerei: «Egoera arrotz eta zail batean zegoen Labiaga Ikastola, bere homologazioaren eta legalizazioaren aldeko borroka gogor batean». LOGSE legearekin, 14 urtetik 16ra arte luzatu zen oinarrizko ikasketak egiteko derrigortasuna. Labiaga 14 urte bitarteko ikastola zen, eta Nafarroako Hezkuntza Sailak ez zion utzi oinarrizko hezkuntza hori 16 urtera artekoa bihur zedin.

«Penintsulako ikastetxe bakarra zen ikasleak era alegal batean ari zirena eskolak jasotzen. Giro erasokorra sumatzen zen gurekiko, baina elkartasun ikaragarria genuen herrian, bereziki gurasoen aldetik».

Oinez hura eta gero, «makilakadak jasotzen segitu zuen Labiagak. 2010ean, gogorraren gogorrez, oinarrizko hezkuntza DBH2 arte ematea onartu zen».

Izokina

94ko Oinez hark «Bideosoan» lema zuen, derrigorrezko bide osoa Labiagan egin nahi zutela adierazten zuena. Kukuxumusuren izokinaren logoarekin ageri zen lema. Ikur horri eusten diote egun: «Beti ez da segitu behar korrontearen bidea, batzuetan kontra egin behar da».

Negu Gorriak-en kantak zioen bezala, «goiti goiti Bidasoan bideosoan, goiti goiti izokina bezala, goiti goiti Bidasoan bideosoan, goiti goiti euskara Euskal Herrian!».

94ko izokinaren ikurra hagitz ezaguna eta maitatua da herrian. (Iñigo URIZ/FOKU)