1977/2024 , September 26

Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Cartagena de Indias, FARC-EPren eta Gobernuaren arteko bake ametsaren argazkia

2016ko irailaren 26an, FARC-EP gerrillak eta Juan Manuel Santosen Gobernuak bakea sinatu zuten lau urteko negoziazioen ostean. 2012ko urriaren 17an Oslon negoziazio mahaia osatu ondoren, elkarrizketak Habanan izan ziren, Norvegia eta Kuba bermatzaile gisa zeudelarik. Akordioaren sinadura, berriz, Cartagena de Indias-en izan zen, Kolonbian.

Bake Akordioaren sinadura, 2016ko irailaren 26an Cartagena de Indias-en.
Bake Akordioaren sinadura, 2016ko irailaren 26an Cartagena de Indias-en. (TXILEKO GOBERNUA)

«Lortzea posible izan da!», oihukatu zuten egun horretan. Munduko begi guztiak, ia gehienak behintzat, Kolonbiako Karibe kostaldean kokatuta dagoen hiri turistikoan ipinita zeuden. 15 estatu buru, Latinoamerikakoak hein handi batean; Kanpo Arazoetarako 27 ministro eta nazioarte mailako hamabi erakundetako presidente, tartean garaiko Nazio Batuetako idazkari orokorra zen Ban Ki-Moon, sinadura historiko horren lekuko izan ziren. Orotara 2.500 gonbidatu baino gehiago egon ziren.

FARC-EP gerrillaren izenean Timoleon Jimenez 'Timochenko'-k –Rodrigo Londoño Echeverryk– eta Gobernuaren aldetik Juan Manuel Santos presidenteak sinatu zuten 297 orrialde zituen lehenengo dokumentu hura. Ez zuten edonolako boligrafoa erabili. Metrailadore baten bala batekin egindako boligrafo bat erabili zuten; «baligrafo» hori prozesuaren sinbolo bilakatu zen.

Kolore zuria nagusitu zen ekitaldian. Lau urte horietako une garrantzitsuenetan, agendako puntu bakoitzaren inguruan akordio bat sinatzen zutenean, esaterako, kolore zuriko alkandorak eta jakak janzten zituzten negoziatzaileek. Cartagenan ere hala izan zen.

Nola ez, bake prozesu batean egonda, bi aldeek zenbait aldarrikapenetan amore eman behar izan zuten. Hala ere, Cartagenan Timochenkok berak nabarmendu zuenez, «Kolonbiak bake akordio hobe bat merezi zuen –agian borondate pixka bat gehiagorekin lortuko genukeen–, baina sinatzen dugun hau argi esperantza bat da, gure seme-alaben etorkizunerako izugarrizko garrantzia izango duen hitzarmena da».

Ildo berean mintzatu zen Santos. «Bake-itun oro akastuna da, alderdiek kontzesioak egin behar dituzten ituna baita. Baina badakigu lortu dugun hori dela ahalik eta onena», adierazi zuen. Nahiz eta hil arteko etsaiak izan, biek ala biek solaskide baliozkotzat hartu zuten elkar.

Adierazpen baikor horiek guztiak, ordea, ezerezean gelditu ziren egun gutxitara. Urriaren 2an, Habanako bake akordioa berresteko Santosek deitu zuen plebiszituan galdu egin zen. Ezezkoak %50,23 lortu zuen (6.424.385 boto) eta baiezkoak %49,76 (6.363.989). Parte hartzea ere oso eskasa izan zen, %37,41. Abstentzioa, berriz, %62,59 izan zen.

Ezezkoak irabazi izanak dena hankaz gora ipini zuen. Cartagenako argazki historiko hura airean gelditu zen. Eta plebiszituaren ondoren, zer? Santosek berak aitortu zuen ez zutela «plan B»-rik. BBC Mundu katearekin eginiko elkarrizketa batean adierazi zuenez, baiezkoak irabaziko zuela uste zuen zalantzarik gabe, «ezezko»-an ez zuela pentsatzen nabarmendu zuen.

Galdeketa egitea bere apustu pertsonala izan zen, FARC-EP bake prozesuaren hasieratik plebiszitu bat egitearen kontra azaldu zen, gatazkari amaiera emateko akordioa biltzar konstituziogile baten bitartez berrestea eskatu zuen. Horretan, baina, amore eman behar izan zuen gerrillak.

Sortutako krisiari aurre egiteko, negoziatzaileak Kubara itzuli ziren. Santosek partidu politikoak deitu zituen. Alvaro Uribe presidente ohiaren Centro Democratico ez zen joan. Nahiz eta bere agintaldian FARC-EP-rekin, ELN-rekin eta paramilitarrekin ere hitz egin zuen, Uribek Habanako prozesua gogor gaitzetsi zuen.

Gerrillak bide politiko hutsen alde egindako apustua berretsi zuen, eta «biziki deitoratu zuen gorrotoa eta herra ereiten dutenen botere suntsitzaileak Kolonbiako iritzi publikoan eragina izan izana».

«Emaitza horrekin, badakigu mugimendu politiko gisa dugun erronka are handiagoa dela eta indartsuagoak izan behar dugula bake egonkor eta iraunkorra eraikitzeko. FARCek bake-borondateari eusten dio, eta hitza etorkizunerako eraikuntza-arma gisa erabiltzeko prest dagoela berretsi du», plazaratu zuen Timochenkok.

Nazioarteko komunitatean, Norvegiako Gobernuak ezezkoak irabazi izana deitoratu zuen eta herrialdearen polarizazioari egotzi zion. Bakearen aldeko bideari eusteko eskatu zien aldeei Ban Ki-moonek.

Cartagenan irailaren 26an sinatutako akordioari aldaketak egin ostean, azaroaren 24an, Bogotan, Colon antzokian, behin betiko bake akordioa sinatu zuten Santosek eta gerrillak. Zeremonia askoz ere soilagoa izan zen, Cartagena de Indiasekoak izan zuen handitasunarekin alderatuta.

Zortzi urte beranduago, lehen aldiz, ezkerra dago boterean Kolonbian. Nabarmentzekoa da Gustavo Petro M-19 gerrillaren kide izan zela eta gaur egun bere politikaren erdigunean «bake osoa» lortzea dagoela. Erronka itzela, kontuan hartuta Habanako bake akordioa sinatu zutenen artean batzuek armak hartu zituztela berriro, Estatuak hartutako konpromisoak ez zituelako bete. Horien artean, Habanan gerrillaren negoziatzaile burua izandako Ivan Markez. Une honetan, gainera, ELNrekin hasitako bake elkarrizketak geldituta daude.

Horrez gain, segurtasun gabeziak bere horretan jarraitzen du. Aurten bakea sinatu zuten 21 gerrillari ohi eta 117 lider sozial hil dituzte Kolonbian.

«Habanak Kolonbiarentzat errealitate berri bat amestea suposatu zuen niretzat. Bake kontinente bat eraikitzean zetzan ametsa izan zen. Hori da Habanako prozesuaren metafora», aitortu zuen 2020ko otsailean Bilbon GARArekin eginiko elkarrizketan Pastor Alapek, gerrillaren Idazkaritzan egondako komandante eta negoziatzaile ohiak.