1977/2024 , October 4

Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Euskalgintzarentzat galera: Martin Ugalde kazetari, idazle eta abertzale sutsua zendu da

Gaurko egunez duela 20 urte hil zen Martin Ugalde. Ez dago bere izaera esaldi bakar batean biltzeko modurik. Kazetaria, idazlea, euskal kulturaren eragilea... Andoainen jaioa, 36ko gerra ondoren Caracasera joan zen bizitzera. 1970eko hamarkadan itzuli zen eta 'Euskaldunon Egunkaria'-ren sorreran parte hartu zuen, besteak beste.

Martin Ugalde, bere izena duen Andoaingo parkearen inaugurazioan.
Martin Ugalde, bere izena duen Andoaingo parkearen inaugurazioan. (Juan Carlos RUIZ)

«Euskal Herriak gerra ondoan izan duen kultur eragile nagusietako bat galdu da». Titular horrekin eman zuen GARAk Martin Ugalderen heriotzaren berri 2004ko urriaren 5eko egunkarian. Egun bat lehenago hil zen, 83 urte betetzeko hilabete bat falta zitzaionean. Gizon multifazetikoa izan zen arren, ezagutu zuten guztiek bat egiten dute Euskal Herriarekiko zuen leialtasuna azpimarratzean.

Azala eta zazpi orrialde eskaini zizkion GARAk Ugalderen bizitza gogoratzeari eta balioan jartzeari: biografia, analisiak, politikarien adierazpenak, omenaldien informazioa… Eta komentarioen artean Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi', Inaxio Mujika Iraola eta Joxerra Zabala idazleenak nabarmendu ziren, hirurek Ugalderen lana goraipatu zutelarik.

 

GARAko Kultura sailaren lehen orrialdea 2004ko urriaren 5ean.

Andoainen sortu zen 1921eko azaroaren 11n. Mojekin, herriko eskolan eta La Salletarren ikastetxean egin zituen lehen ikasketak. Hirugarren horretan literaturarako zaletasuna piztu zitzaion. Aita Andoaingo EAJko zinegotzi izan zen Errepublika garaian; gerrak markatu zuen, ordea, bere familiaren bizitza.

Gerra eta erbestea

Joan Mari Torrealdaik bere 'Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena' liburuan kontatzen duenez, aita azkenera arte egon zen gerran, hots, Katalunia erori arte. Martin eta ama Mundakara lehenengo eta gero Bilbora joan ziren bizitzera, eta 1937ko uztailean Estatu frantsesera alde egin zuten. Donibane Garazin eta Donibane Lohizunen egon zen bizitzen, eta tartean, alemanak Estatu frantsesean nagusitu zirelarik, Gurseko kontzentrazio esparruan sartu zuten hilabete batez. Hiru urtez erbestean egon ondoren, Andoainera itzuli zen, eta 1942an soldaduska hasi behar izan zuen Marokon. 1948an, amarekin batera, Venezuelarako itsasontzi bat hartu zuen bertan aita eta anaiarekin biltzeko.

Caracasen zegoela, EAJn afiliatu zen eta handik gutxira alderdiaren Hego Amerikako batzordeko lehendakaritza hartu zuen. Nazionalitate venezuelarra hartuta, Kazetaritzan hasi zen eta 'Elite', 'Nosotros' edo 'El Farol' aldizkarietako erredakzio buru izan zen. 1957an 'Los vascos en Venezuela' idatzi zuen. Izan ere, Venezuelan liburu asko argitaratu zituen eta sari asko irabazi zituen. Aldi berean, Creole Petroleum Corporationen egin zuen lan.

Euskal Herrira itzultzea

1969. urtean Venezuela utzi eta Euskal Herrira itzuli zen. Berehala, 'Zeruko Argia'-ko taldean sartu zen eta Euskaltzaindiko bileretan parte hartzen hasi zen urgazle gisa. Euskara batuaren aldeko apustua egin zuen. 1972an, Jesus Maria Leizaola lehendakari zela, Eusko Jaurlaritzako kontseilari izendatu zuten, baina urte bat geroago Poliziak Estatu espainoletik kanpo bidali zuen.

Donibane Lohizunen hartu zuten egoitza Martinek eta bere familiak. Hiru urte Ipar Euskal Herrian igaro ondoren, 1976an Hondarribian finkatu zen, eta urte bat geroago 'Deia' egunkariko zuzendariorde izendatu zuten. Lakuako Euskararen Sustapenerako arduradun izan zen gero, Carlos Garaikoetxearen Gobernuan. Gobernuko lanak utzita, idazteari ekin zion Ugaldek. Artikuluak eta liburuak idatzi zituen hainbat arlo landuz, 'Erritar' goitizena erabiliz.

'Euskaldunon Egunkaria' hasieratik bultzatu zuen, Joxemi Zumalabek proiektua aurkeztu zion une beretik, eta egunkari horretako ohorezko lehendakaria izan zen hil arte. Egunkaria itxi zutenean, Juan del Olmo epaileak banku kontuak izoztu egin zizkion, ETAko kide edo laguntzaile izatearen akusaziopean.

1999an EHUko honoris causa doktore izendatu zuten. Eta 2002. urteko Euskaldun Unibertsala aukeratu zuten. 2004ko otsailean, Ibarretxe lehendakaria Hondarribiko etxera joan zen Lan Onari saria eskuan ematera.

1999an EHUko honoris causa doktore izendatu zuten Martin Ugalde. (Juan Carlos RUIZ)

Martin Ugalderen izaeraren eta bizitzaren atal nagusi bi nabarmentzekotan, kazetari gisa egin zuen lana eta literaturan egin zuena aipatu behar dira.

Hil zen egun hartan, arratsaldean, lehen omenaldia egin zitzaion Ugalderi, bi urte lehenago bere izena jarri zioten Andoaingo kultur parkean. Euskalgintzako ordezkariak eta alderdi nahiz sindikatu abertzaleetako ordezkariak bildu ziren. Horren berri eman zuen GARAk hurrengo eguneko egunkarian.

«Gure hizkuntza goraka doala ikusiz bizi izan ditu azken urteak. Euskal Herria bide onetik doala ikusiz, pozik joan da gure aita», esan zuen Unai Ugalde semeak hiletan.