Bere sorreratik euskal artista ezagun ugari ondo-ondoan izan ditu GARAk, eta beren hondar aletxoa jarri nahi izan zuten 2019. urtean ere, espoliazioaren berri izan ostean eta hedabide hauen deiadarrari erantzunez. Zenbait musikarik egin zutenaren antzera (Illunbeko kontzertu hura osatuz), aurrerapausoa eman zuten. ARTEA GARA ekimenak bultzada handia eman zuen arazo hau gaindi zedin.
Urriaren 10 hartan Donostian erakusketa zabaldu zuten denek batera, goi mailako bilduma eratuz. Iñaki Soto zuzendariak esker ona adierazi zien eta gustura aritu ziren elkarrekin solasean Zurriolako egoitzan. «Guk ere gizartearekiko erantzukizuna dugu», nabarmendu zuten Naiz Irratian.
Hitzordu hori, argazki hori, ezin izango da berriz errepikatu, tamalez. Jose Luis Zumeta 2020an hil zen (honela gogoratu dugu Artefaktu honetan); Jose Antonio Sistiaga ere zendu zen, iaz; eta Koldobika Jauregik pasa den maiatzean eman zuen azken hatsa.
Erakusketarekin batera, zortzi artistok serigrafia bana sortu zuten, hedabide hauei salmentaren bidez diru-sarrerak emateko asmoz: Jose Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta, Jesus Mari Lazkano, Dora Salazar, Gonzalo Etxebarria, Juan Gorriti, Koldobika Jauregi eta Irantzu Lekue.
Aurretik, lehen urrats gisa, bederatzi artistak kalitate handiko artelanak eskaini zizkieten GARAko irakurleei, lamina formatuan, 2019ko maiatzean. Belaunaldi, diziplina eta estilo ezberdinetakoak ziren, kausa honen alde baturik: Gonzalo Etxebarria, Juan Gorriti, Koldobika Jauregi, Irantzu Lekue, Jesus Mari Lazkano, Dora Salazar, Jose Antonio Sistiaga, Ainize Txopitea eta Jose Luis Zumeta. Igande horretako GARAn jaso zituzten erosleek, 25 euroren truke.