Mitxelena soziolinguista
Wikipediak aipatzen duenez, hauek izan ziren Koldo Mitxelenaren jarduerak: hizkuntzalaria, idazlea, filologoa eta unibertsitateko irakaslea. Berari buruzko testuan nabarmentzen da Euskara Batuaren sortze prozesuan eragile nagusietako bat izan zela, euskararen ikertzailea... baina ez da ekarpen soziolinguistikorik aipatzen. Wikipedian bertan Mitxelena ez da agertzen euskal soziolinguista ezagunen zerrendan.
Mitxelenak hizkuntzalaritzan eta filologian egindako lan erraldoiak itzalean utzi ditu soziolinguistikan egindako ekarpenak. Bere lanetan, alor hau, teorikoki baino areago, modu praktikoan garatu zuen, soziolinguistika aplikatua esan izan duguna, azken batean.
Nire ustez, nabarmentzekoa da Mitxelenaren hizkuntzalaritza lan guztien eta hartu zituen erabaki linguistiko nagusien oinarrian ikuspegi soziolinguistiko sendo bat zegoela. Mitxelenak oso argi zuen euskararen biziberritzeak estatusaren alorrean bideratu beharreko normalizazio prozesuak eta gure hizkuntza-komunitatearen barne-kohesioak ezinbestean corpus modernizatu eta estandarizatua behar zutela. «Batasuna eginik ere, gal daiteke; batasunik gabe, galdua dago aldez aurretik», zioen «Pro domo» artikuluan, 'Egan'-en, 1970ean.
Mitxelenak oso ondo ulertu zuen zer zegoen jokoan
Ikuspegi soziolinguistiko gaurkotu baten gabeziak eragin zuen neurri handi batean batuaren inguruko eztabaida. Mitxelenak oso ondo ulertu zuen zer zegoen jokoan. Militantea izanik, inguru jeltzalean batuaren aurka oso indartsuak ziren bestelako joera ideologikoen aurrean posizio hori gidatu, defendatu eta aurrera atera izanak modernizazioaren bidea zabaldu zion euskarari.
Euskararen erabilera, hizkuntzaren garapen sozio-funtzionala, euskararen bilakaera historikoa edo etorkizuneko ikuspegia maiz azaltzen dira Mitxelenaren hausnarketa, artikulu eta elkarrizketetan. «Hobe genuke euskarak maitasun gutxixeago eta begiramen gehixeago jasoko balu gugandik» zioen jada 1960an 'Egan'-en.
Euskal soziolinguistikaren historia ezin da ulertu Koldo Mitxelenaren lan hauek aintzat hartu gabe: 1968ko 'Ortografia txostena', 1978ko 'Euskararen Liburu Zuria'-n idatzitako «Euskararen bide luze bezain malkarrak» artikulua, non agertzen den «egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria» esaldi famatua; 1983an Eusko Ikaskuntzaren IX. Kongresuan aurkeztu zuen 'Euskara eta euskararekiko ikerlanak', Jose Mª Sanchez Carrion 'Txepetx'-en liburuei buruz idatzitakoak ('Un futuro para nuestro pasado' liburuaren oinarri izan zen doktore-tesiaren zuzendaria izan zen), artikulu batzuetan jasota dauden 'Txillardegi'-rekin gai hauen inguruan izan zituen eztabaidak, etab.
Mitxelenaren alderdi hau, eta beste asko, ezagutzeko, aukera ederra eskaintzen du Anjel Lertxundik apailatutako 'Mitxelena gure artean' liburuak.