1977/2024 , October 12

Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Independentziaren aldeko manifestazio handiena, Europako mapa aldatzen ari zen unean

«Sortzen ari den Europa berrian Euskal Herriaren izena ere sartu behar da». Mezu honen atzean, eta Espainiako Konstituzioa urratuz, independentziaren alde inoiz egin den manifestazio handiena burutu zen 1991ko urriaren 12an Bilbon. Oso testuinguru berezian...

Estatu berrien izenek eta independentzia urteek ilara luzea osatu zuten mobilizazioan, munduko mapa politikoa etengabe aldatzen ari zenaren seinale.
Estatu berrien izenek eta independentzia urteek ilara luzea osatu zuten mobilizazioan, munduko mapa politikoa etengabe aldatzen ari zenaren seinale. (Luis Jauregialtzo | EGIN)

Euskal Herriaren memorian iltzaturik gelditu zen irudia, Hispanitatearen Egunaren eguerdi hartan, Espainiako Konstituzioaren bigarren artikuluarena izan zen. Hamahiru urte lehenagotik ezarria zegoen: «Espainiar batasuna zaintzea Armadaren esku gelditzen da». Burujabetza nahi duten herrien aurkako mehatxua, alegia. Bada, Bilboko Casillan espaloi batetik bestera zintzilikatutako orrialde erraldoi hori urratu zuten milaka eta milaka lagunek, sinbolikoki, agindu hori ez zutela onartzen garbi utziz.

2. artikulua ez zen hamarka mila manifestarientzako oztopo izan. (Luis JAUREGIALTZO | EGIN)

Honela abiatu zen garai hartan «independentziaren aldeko manifestazio handiena» gisa aurkeztu zena, eta segur aski geroztik, jende kopuru aldetik behintzat, aldarri horrekin gainditu ez dena. Izan ere, pankarta Udaletxera iritsi zen unean oraindik milaka lagun zeuden Casillan, aurrera egin ezinean, baina giro goxoan, Nafarroako jotariez eta Bizkaiko trikitilarien doinuez gozatzen.

Nolatan arrakasta hori? Testuinguruari erreparatu behar zaio. Europako mapa nabarmen aldatzen ari zen, Jugoslavia eta Sobietar Batasuna zirenen desegitetik abiatuta. Patxi Zabaletak bere interbentzioan aipatu zuenez, ordurako Estonia, Lituania, Letonia, Eslovenia eta Kroazia Estatu berriak ziren, eta beste batzuk etorriko ziren ondoren (Bielorrusia, Mazedonia, Moldavia, Ukraina, Bosnia, Montenegro, Serbia eta Kosovo). Alemania berriro batzen ari zen eta Txekoslovakia zena, aldiz, bitan banatzen. Prozesu hauetako batzuk odoltsuak izan ziren; beste batzuk, ordea, akordio bidez garatu ziren, era baketsuan.

Olatu hori indarrez heldu zen Euskal Herrira, bi adierazgarri nagusi utziz: Gasteizko Legebiltzarrean autodeterminazioaren inguruan izandako eztabaida, gaur arte mugarri bat jarri zuena, eta udaletxe askotan onartutako independentziaren aldeko mozioak.

Europako mapan beste izar berri bat jartzea aldarrikatzen zuen: Euskal Herriarena. «Herrien Europa» indar handia hartu zuen kontzeptua bilakatu zen.

Herritar batasuna, abertzale batasuna, lurralde batasuna

Baina hel diezaiogun berriz mobilizazio ikaragarri haren hariari. 1978ko Konstituzioaren urraketarena ez baitzen izan eguerdi hartako irudi ikoniko bakarra. Ordura arte Estatu berri bilakatuak ziren azken nazioen izenak zekartzaten kartelak lerrokatu ziren, bakoitza bere independentziaren lorpenaren urtearekin: 1956 Tunisia, 1960 Zipre, 1974 Granada, 1975 Papua Ginea Berria, 1979 Santa Luzia... Ilara luzea osatu zuten. Mezua, garbia: nork esan lezake munduko mapa aldaezina zela?

Euskal Herriko deialdira askatasun gosez ziren herri askotako ordezkariak hurbildu ziren: Kataluniatik, Korsikatik, Irlandatik, Guadalupetik, Kanariar Uharteetatik, Flandriatik... Herri indigenen aldarrikapenak batu zitzaizkien: Ekuadorreko ordezkaritza izan zen Bilbon. Txundituta agertu ziren, jende uholdea ikusita.

Beren izaera erakusteaz gain, ikasteko aukera izan zuten. Batetik, EAJko zein EAko kideek ere parte hartu zutelako; Herri Batasunak egin zuen deialdia, baina ezker abertzaleko mugak gainditu zituen azkenean.

EErekin batera, autodeterminazioaren aldeko ebazpena onartua zuten bi alderdiok Gasteizko Legebiltzarrean hilabete batzuk lehenago: HBk ere zenbait punturen alde egin nahi zuen, baina aukera hori errefusatu zuten EAJk, EAk eta EEk. Edozein kasutan, eta hitzez besterik ez bazen ere, euskal ordezkaritzaren gehiengoa autodeterminazioaren alde zegoela frogatuta gelditu zen. Abertzaleak ez ziren baturik agertu Legebiltzarrean, bai, ordea, Bilboko kaleetan.

Autonomia kalea lepo, eta aldarri nagusia: «Independentzia». (Luis JAUREGIALTZO I EGIN)

Bestetik, lurralde batasuna goraipatzeko balioa ere izan zuen ekimenak, hasi eta buka. Irteera puntuan Nafarroako Gorteen Ereserkia jo zuten gaiteroek, mobilizazioari hasiera emanez. Amaieran, Txomin Arranbidek hartu zuen hitza Patxi Zabaleta mintzatu aurretik: Urepeleko auzapeza izan zen, eta Nafarroako Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan HBko hautagaia ere bai. Muga guztien gainetik Euskal Herria «herri bakarra» zela adierazi zuen Arranbidek.

Polizia kontrolak Guardia Zibilaren egunean

Hitzordu historiko hartako detaile gehiago emanez, aipatzekoa da lehenengo lerroetan independentziaren aldeko mozioak onartu zituzten udalerrietako alkateak elkarrekin ibili zirela, Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' eta HBko eurodiputatua zen Karmelo Landarekin batera; bai eta jada hilik ziren Telesforo Monzon, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren bikotekideak ere.

EGINeko azala, hurrengo egunean.

Bilbora iristeko trabak jarri zituen Guardia Zibilak, bere urriaren 12ko ospakizunean buru-belarri arituz: Zarautzen eta Ziordian kontrol handiak ezarri zituen, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herritik zein Nafarroatik zihoazenak identifikatzeko. Eta 12.30ean abiatu zen manifestazioak soinu banda desatsegina izan zuen: poliziaren helikopteroarena, une oro manifestarien gainetik ibili baitzen, dena grabatzen.

Bigarren olatua eta inkestak

Europa mailako lehenengo olatu independentista handi haren ostean bigarren bat altxatu zen bi hamarkada beranduago, erreferentzia nagusiak 2014ko Eskoziako galdeketa eta 2017ko Kataluniako erreferenduma izan zirelarik. Fase honetan, independentzia baino, erabakitzeko eskubidea izan da funtsezko aldarrikapenaren gakoa Euskal Herrian, eta Gure Esku Dagok 2014an eginiko giza katea aldarri horren adierazpen nagusia beharbada.

Independentziaren aldekotasuna neurtzeko bidea inkestak izan daitezke, beren muga eta zalantza guztiekin. Azterketa ofizialetan zertxobait beherantz doala nabarmendu ohi da, 1995eko Euskobarometrotik hasita gaur arte. Aurkeztu berri den azken Naziometroak, ordea, ondorio errealistagoa eman du: seigarren neurketan Euskal Estatuaren aldekotasuna kontrakotasunaren gainetik kokatzen da (%35 versus %28), betiere lege bidez onartutako eta adostutako erreferendum baten bidez galdetzen bada.